Zertzeladak, Loiuko abade-etxeen gainean

Aikor aldizkaria 2012ko urt. 26a, 12:29
Orain dala hilebete batzuk, Loiuko abade-etxeak birmoldatzeko beharrak hasi ziran. Egitasmoa Arrietane Fundazinoak bultzatu dau, eta eraikinak jatorrizko egoerara itzultzea dau helburu. Izan be, urteetan hutsik egon dira, eta euren kontserbazino-egoera nahikoa penagarria da. Hurrengo lerrootan errepasoa emon deutsegu abade-etxeen nondik norakoei, eta horretarako, Maria Romano historialariak idatzitako txostena hartu dogu erreferentziatzat. Abadeak eleizatik urrun bizi ziran, beste herri batzuetan be, eta fededunek tarte luzea egiten eben, eleizakoak hartu behar eben bakotxean. Horregaitik, XVIII. mendearen amaieran loiuztarrek herrian etxea egiteko beharra ikusi eben, abadeak han bizi izateko. Halan, eleiztarrak eta herritarrak 1800. urteko maiatzaren 25ean batu eta podere berezia emon eutsien Kalahorrako Eleizbarrutiko Eleiza-auzitegiko prokuradoreari, harek etxea egiteko epai-baimena lortu eian. Eraikina altzetea Loiuko eleizaren Fabrikaren kontura izango zan. Baimena abuztuan lortu eben, eta han azaltzen zanez, etxean logela bi atonduko ziran; bat, parrokiako abade bakotxeko. Eta abade bakarra egonez gero, beste logelea onuradunik zaharrenak hartuko eban. Biek errentea ordaindu beharko eutsien eleizaren Fabrikari. Baina arazoa egoan, eleizaren Fabrikak lurrik ez ebalako etxea bertan egiteko. Lurra Maria Ana de Izaguirrek, Santa Ana kondesa eta Loiuko patroia zana, jarri eban. Eleizaren inguruan egozan lur guztiak kondesarenak ziran, eta harek abade-etxea egiteko lurzorua ixteaz gainera, ortu bat be emon eban. Horren truke, eleizaren Fabrikak lau oilasko emon behar eutsazan Gorpuzti-egunean; eta lau oilo, Natibitatean. 1801. urteko maiatzaren 3an, Loiuko eleizaren Fabrikak enkante publikoan atera eban 3.118 oineko azalerea. Bertan, 5.610 ikatz-karga emongo eben zuhaitz antzuak egozan. Errematatzaileak abade-etxe bi eta orturako hormea egiteko konpromisoa hartu beharko eban. Ordainsari ikatz-kargen salmentaren irabazia (42.075 erreal) jasoko eban, eta 7.000 erreal dirutan. Beharrak Jose Ignacio de Icaza loiuztarrak egin zituan, eta 1804. urtean amaitu. Bat bihurtu Etxeak Zabaloetxe auzoan altzau ziran, Elizondo kalean eta San Pedro eleizaren atzean. Bati 9. zenbakia ipini eutsien; eta besteari, 11. zenbakia. Eraikin biak bardin-bardinak dira eta euren ezaugarrien artean, honeexek aitatu daitekez: neoklasizismoaren zertzeladak dabez, eta oinplano angeluzuzena; barneko egiturea egurrezkoa da; hiru solairu dabez, eta hiru bao-moltso, eta balkoia; beheko solairua eta lehenengoa bereizten dauan inposta egiteko, harlandua erabili zan; lau isurialdeko teilatua dabe; eta leihoen forjaketea barroko estiloaren arabera egin zan. Etxe bien artean patio txiki bat egoan, baina pasagune antzeko baten bidez egozan lotuta atzeko aldean. Madozen Desamortizazioaren Legearen ondorioz, 11. zenbakiko sarbide nagusia itxi zan 1893. urtean. Sarbidearen ordez, ardatz bertikaleko bao zuzen bi ipini ziran, eraikinak etxe bakarra bihurtuz, eta, halan, Estatua hareetako bat bereganatzea saihestuz. Bestetik, 1916. urtean, bigarren etxeko beheko solairuan, beste etxebizitza bat egin zan eleizako bigarren abade-ondokorentzat. Beharrek 3.396 pezeta balio izan eben: 500 pezeta, Gasteizeko Apezpikutzak ipini eban; eta gainontzekoa, Loiuko eleizearen Fabrikak. Romanok txostenean adierazo eban moduan, Loiukoak oso eraikin interesgarriak dira Bizkaiko landa-eremuko eraikuntzako tipologiaren barruan. Halan, hareen estiloak erdiuneko etxeetako ezaugarriak zein inguruko baserrietakoak hartzen dauz. Era berean, etxeen eregite-data kontuan hartzen bada, neoklasizismo estilokoak dirala esan daiteke; baina aurreko aldiko elementuak be badabez, hau da, ezaugarri barrokoak: solairu nobleak bereizten dituan plakaren moldura, esate baterako. Etxeak egin ziranetik hona, oso gitxi aldatu da hareen elementuen morfologia. Halanda be, bao batzuk itxi eta beste batzuk zabaldu dira denporea pasa ahala. Aldaketarik nabarmena etxe biak bakar bat bihurtu ebana izan zan, ziur asko. Baina aldaketa horrek etxaurretan eragin txikia euki ebala aitatu behar da. Abade-etxeak egiteko erabili ziran materialak kalidadezkoak izan ziran: hareharria, egurra eta burdina, batez be.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).