Bulletin of Atomic Scientist erakundearen Azken Judizio Erlojuak gaueko 12etarako minutu bi falta zirela adierazi zuen 1953. urtean, eta hortik Iron Maiden taldearen abestia. Erloju birtual hori 1947. urtean sortu zen, eta gizateriak bere buruaz beste egiteko zenbat denbora falta den adierazten du. Hasieran aipatutako urtea, erlojua gauerditik hurbilen egon den unea izan da; Sobietar Batasunak eta Amerikako Estatu Batuek H-bonba garatuta eta probatuta zuten urte horretako irailerako. Beste une txar bat egon zen 1984. urtean, eta erlojua gauerdirako hiru minutu falta zirela gelditu zen. 1991. urtean, berriz, 23:43an gelditu zen, eta, sortu zenetik, hura izan da gauerditik urrunen egon den ordua. Harrezkero aurrera joan da.
Hasieran, erlojuak gerra nuklearra jasateko arriskua neurtzen zuen, gutxi gorabehera. Baina 2007tik hona klima-aldaketa eta bizitza zientziek izan zitzaketen arrisku ezeztaezinak ere hartzen ditu kontuan. Egoera gero eta okerrago dago, aurten egin den lehenengo eguneraketatik gauerditik bost minutura gaudela atera delako ondorio.
Nire artikuluak teknologiarekin daude lotuta, eta orain arte esandakoak ohiko gaiekin zerikusi handirik ez duela pentsatuko duzue, beharbada. Baina irakurri erlojuaren azken aurreratzearen arrazoiak: “arma nuklearren pilaketa zuzentzeko politika globalik eza, gatazka nuklearren arriskua, energia nuklearraren segurtasuna eta klima-aldaketa globalaâ€. Horiek guztiek zerikusia dute teknologiarekin; edo hobeto esanda, teknologia arloan hartzen diren edo hartzen ez diren erabaki politikoekin.
Teknologiaren bidez aurre egin ahal izango diegu dauden eta datozen arazo askori. Bioteknologia, adibidez, gosea eta hainbat gaixotasunen kontra erabil dezakegu; eta nanoteknologia, energia lortu eta gordetzeko sistema berriak egiteko, eta, horrela, klima-aldaketa ekiditeko. Sareak eta errealitate emendatu sistemak, komunikatu eta kultura elkarbanatzeko... edo beste gauza batzuetarako.
Denon artean erabaki behar dugu zer eta noiz merezi duen. Aurrerakuntza teknologikoak arma nuklear hobeak egiteko erabiltzen baditugu, pertsonen eskubideak urratzeko edo hainbat eremutan dauden ezberdintasunak, orekatu beharrean, handitzeko, jai dugu. Bost minutu baino ez dira falta. Teknologia lagungarri izan dezakegu. Zein izango da gizartearen erabakia?
http://www.thebulletin.org/content/doomsday-clock/overview