Urte erdiko neskatilak kantuan jarduten du, inork ulertzen ez duen hizkuntzan, baina melodia atzemangarrian. Aitabitxiren kantuekin batera jaio zenak ez du oraindik hitz egiten, baina kantuan badaki eta hala adierazten ditu emozioak. Bitxia da gero, kantuarekin jaiotzetik dugun harremana; jatorrizkoa, oldezkoa.
Abestea unibertsala den arren, ohitura honek baditu sustrai sakonak Euskal Herrian, eta hala transmititu dira belaunaldiz belaunaldi gure ondarearen euskarri asko. Izan ere, zenbat pasadizo, eskarmentu, sentimendu... adierazten dira nota musikalak eta hitzak uztartuz, kantagintza adierazpen artistiko borobilena bilakatuz, ziur asko.
Batzuetan bakardadean abesten dugu; gustura gaudenean, lagunartean; eta inoiz ahopeka ere bai, bihotz bi sintonizatzeko. Entzulea gatibu hartzea da xedea, baina bide batez kantaria ere aske geratu ohi da; norabide biko terapia da kantatzea.
Kantuz aritzea bizitzarekiko jarrera da, Joxe Mendigak primeran islatu bezala: “kantuz eginez gero mundura sortzia, kantuz egin beharko dut ene ustez hiltziaâ€. Hala bada, kantuz harrapa gaitzala heriotzak.