10 urte, txorierritarron sarea josten

Aikor aldizkaria 2012ko urt. 26a, 11:15
Hamar urte bete dira Aikor! aldizkariaren 0 alea argitaratu genduanetik. Eta otu jaku helburuen gaineko hausnarketea egitea. Gurean euskerearen erabilerea bultzatzeaz gainera, herritarren arteko harremanak estutzea eta txorierritarron sarea osatzea helburu ebazala sortu zan aldizkaria. Gaur egun arte kaleratu ditugun 111 aleak begiratzen ibili gara, eta helburua bete dogula uste dogu. Aldizkariaren orrialdeetara txorierritar gehienon bizipenak, lorpenak eta gogoak ekarri doguzalako. Eta hasieratik hasi gara. Aikor! martxan ipintea guztion ahalegina eskatzen eban beharra zan, eta Loiutik Larrabetzura arteko biztanleek ez eben dudarik izan euren laguntzea emoteko orduan. Puri, Alberto, Juantxu, Arantzazu, Fernando, Mentxaka, Amagoia, Belen, Gotzon, Ioritz, Oihana, Juan Luis, Jasone, Jabi, Ines, Udane, Maripi... Guztion izenak ipinteko, lerro batzuk beharko gendukez, kontuak atera doguz eta urte honeetan aldizkariak 171 kolaboratzaile euki ditualako. Bakotxak bere modura emon dau laguntzea: bideak zabalduz eta protagonistak gugana hurbilduz, herriko albisteak helarazoz eta artikulu zoragarriak idatziz, momentuak harrapatuz eta argazkiak aginduz, ideak proposatuz eta euren denporea oparituz. Batzuek gugaz jarraitzen dabe hasiera-hasieratik, beste batzuek Aikor!-rek bakarrik hegan egin behar ebala erabagi eben aspaldian, eta beste batzuk urteek aurrera egin ahala topau dira aldizkariagaz. Guztiek sare erraldoi baten partaideak dira. Lagun batek esan euskun behin, aldizkaria etxean jasoten ebanean, egiten eban lehenengo gauzea Sukaldaritza atala irakurtzea zela. Eta Mari Terek lau urtean guretzat sukaldatu dituan plater goxoak gogoratu doguz. Etxeko sukaldaritzea hurreratu deusku modu erraz baten, eta guztiok egiteko moduko errezetak emon deuskuz. Mari Terek merezitako erretiroa hartzea erabagi eban, eta Maitek hartu eban txandea. Bere eskutik ikasi dogu plater goxoak bezain sofistikauak egiten. Eta horretan jarraitzen dogu. Era berean, ezin da ahaztu eskualdeko jatetxe askok euren plater izarren sekretuak ezagutarazo deuskuezala, eta Iñakik kakoak emon deuskuzala sumillerraren beharra eta ardaoen mundua hobeto ezagutzeko. Haraneko bazterretatik Ordenagailuek eta hareen zirrikituek buruhauste handiak ekarten deuskuez gutariko askori. Spam-ek, mezu baztergarriek eta abarrekoek zoratu egin gaitue, eta birus birtualek gaixotu egin dabez gure konputagailuak. Wireless, USB, hardware, software, troiarrak, megabyteak, firewall... berba arrotzak izan dira guretzat, baina Albertok hareek guztiak hobeto ulertzen lagundu deusku hilero. Eta euskerazko informatika-erreminten barri emon deusku, eta webguneak eta albisteak hurbildu egin deuskuz. Xabier aditua da teknologian, eta teknologia bizi be, bizi daitekela azaldu deusku. Bitxikeriak ezagutu doguz bere artikuluak irakurri ostean, baina batez be teknologia eta harek eskaintzen deuskuzan abantailak eta aurrerapenak zentzuz erabili behar dirala ikasi dogu. Irakurtzea gustaten jaku, eta Amagoiak nagusiei, gazteei zein umeei zuzendutako liburuak gomendatu deuskuz, hareek labatik atera barriak zirala. Ohiko idazleen beharrak irakurri doguz bere aholkuei jarraituz, eta egile barriak deskubritu doguz. Belarriak be doinuz bete doguz, han eta hemengo abeslariak eta musika taldeak entzunez. Eta barreak egin doguz. Aritzek eta Nagelek Euskal Herriko d-generazioa kezkatzen dabezan gaiak euren komikietan aurkeztu deuskuez, zorroztasunez eta umorez gainezka. Badago esaldi bat geurea dana baloraten ez dakigula adierazoten dauana, eta urrun dagoana bertokoa baino hobeto ezagutzen dogula. Guk Txorierriko bazterretatik galdu gura izan dogu, eta tipi-tapa ibili gara gure inguruetako ibilpide eta mendi-hegaletan zehar. Apur bat gehiago jakin izan dogu antxinako ohituren gainean, eta ondarea euki dogu hizpide behin baino gehiagotan: baserriak, errotak, eleizak, dorretxeak... Eta zerbait jakin izan ez dogunean, hori Sabini galdetu deutsagu. Gure historiaren gainean asko dakian inor badago, bera dalako. Euskerea da aldizkariaren ardatz nagusia eta gure hizkuntzaren berezitasunak be jaso gura izan doguz aldizkariaren orrialdeotan. Halan, Juan Luisek irakatsi deusku, gurean, kafea akeita esaten dala, eta berbak zelan ahoskatzen diran. Horretarako, Lukik eta Txorik kalean edota tabernan euki dabezan alkarrizketak erabili ditu. Gure bazterrak ezagutu doguzala aitatu dogu lehen, baina egia da bidaia urrunera be egin dogula. Besteak beste, Igorregaz batera palestinarren egoerea eta