Lezamako saltokiek bat egin dabe

Aikor aldizkaria 2011ko abe. 15a, 15:44
Argazkiak: Gaizka Peñafiel
Lezamako dendariek eta zerbitzu-sektorean dabilzanek indarrak batu eta alkarte barria osatu dabe: Lezama saretzen. Besteak beste, eguneroko erronkei alkarregaz batera aurre egitea eta herriko bizitza dinamizetea dabez helburu nagusitzat. Mª Antonia Diez presidenteordeak eta Mª Carmen Dañobeitia batzordekideak hurreratu deuskue egitasmoa. Lehenengo urratsak joan dan irailean hasi ziran emoten. Herriko saltokietako eta zerbitzu arloko lagunak bildu ziran eta antzerako kezkak eta helburuak zituela atera eben ondorio. Eta horreei erantzuna emoteko alkartzea modurik eraginkorrena zala. Asko dira Lezama saretzen alkartea osatzera animau dituen errazoiak. “Alde batetik, bertoko merkataritza-bizitza nahiko geldirik dagoala uste dogu, eta berbiztu gura dogu. Bestetik, lotura sortu gura dogu herriko gremioen artean, ideak eta arazoak guztion artean aztertzeko eta konponbideak modu bateratu baten topetako. Horrezaz ganera, mezu hau helduazo gura deutsegu herritarrei: zuek oso garrantzitsuak zarie guretzat, gure jardueretan aurrera egiten laguntzen deuskuzuelako. Baina, aldi berean, gu be bagara garrantzitsuak zuentzat, herriari bizitza emoten deutsagulako eta zerbitzu egokiak eskaintzen deutsueguzalako”. Alkartean 30 negozio batu dira, eta beste askok interesa erakutsi dabe partaide izateko. Elikadura arlokoak dira, ostalaritza arlokoak, osasun arlokoak, upeltegiak, mintegiak, ule-apaindegiak, landa-etxeak, paketeria arlokoak, eraikuntza arlokoak... Jarduera sorta zabala hartzen dabe. “Inportantea da hori azpimarratzea, herrian danetariko zerbitzuak doguzalako, jentea batzuetan ohartzen ez bada be”. Euren esanetan, Lezamako komertzioa kalidade handikoa da, etxekoa eta hurbila. “Autoa hartzen badogu, hur doguz zentro komertzialak. Baina guk beste mota bateko zerbitzua emoten dogu. Arreta pertsonalizatuagoa eskaintzen deutsagu bezeroari, eta konponbidea emoten deutsegu eguneroko arazoei, baita produktuak etxera eroan be. Batez be edadekoen kasuan”. Bezeroarengandik hur Etorkizunari begira, erronka handiak daukiez. “Gure jarduerea hobetu eta profesionalizatu behar dogu. Era berean, doguzan baliabide guztiak erabilita lehiatu behar dogu zentro komertzial handiakaz. Lehia horretan kontsumitzaileen zein instituzinoen laguntzea behar dogu; hau da, hurreko komertzioa baloretea eta erabiltea behar dogu”. Ziur dagoz alkartea osatu izanak lagundu egingo deutsela erronkei heltzen. “Informazino zein prestakuntza handiagoa eskuratzeko aukerea eukiko dogu, eta horrek guztiak onurak baino ez deutsez ekarriko gure negozioei. Profesionalizazinoa be ekarriko dau”. Alkartekideak lanean dabilz komertzio guztiak publizidade-kanpaina eta mezu bateratu baten biltzeko. “Logotipoa egin da eta asmoa dogu webgune dinamikoa eta erabilgarria sortzeko. Alkartearen irudiari jagokozan gaietan herriko gazte bat, Gaizka Peñafiel, jabilku laguntzen”. Gogoz eta ilusinoz ekin deutsie bideari, eta Gabonetara zuzenduta hainbat ekimen jarri dabez abian. Halan, egutegi-txartela diseinau dabe eta bezeroen artean banatu dira. Txartel bakotxean zenbaki bat dago. Abenduaren 30ean ONCEren zozketan ataraten dan zenbakiagaz bat datorren txartelaren jaubeak saski eder bi jasoko ditu saritzat. Saskiok herriko harategian dagoz ikusgai, eta kalidade handiko produktuez osatuta dagoz. Ganera, diru-txartelak be badabez, herriko komertzioetan erabili ahal diranak. “Loteria be atara dogu, eta erakusleiho handia daben establezimenduak animau doguz Merkataritza Kamarak antolatzen dauen lehiaketan parte hartzera”. Datorren urteko lehenengo hiruhilekorako hainbat ekimen egitea aztertzen dabilz, alkartean dagozan sektore ezbardinak inplikatu daitezan. Alkartea eratzeko beharrezkoak diran izapide guztiak egin dabez Eusko Jaurlaritzan, eta erantzuna laster izatea itxaroten dabe. Udalean be aurkeztu dabez proiektua eta zergaitiak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).