Orain dela gutxi arte, baserriari eta itsasoari lotuta egon da gure herriaren kultura. Jende apalak ziren gure aurrekoak, eta halakoxeak ziren, orobat, haien bizimoldeak, nekazaritzan, arrantzan, artzaintzan eta eskulangintzan oinarrituak; hau da, Naturan oinarrituak, hark ematen baitzien bizirik irauteko behar zuten guztia, eta hari erantzuten baitzioten begirunez eta mirespenez. Bizirik jarraitzeko, ordea, aldaketa eta konkista teknologikoetara egokitu beharra ere izan zen, nahiz eta artean ere begirune handia izan zen Naturaren aldera, eta arauak eman ziren hura babesteko.
XIX. mendearen erdialdean, itzulbiderik gabeko bide bati eman zitzaion hasiera. Industrializazioak joritasuna eta aberastasuna ekarri zituen, euskaldun guztioi neurri handiagoan eta txikiagoan mesede egin digutenak. Herri eta hiri txikiak biztanlegune handi bilakatu ziren, eta halakoek etxebizitza- eta zerbitzu-beharrizan handiak izan zituzten; eskakizun berrioi erantzuteko, basoak eta laborantza-lurrak kendu ziren; horren ondorioz, landa-eremuak pobretu egin ziren eta fauna eta flora galdu egin ziren toki askotan.
Aurrerabideak onura asko ekarri dizkigu, baina baita zabortegi eskergetara eramaten diren milioika tona zabor ere; halakoek aukera oro galarazten dute bizitza basatia eta animaliak izan daitezen beren inguruetan, eta lur azpiko urak kutsatzen dituzte, lur urrunagoen elikagai direnak. Produktu toxikoen isurketaren aurkako araudiak behin eta berriro urratzen dira, hainbesteraino non erreka garbi bakar bat ere ez baita geratzen nolabaiteko industrializazioa duten eremuetan. Neurri gabe eraiki da, egiaz beharrezkoa dena baino gehiago, hainbesteraino non lehen baserri- edo arrantzale-herriak zirenetako asko lo-herri bihurtu baitira. Gure airea kutsatuta dago, gure urak infektatuta daude, erregaiek gure itsasbazterrak pozoitzen dituzte, gure mendiak hormigoi nahasgailuetan desagertzen dira eta motorren zaratak txorien txioa isiltzen du.
Gure zaharrek oso herrialde ederra utzi ziguten oinordetzan, esperientzietan jantzia, historiak zaildua. Ez dago atzera itzultzerik, eta baliteke itzuli nahi ez izatea ere, baina gauza izan behar dugu geure ondorengoei arimarik gabeko burdina eta adreilu pila bat baino zerbait gehiago uzteko.