Igor Ramos, marrazkilaria:“Japoniarrek bezala, h

Aikor aldizkaria 2011ko abe. 15a, 15:38
t/a: Jon Goikouria Larrabeiti
Esaten da lehen liburua kaleratzea lehen seme-alaba izatearen antzekoa dela. Bada, Igor Ramos zamudioztarra aita goiztiarra izan da. Abenduan Mariren Seme-Alabak argitaratu du, euskal mitologiaren inguruko formatu bereziko liburua. Durangoko Liburu Azokan ikusi ahal izan genuen, Barton Films standean. Zelan definituko zenuke zeure burua? Sortzailea bezain alferra. Makina bat ideia datozkit burura, baina bakar batean kontzentratzea pilo bat kostatzen zait. Euliekin arreta galtzen dut. Nola bururatzen zaizkizu ideia horiek? Bat-batean. Idazlearen ‘orrialde zuria’ fenomenoa ez zait inoiz gertatu. Pelikulak ikustean, lagunekin hizketan nabilela… neure ideiek iturri zeharo ezberdinak dituzte, eta momentuan harrapatzen ditudan euskarrietan jasotzen ditut: paper zatietan, musuzapietan, ahozapietan… Zelan hasi zinan marrazkiak egiten? Gaztetxoa nintzela, Ninja Dortokak marrazten hasi nintzen bestelako motiboekin batera: Son Goku, tigreak... Poliki-poliki nire marrazkiak egiten hasi nintzen, eta 15 urte nituela mundu honetan bizitzea gustatuko litzaidakeela erabaki nuen. Zelako ikasketak dituzu? Bilbon Batxiler artistikoa egin ostean, Arte Ederrak ikasten hasi nintzen. Baina bertako irakasleek sormena azpimarratzen zuten, eta ez teknika. Nik teknika behar nuen. Horregatik, urte bi egin eta gero, karrera bertan behera utzi eta ilustrazioko goi-mailako modulua egiten hasi nintzen Gasteizen, eta Bilbon bukatu. Ziklo horren azken urtean proiektu bat aurrera eraman behar zen, eta nik liburu bat egitea erabaki nuen, batez ere etorkizun komertziala ikusi niolako. Atera berri duzun Mariren Seme-Alabak liburua, hain zuzen ere. Euskal mitologiaren inguruko liburua da. Gai honi buruzko liburu ugari daude merkatuan, baina gehienek oso formatu antzekoa dute, nahiz eta marrazki ezberdinak izan. Zerbait berria egitea otu zitzaidan, japoniar erara. Haiek txinatar edota japoniar mitologia hartu, hainbat buelta ematen diote eta mangak, komikiak, Pokemonak… edozer ateratzen dute handik. Horixe egin dut nik euskal mitologiarekin. José Miguel de Barandiaran autorea erreferentziatzat hartuta, euskal gazteria gure mitologia modu berri batean ezagutzera gonbidatzen dut. Euskal mitologiari buruzko liburu asko berdintsuak direla diozu Bai testuei, bai marrazkiei dagokienez. Mitologiaren gaineko hainbat liburu irakurri ostean, esaterako, Tarttalo batetik bestera aldaketarik ez dagoela ohartu naiz. Beraz, nik neure ukitua eman diet nire sorkariei, bestelako erreferentzia grafikoei erreparatu gabe. Horrela, ideia freskoak erantsi dizkiet, oinarrizko ezaugarriak errespetatuz. Produktu berria, formatu berria. Liburuak fitxa-tekniko itxura dauka. Horretarako, oro har rol jokoetan oinarritu naiz. Kreaturak hartu eta euren ezaugarrien arabera sailkatu ditut: bizilekua, elikadura, izaera… Liburu honek zortzi izakien informazioa dakar, eta bakoitzak beraren inguruko informazio osotua dauka bederatzi orritan zehar. Nolabait, pertsonaia hauen informazioa emateko, eta orokorrean irakurlea liburu osotik zehar gidatzeko, Barazkiaran izeneko pertsonaia sortu dut, Barandiaranen omenez. Eta ondo badoakizu…? Mariren Seme-Alabak kreaturen entziklopedia bihurtzea espero dut: izaki gehiago, ezaugarri berriak… Azken batean, liburua ondo egituratuta dago eta, dagoeneko, badaukat beste hamar liburu egiteko materiala. Behar izatekotan, 100 sorkari inguruko zerrenda daukat, hurrengo edizioetarako. Marrazkiekin lotura duten beste lan batzuetan zaude ere bai. BERBAZ aldizkarian komiki-banda kaleratzen dut hilero. Bertako protagonistak Kinito izeneko marrazkiak dira. Horiek era askotako esparrutara molda daitezkeen marrazkiak dira; are gehiago, urtarrilean Kinitoen lehen bideo-jokoa aterako dugu: Kinito Ninja. Joko arina, klasikoa, arcade formatuan, buruhauste handirik ez egoteko. Zelan ikusten duzu animazioaren mundua? Norberak bere buruarengan izan behar du konfiantza. Era honetako ikasketetatik irtetean ez da erraza merkatu komertzialera jauzi egitea. Horregatik, animazioko enpresa ugarik nazioartera egiten dute salto, eta ondoren euren lanak erdaratu edo euskaratu, kasuan kasu. Euskal mitologiaren kasuan, lana ez da hain zaila: era honetako gaiak jorratzean, azken batean, kultura jorratzen da eta hori egiteko, laguntza gehiago jasotzen da, zorionez.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).