eguneroko burrukea ezagutu dogu; gauerdiko eguzkia ikusi dogu Nord Kappen-ean (Norvegia), Jose Angelek eta Mari Carmenek paisajearen deskribapena egiten euskuen bitartean; eta Stan urakanak harrapatu genduan Guatemalan Nora eta Txotxegaz. Eta Mexikon izan gara, Korsikan, Atenasen, Marokon, Alemanian... Eta betiko bidaia egin ebenak be ekarri doguz gogora; Amerikara joan eta han erroak bota ebezan txorierritarrak. Egitasmoen lekukoa Ausartak gara eta hamaika abentura bizi izan doguz. Jon eta Gotzonegaz munduko mendirik altuenetariko batzuetara igon gara, eta Mauritaniako basamortua zeharkatu dogu Jongoiko eta haren lagunakaz. Paris-Brest-Paris ziklomaratoiak dituan 1.200 kilometro 60 orduan egin doguz Unai eta Jokinegaz, eta Iron man batean hartu dogu parte Virginiagaz. Motorrera igon eta abiadura zorabiagarrian ibili gara Sondika Urban Circuit ekimenean, eta suteak amatatzera joan gara Derioko suhiltzaileakaz. Bidean, Kukubiltxoren antzerki munduan murgildu gara, eta Euskal Herriko txapela lortu dogu Iñigo harri-zulatzaileagaz. Baina batez be protagonistez bete doguz aldizkariaren orrialdeak, eta hareen bizitzea, ibilpide profesionala, erronkak eta garaipenak partekatu doguz irakurleakaz. Luzea da zerrendea: aktoreak, idazleak, kirolariak, bertsolariak, musikariak, kazetariak, ipuin kontalariak, baserritarrak, argazkilariak, marrazkilariak, artisauak, diseinatzaileak, zapatariak, okinak, harginak... herritarrak azken baten. Anfitrioi onak be izan gara, eta ez dogu aukerea galdu gureraino ezagunak hurbildu diranean. Galderaz josi doguz Benito Lertxundi, Unai Elorriaga, Jean Haritschelar, Maialen Lujanbio, Tonino Carotone, Katixa Agirre, Kepa Junkera, Iñaki Perurena, Antonio Alvarez Solis, Amparanoia, Txan magoa, Reincidentes... Kasu honetan be badogu zerrenda luzea. Aldizkaria proiektu sorta zabalaren lekukoa izan da urteotan. Hareetako batzuk Totoan Txorierriko Euskera Alkarteen Federazinoaren babesean sortu dira: Tximintx eta Altzora euskera alkarteak, Berbalagun egitasmoa eta Baserri Antzokia, kasu. Eta beste batzuk herritarrek eurek bultzatu dabez: Jantzi Jarauntsi Troupe, Lezama saretzen, Zorribike, Garmitxa, Gure señeak, LEKE, Arroeta, Laiak, Lagunandre... Egia esan, Txorierrin mobimentu handia dago alkarteen inguruan, eta taldeek behar handia eta ordainduezina egiten dabe gizarte, kultur eta kirol arloan. Alkarte horreen guztien beharrak eta ibilpideak be euki dabe lekua Aikor!-en: Sutondoan, Lagatzu, Zorrizketan, Arrekikili, Gazte-elai, Gorantzaileak, Uritarra, Goiherri soka-tira taldea, Lezamako Pelota Eskola, Sondika CD, Miragarri, Ipar-Alde... Hainbat lagun, pertsonaia, alkarte eta gai... Guztiak, interes handikoak; guztiak, txorierritarrak edo txorierritarrongandik hurbilak. Aldizkaririk irakurriena bihurtu gara 10 urte honeetan. Izan be, gure kakoak hurbiltasuna eta euskerea dira, eta ildo hareei jarraituz josi dogu sarea apurka-apurka; euskaltzaleon komunidadea, herritarron senidetasuna. Aikor! aldizkaria sortu zanetik hona, txorierritarrok izan zarie gure funtsa, eta datozan urteetan be jarraituko dogu zuen kezka, zaletasun eta interesen barri emoten. Etenbarik hazten doan sarea Denporea aurrera doa, gu ia konturatu barik. Eta begien itxi-ireki batean, gure herriak asko aldatu dirala ohartzen gara. Auzoak handitu dira, eta azpiegitura barriak egin dira. 2001. urtean, Txorierrin 17.699 biztanle baegozan, 19.095 egozan 2006. urtean; eta 2010. urtean, 20.250. Aldizkaria be moldatu da aldaketa horreetara, eta txorierritarron sarearen hazkundeari bidea emoteko, ale-kopurua handitu behar zala konturatu ginan. Halan, 4.000 ale kaleratzetik 7.000 ale kaleratzera pasau gara. Aikor! bailarako etxe gehienetara ailegaten da, eta, Aztikerrek 2008. urtean egindako ikerketaren arabera, komunikabiderik irakurriena da gurean: 8.217 irakurle hilero. Eta horiei 15 urtetik azpiko biztanleak zein Txorierritik kanpo bizi diranak gehitu behar jakez, gainera. Bestetik, euskaldunon mapea be aldatu egin da 10 urte honeetan. Eustaten datuen arabera, 7.507 euskaldun egozan Txorierrin, 2001. urtean; 8.313, 2006. urtean. Ia euskaldunak 4.374 ziran 2001. urtean; 4.563, 2006. urtean. Sei urte pasau dira datu linguistikoak azkenengoz jaso genduzanetik, eta euskaldunon kopurua altuagoa izango dalakoan gagoz. Aldizkaritik txorierritarron sarea josten jarraituko dogu, biztanleon arteko harremana gero eta estuagoa izan daiten, euskerearen erabilerea gero sendoagoa izan daiten, eta ez dakienek be euskerearen sare erraldoian nahastatu daitezan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).