Ramon Agirre, aktorea: “Nahiago dut euskaraz lan

Aikor aldizkaria 2011ko aza. 16a, 13:04
Aurpegi ezaguna da Ramón Agirre aktorearena. Izan ere, hainbat aldiz ikusi dugu telebistan, zinean edo antzokian. Azken aldia Zamudiotorren izan zen, Inazio Tolosarekin batera egiten duen Xentimorik gabe ikuskizunean. Lagatzu Euskera Alkarteak antolatu zuen saioa. Zer da Xentimorik gabe? Zamudiotorrera ekarri dugun ikuskizuna. Protagonistak artista bi dira, eta euren ibilbidearen berri ematen dugu antzezlanean. Fikziozko pertsonaiak dira, eta munduan zehar ibili dira hogei urtean. Jende ezagunarekin batera ibili dira, denetarik egin behar izan dute... Arrakasta zein porrota ezagutu dituzte. Nahaste-borraste itzela kontatu eta kantatzen dugu. Oso gustura ibili ginen, eta Zamudiotorre oso leku polita eta aproposa iruditu zitzaigun, saioa aurkezteko. Hizkuntzak nahastu dituzue, baina batez ere euskaraz egin duzue ikuskizuna. Zergatik euskaraz? Egia da. Hizkuntza batzuk erabili ditugu ikuskizunean, hizkuntza batetik bestera salto egitea gustatzen zaigulako. Baina Inazio Tolosa eta biok euskaldunak gara, eta guretzat naturala da euskaraz egitea. Eta nik, oro har, nahiago dut euskaraz lan egin. Euskaraz egiten dudanean, zerbait gehiago egiten nabilela uste dut, eremu berriak aurkitzen nabilela. Aitzindari sentitzen naiz. Aktore askok eta askok egiten dute lan gazteleraz; euskaraz, ordea, askoz gutxiagok, eta gustatzen zait erreferentziak eta hitz-joko berriak asmatzea. Musikak presentzia nabarmena izan du zure ibilbidean. Zelan moldatzen zara? Umea nintzela, solfeoa eta gitarra jotzen ikasi nuen. Ez naiz lehen mailako musikaria, baina gustatu egiten zait: musika, kantua, gitarra... Ez dut bitan pentsatzen aukera sortzen denean. Beste alde batetik, eszenatokian giroak sortzeko ahalmena du musikak. Askotan, musika hitzak baino indartsuagoa da. Hainbat film, hainbat telesaio.... Zein da gehien gogoratzen duzuna? Eta aktore edo zuzendariren bat aipatuko zenuke? Oso zaila da bakar bat aipatzea, baina agian Kaukasiar kreazko borobila lana esango nuke. 2007an, Miarritzeko Théâtre des Chimèresek eta Pok-ek elkarlanean ekoiztutako lana izan zen, Bertolt Brechten obra batean oinarrituta zegoena. Antzerki gordina, oso indartsua, inoiz egin dudan ederrena.... Oso saio gutxi eskaini genituen, baina ikusi duenak gogoan du oraindik. Aktoreei dagokienez, oso profesional on eta famatuekin batera aritu naiz, baina horretarako ez dago oso urrutira joan beharrik. Orain, Goenkale telesaioan nabil lanean, eta hangoak primerakoak dira, esate baterako. Aupa Etxebeste! filmeko protagonistetako bat izan zinen. Bidea ireki zuen film horrek pelikula euskaldunak zinean estreinatzeko? Ez dakit bidea oraindik ere zabalik dagoen. Filma egitea abentura handia da, eta euskaraz egitea, are gehiago. Aupa Etxebeste! filma txukun atera zen eta lagungarria izan zen. Baina pauso bat baino ez zen izan. Bidean gaude, eta oraindik lan handia dugu egiteko. Baduzue aktoreok Euskal Herrian bizirauteko aukerarik, edo Madrilera joan behar duzue derrigorrez? Madril beste lan-aukera bat da, oso handia, ekoizpen asko egiten direlako bertan. Baina bakoitzak erabaki behar du zer egin. Goenkale saioan hartzen duzu parte. Noiz arte emango dute telesaioa? Zertan datza haren arrakasta? Ez dakit. Aurten ere osasuntsu dabil, ikusleek telesaioa ikusten jarraitzen dutelako. Auskalo etorkizunean zer gertutako den: krisia, politika, nolako telebista mota egin nahi duten agintariek.... Badira baldintza asko. Arrakasta ez da ustekabe handia, Euskal Telebistak Goenkale bezalako produktu bakarra ematen duelako. Eta euskal ikusleei, beste herrietakoei gertatzen zaien moduan, foiletoak gustatzen zaizkie. Ramón Agirre –Jaioterria: Donostia, 1954an. –Telesaioak: Goenkale, Mi querido Klikowsky, Médico de familia, Periodistas, Hospital Central, Cuéntame, El comisario... –Filmak: Las trece rosas, Aupa Etxebeste!, XXL, 27 ordu... –Lankideak: Federico Luppi, Juan Antonio Bardem, Manuel Gutierrez Aragón, Antonio Mercero, Ramón Barea, Jose Coronado, Imanol Arias...

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).