Urriaren 7an Ada Lovelace-ren Eguna ospatu zen. Ada Lord Byron poetaren alaba izan zen, baina ospakizuna ez dago ahaidetasun horri lotuta, Adaren jarduerari baino. Londresen jaio zen 1815. urtean, eta Historiako lehen programatzailetzat hartzen da. Izan ere, bera izan zen programazio-hizkuntza batean idatzi zuen lehenengo pertsona. Beraz, programazio informatikoaren ama dugu gaur egun.
Ada Lovelace-ren Egunak helburu hau du: emakumeek Zientzian, Teknologian, Ingeniaritzan eta Matematikan duten profila ezagutzera ematea. Horretarako, animatu egiten du mundu osoko herritarrek miresten duten emakumeei buruz berba egitera. Gizarteak emakumeak baztertu egin ditu urteetan, eta, ondorioz, bere potentzialaren erdia ere baztertu egin du. Baina badaude emakumeak bazterketa horri aurre egin, eta Zientzia eta Teknologiaren hainbat esparrutan aitzindariak eta erreferenteak izan direnak: Marie Curie, Rosalind Franklin, Alexandriako Hipatia edo Ada bera, esate baterako.
Eta non gaude gaur egun? Datu batzuk emango ditugu. Unibertsitatean sartzeko 2010. urteko probei dagokienez, mutiletatik %68k egin zuen Zientziak eta Teknologiari lotutako proba; nesketatik, ostera, %52k. Gainditu zutenen tasa kasu bietan antzekoa izan arren, batez besteko nota 7,2 izan zen nesken kasuan; eta 6,8, mutilen kasuan. Nolanahi ere, Unibertsitatean neska gehiago matrikulatzen dira mutilak baino, nahiz eta horiek biztanleriaren erdia izan. Zientzia esperimentalen arloan portzentaje txikiak eta antzekoak topatzen ditugu kasu bietan: halako ikasketetan mutilen %4k eta nesken %5ak ematen du izena. Joerak oso ezberdinak dira osasunari lotutako ikasketetan eta ikasketa teknikoetan. Horrela, nesken %9 osasunaren arloko ikasketetan matrikulatzen den bitartean, mutilen %3k baino ez du egiten. Ikasketa teknikoak, berriz, mutilen %41ek nahiago ditu, eta nesken %14k. Gradu-ondoetan ere neska gehiago daude mutilak baino (2.499 eta 1894), baina karrera teknikoetan mutil gehiagok ematen dute izena.
Beraz, zein da dugun panorama? Profilen arteko desoreka batzuk badaude ere, esan dezakegu berdintasuna dagoela Zientzia eta Teknologiari lotutako ikasketetan. Eta abantailarik izanez gero, hori neskek dutela, gehiago baitira Unibertsitatean eta gradu-ondoetan izena ematen dutenak.
Badira apurtu beharreko aurreiritzi batzuk profilei dagokienez, baina oraingo honetan emandako datu positiboekin lotuko naiz. Azaldutako joera lan munduan islatu behar dugu, baita enpresen zuzendaritza-karguetan ere. Eta hau guztion ardura eta betebeharra da, ezin baitiogu ukatu gure gizartearen erdiari sor zaion errekonozimendua.