Nekane Sustatxa, saiakuntza klinikoen monitorea: â

Aikor aldizkaria 2011ko urr. 21a, 10:21
t: Gaizka Eguskiza
Nekane Sustatxak Farmazia ikasi zuen Gasteizen, baina ez zuen botikaria izan nahi. Beraz, lana utzi, eta Madrilera joan zen master bat ikastera. Abenduan itzuliko da etxera, eta gazte loiuztarrak bere esperientziaren berri eman digu. Hamazortzi urte zituela, Nekanek maleta hartu, eta kanpora joan zen bizitzera lehendabiziko aldiz: Loiutik Gasteizera. Orain, 25 urte ditu, eta Madrilen bizi da. Tarte horretan, karrera ikasi du Araban, eta masterra, Madrilen. “Farmazia batean hasi nintzen lanean, baina aldaketa behar nuen. Ez nuen bizitza osoa bertan eman nahi, eta ez nekien zer egin. Orduan agertu zen Madrilen masterra egiteko aukera, eta hara joan nintzen. Eta ez naiz damutzen”. “Masterra egin eta gero, enpresa batek hartu ninduen, hasieran bekadun, eta ondoren langile. CRA (clinical research associate), hau da, saiakuntza klinikoen monitore egiten dut lan, eta saio klinikoak egiten ditut. Laburbildurik, ikuskatzen dut nolako eragina duten botikek pazienteengan. Lanak nire denbora guztia hartzen du, eta batzuetan 19:00etan lana etetera behartu behar izaten dut neure burua”. Hala ere, pozik dabil Nekane. “Urtebete barru ez dakit zelan ibiliko naizen, baina oraingoz gustura nabil.” Nekaneri gustatzen zaio Estatuko hiriburua. “Kultura arloan, eskaintza zabala dago. Gainera, hiri erdian bizi naiz, eta oso gertu daukat El Retiro parkea, eta askotan hara joaten naiz ibiltzera, eguzkia hartzera edo, besterik gabe, erlaxatzera. Eguraldia oso ona da, eta uda, oso luzea”. Bestalde, jende asko eta interesgarria ezagutu du Nekanek Madrilen. “Gehienak ez dira hemengoak, kanpotarrak baizik, baina oso jatorrak dira”. Hiriko trafikoa da gutxien gustatzen zaiona, “horrek estresa ekartzen diolako”. Itzulera Loiura Hiri handiak desatseginak dira kanpotik etorri berri direnentzat. Nekane, ordea, pozik bizi da bertan. Dena dela, laster aldatuko da haren egoera, Euskal Herrira itzultzekoa baita abenduan. Enpresak hona ekarriko du, Estatuko iparraldean lan egiteko, “Euskal Herrian eta Kantabrian” batez ere. “Madrilera joan nintzenean, ez nekien zer gertutako zen. Pentsatzen nuen Euskal Herrira itzuliko nintzela noizbait, baina ez nuen espero hori hain arin gertatzerik. Dena dela, pozik nago itzulerarekin”. Madrilen eman duen urte honetan, Nekanek “gurasoak eta familia” bota ditu faltan gehien. Ez da harritzekoa, “amazulotzat” jotzen duelako bere burua. Hala ere, aitortu digunez, “zail” egingo zaio gurasoen etxera bizitzera itzultzea. “Madril nire bizitzako etapa bat izan da. Gauza asko ikasi ditut han, baina laster bukatuko da, eta aurrera jarraitu behar dut. Etxekoak nire zain egongo dira, eta pozik ibiliko naiz Loiun. Ezin naiz kexatu. Egia esateko, ez dakit zer gertatuko den etorkizunean. Lanean eskarmentua hartzea da oraindik nire helburua, eta gero, gerokoak”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).