Amets amerikarraren bila

Aikor aldizkaria 2011ko abe. 15a, 15:18
t: Gaizka Eguskiza
Euskara atzerrian irakastea betiko ametsa izan da Izaskun Kortazarrentzat, eta horregatik duela zortzi urte Estatu Batuetara joatea erabaki zuen. Nora eta Boisera abiatu zen gazte sondikarra, Amerikako herririk euskaldunenetariko batera, alegia. Han euskara eta gaztelania eskolak ematen ditu. “Euskaldunek aurreiritzi asko dituzte amerikarren inguruan, eta gehienak txarrak dira, baina aurreiritziek kalte baino ez dute egiten. Ezagutu arte, hobe ezer ez pentsatzea. Euskaldunok ere oso publizitate txarra dugu, eta, horregatik, ez genuke aurreiritzirik izan beharko”. Izaskun pozik bizi da Estatu Batuetan. “Denok bizi behar izango ginateke atzerrian garai batean. Horrek begiak irekitzen dizkizulako. Besteak ondo ezagutuko bagenitu, askoz errespetu handiagoa edukiko genuke, eta arazo eta guda gutxiago egongo lirateke munduan. Gaur egun elebakarra edo kultura bakarrekoa izatea gabezia da”. Izaskun 2003an heldu zen Amerikara, eta azken urteotan Literatura espainolaren masterra egiten ibili da. Eskolak ere eman ditu leku batzuetan. Gaur egun Boiseko Euskal Museoan dabil lanean. Gainera, NABOko (North American Basque Organization) euskara koordinatzailea da, eta heziketa ematen die 232 ikasle eta 16 irakasleri. Era berean, Boise State Unibertsitateko espainol irakaslea da. Oraindik ez daki noiz itzuliko den, eta ez du planik egiten etorkizunari begira. “Urtebete pasatzera etorri nintzen eta dagoeneko zortzi daramatzat hemen”. Izaskunen hitzetan, “bizitza, berez, abentura da, eta Boisen egotea abentura horren barruko beste bat da. Esperientzia berriak edukitzeko aukera ematen dit, baita ikasteko abagunea ere”. Leku erraza da Boise herria bertan bizi izateko. “Lasaia da, eta langileak izan arren, oso ondo pasatzen ere badakite. Eurek esaten duten moduan, “work hard, play hard”, hau da, gogor lan egin, gogor jolastu. Gainera, baikorrak dira, eta ez dute inor kritikatzen. Ez dira batere klasistak. Elkarri asko laguntzen diote oro har”. Horrezaz gainera, Idahoko herria oso toki euskalduna da. “Boisen bizitzea beste leku askotan baino errazagoa da, han euskal kultura bizirik dagoelako, baina ez da Euskal Herrian bezalakoa. Euskal kultura bizia da hemen, baina azpikultura da kultura amerikarraren barruan”. Dena dela, garrantzi handia ematen diote kulturari. “Amerikarra izateak ez zaitu besteengandik bereizten. Beraz, hemengo askok arbasoen kulturara jotzen dute, iragana ezagutu nahian. Hori dela-eta, lan handia egiten dute kulturaren alde. Badakite haiek egiten ez badute, euskal kultura desagertu egingo dela, eta euskaldunen horrenbeste ondorengorik ez dagoela; hortaz, haien esku dago kulturaren iraupena”. Boiseko adierazpen kulturalen artean, Euskal jaialdia da famatuenetarikoa. Gazte sondikarra 2010ean egon zen bertan. “Euskal Herriko lagun asko etortzen dira, eta itzel ondo pasatzen dute. Iaz Sondikako Alfon Atela eta Taberna Ibiltaria taldea ezagutu nituen jaialdian eta euskal kanten inguruan trukatu genituen ideiak. Primeran pasatu genuen. Hala ere, nire ustez, askoz interesgarriagoa da Inazio Deuna jaia. Urtero ospatzen da uztailaren azken asteburuan Boiseko euskal kalean. Bertakoak ezagutzeko aukera paregabea da”. Etxea gogoan Nahiz eta atzerrian egon, Izaskun saiatzen da Euskal Herriko egunerokotasunaren berri izatea, baina batzuetan ez du lortzen. “Badakit Txorierrin gero eta elkarte gehiago daudela euskararen alde eta mintzalagun kopurua ere handitzen doala, eta horrek pozten nau. Txorierri euskalduntzea oso garrantzitsua da ondorengo belaunaldiek gure kultura gal ez dezaten”. Izaskunek jendearekin hitz egitea, jaiak eta janaria ditu gogoan. “Boise ez da aldatzen; Bilbon, ostera, aurrerakuntza itzelak daude, gero eta politago dago, gero eta zerbitzu gehiago... Etxean, eta Europan oro har, beste balore batzuk daude, aurrerakoiagoak. Euskal Herrikoak kexaka dabiltza beti, eta eurek dutena ez dute eskertzen”. Bere ustez, “Europan inon baino gizarte-laguntza handiagoa dago: langabezia, osasuna, garraioak, txiroak... Amerika, berriz, munduko herrialderik aberatsena da, baina ez diete gizarte-kontuei jaramonik egiten”. Era berean, Izaskuni ez zaio Estatu Batuetan duten “kontsumismoa” batere gustatzen, ezta “heriotza zigorra” ere. “Duela egun bi, gizon bat hil zuten, esate baterako. Legeak oso zorrotzak dira eta haietako asko mendekuan oinarritzen dira. Euskal Herriko lege asko ere “amerikanizatzen” ari dira eta hori arriskutsua da”. Dena dela, alde onak ere badituzte amerikarrek. “Hemengoek euren ametsak jarraitzen dituzte, eta lan handia egiten dute, hori lortzeko”. Estatu Batuetakoek egiten duten moduan, Izaskunek ere gogor egiten du behar bere ametsa eskuratzeko. Eta horregatik dabil Amerikan, aukeren lurraldea omen delako.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).