Igone Regidor, Turismo eta Itzulpengintzan diploma

Aikor aldizkaria 2011ko aza. 16a, 13:20
Bizitza osoa darama Igone Regidorrek ikasten. Hogeita bost urteko lezamarrak karrera bi egin ditu eta lau hizkuntza dakizki (alemana, ingelesa, gaztelania eta euskara). Gainera urte bi eman ditu Alemanian lanean, eta gaur egun Castellótik dabil masterra egiten. Auskalo etorkizunak zer ekarriko dion! Zergatik Turismoa eta Itzulpengintza? Elkarrekin zerikusi gutxi dutela ematen du hasiera batean... Batxilergoa amaitu ondoren, ez nekien zer egin. Betidanik hizkuntzak izan ditut gogoko, eta Turismoa aukeratu nuen azkenean, hizkuntzez gain, hainbat gauza ikasten direlako: ekonomia, harremana bezeroekin, enpresen jarduera, geografia... Gero beste zerbait ikastea erabaki nuen, Itzulpengintza. Zelan atera zen Alemaniara joateko aukera? Bost urtean hizkuntza ikasi ondoren, Alemaniara joatea nahitaezkoa zen. Beka eskatu, onartu ninduten eta hiritxo batera joan nintzen, Düsseldorfetik gertu. Urte bi eman ditut Alemanian. Lehenengoan, gaztelania eskola eman nuen institutu batean. Bertako irakasleak zein ikasleak oso isilak ziren. Bigarren urtea hobea izan zen. Beste hiri batean egon nintzen, eta han jende gehiago zegoen. Bizimodua alaiagoa zen, irakasleak eta ikasleak askoz hurbilagoak zirelako. Haietako batzuekin ere harremana nuen klasetik kanpo. Alemaniarrak nahiko “laukituak” direla diote. Zelan moldatu zinen haiekin? Nahiko zaila izan zen. Egia da, alemaniarrak “laukituak” dira: ordutegiak finkatzeko modua, bilerak antolatzeko era, bidaiak, azterketak… Ikaragarria! Behin, idazkia idatzi eta sinatu behar izan nuen lankideekin batzar batean parte hartu ahal izateko. Oso ezberdinak gara. Arratsaldeko seietarako denda gehienak itxita. Eta hortik aurrera ez dago ezer egiterik. Ordu nahiko igaro ditut etxean. Zer da gehien gustatzen zaizuna Alemaniatik? Eta gutxien? Gehien gustatzen zaidana kaleetako segurtasuna, trenbide-sarea eta Gabonetako merkatuak dira. Gauean ardurarik gabe ibili zaitezke bakarrik, eta neguan, hotz handia dagoenean, merkatuak topaguneak dira. Gutxien gustatzen zaidana, zalantzarik gabe, jateko ohitura da! Alemaniako janari tipiko asko goxo daude, baina haiek bazkari handi eta bero bakarra egiten dute egunero, eta normalean, gauean. Eguerdian, aldiz, ogitarteko txiki bat baino ez. Janarien ordutegia kaos handia izan zen Alemanian igaro nituen hilabeteetan. Dena dela, zelan baloratuko zenuke esperientzia orokorrean? Oso ona. Ez nuke atzera egingo. Batzuetan zaila egiten da, noski. Baina esperientzia orokorrean hartuta, edonori gomendatzen diot. Alemania utzi eta orain Castellón zaude, masterra ikasten... Ez dut bizitza osoa liburuak itzultzen eman nahi. Nahiago dut lokalizazioa, hau da, testu bat itzultzean, aspektu linguistikoez gain lurralde bakoitzari dagokion kultura kontuan izan, eta testua ezaugarri horietara moldatu. Itzulpengintza mota honek sortze-prozesu bat dakar berarekin, eta ,hori da hain zuzen ere, gehien gustatzen zaidana. Eta horretarako nago Castellón. Gustura nabil hemen: unibertsitatea ikaragarria da, pila bat aktibitate antolatzen dira, eta giro atsegina dago orokorrean. Alemanian lanean ibili zara; Castellón, ikasten. Zein bizitza duzu nahiago: ikaslearena ala langilearena? Ez dute zerikusirik! Alemanian soldata finkoa nuen, erantzukizuna ez zen hain handia, astero hiru egun libre nituen, eta lan orduetatik kanpo egin beharrekoa gutxiagoa eta askoz errazagoa zen. Estresa sortzen zidan bakarra hizkuntza zen. Aurtengo panoramak tentsioan nauka egunero. Lanorduak ez dira batere finkoak, klasetik kanpo lan asko egin behar da-eta. Ez dakit zein dudan nahiago! Etxekoak eta lagunak faltan botako dituzula suposatzen dugu... Bai, familia eta lagunak asko botatzen dira faltan, batez ere lehenengo urtean: lehenengo aldiz atzerrian, bakarrik eta urrun… Gabonetan etxera etorri nintzenean, ez nuen hara bueltatu nahi. Masterra amaitu ostean, zer egingo duzu? Nork daki! Masterra amaitzeko oraindik urtebete falta da. Masterrean praktikak egingo ditut; beraz, baliteke enpresan geratzea eta zuzenean lanean hastea. Honela ez bada, lana bilatzen hasiko naiz. Aukera izatekotan, lokalizazioaren alorrean lan egitea gustatuko litzaidake, webguneak eta programak itzultzea. Hala ere, aurten beste hainbat gauza ikasi ditugu itzulpengintzaren inguruan, bideojokoak nola itzuli edota liburuak inprentara eramateko nola maketatu, esate baterako. Arlo hauek ez ditut baztertzen. Eta hemen ezer ez badut topatzen, agian Alemaniara itzuliko naiz. Han, egoera hemengoa baino askoz hobea da. Nire etorkizuna airean dago oraindik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).