Gure belaunaldikoek ezagutu izan ditugu Francoren erregimenarenpean bizitzeak zituen baldintza gogorrak. Bizi izan ditugu ETAren sorrera eta ibilbidea; langileen erakunde ezberdinak, indarra hartzen; baita Elizaren eragina, ibilbidea, eta, nolabait esateko, gainbehera ere. Alderdi politiko batzuen eraketa, haien arteko lehia-eztabaida, lorpenak, porrotak, oztopoak gainditzeko grina... Eta beste gauza interesgarri edo hezitzaile batzuk ere ezagutzeko zortea edo zoritxarra izan dugu.
Bai, hori guztia Historia dela pentsatuko duzue, gure ondorengoei kontatu beharrekoa; baina, kontuz, nork idazten duenaren arabera alde batekoa edo bestekoa izango baita.
Herri langilea gara, nahiz eta gure artean langabezi handia egon. Politika ekinbide garrantzitsua dugu, baina norbanakoengana botoa eskatzeko orduan baino ez gara hurbiltzen. Kultura balio sakona eta ikaragarria dugu, nahiz eta gure Udalek kulturan sano gutxi inbertitu. Gazteak gure etorkizuna direla aldarrikatzen dugu, baina haiek ez ditugu hainbeste kontuan hartzen, euren gaztetxeak suntsitzen uzten dugu eta ez diegu gunerik eskaintzen, euren ideiak eta proposamenak aurrera ateratzeko. Kontrolpean ez daudelako, akaso? Euskara gure hizkuntza da, baina gehiengoa erdaraz bizi da lasai asko bere etxean, lagunen artean, kalean, udaletxean, txokoan eta... Puntu honetara helduta, euskarara hain zuzen ere, gura dut iritzia emateko atal honek, benetako hausnarketa egitea proposatzeko balio izatea. Euskara elkarteko eta euskaltegiko partaidea naizen heinean, argi ikusi dut gure eskualdean zelako ibilbidea egin den eta nolako bilakaera izan dugun. Eta edozeinek ikus dezake hezkuntzan egindako aurrerapen handia, lanerako balio erantsia izatearen garrantzia, bide garrantzitsuak izan direla euskara sustatzeko. Baina ez dago azterketa soziolinguistiko handirik egin behar edozeinek ikusteko ez dugula behar den beste egin erabileran gora egiteko. Tituluaren bila dator ikaslea euskaltegira, baina erdaraz bizi da lasai asko. Horregatik, oraindik ere, bideak bilatu behar ditugu, gure herrian euskaraz benetan bizitzeko. Gura badugu, egingo dugu; eta ez badugu gura, ez. Baina euskaraz bizi gura duenak horrela aldarrikatu behar du. Nik euskaraz bizi gura dut, osotasunean.
Azterketa sakona egiteko garaia dugu, krisi honetatik indartsu atera behar dugu. Gura dugun Herria planifikatu eta urrats garrantzitsuak eman behar ditugu, Bestela, beste norbaitek gure ordez egingo du, eta ez da guri dagokiguna izango.