Urrea balio du, bai

Aikor aldizkaria 2012ko ots. 22a, 13:47
Txorierriko Izarren Distira saioa irabazi zuenean ezagutu genuen Iván Pérez. Oraingo honetan, 19 urteko derioztarrak Ivan Ivenian goitizenpean hartu du parte Tú si que vales telebista saioan. Han sailkatzea lortu ez badu ere, bere ibilbide artistikoari ekiten jarraitzeko asmoa du. “Saiokoek nire bideoren bat ikusi zuten Interneten, eta programan parte hartzera gonbidatu ninduten posta elektronikoz”. Hala hasi zen Iván Pérezen telebistako abentura, Tú si que vales saioan. Programa horretan artista ezezagunek ekitaldi bat eskaintzen dute, eta epaimahaiek aztertzen dituzte. Ivánek umorezko bakarrizketa aurkeztu zuen, eta bertan beat-box emanaldia (hau da, hainbat soinu, ahoz) tartekatu zuen. “Azken bolada honetan bakarrizketek gai berberak izaten dituzte hizpide: sexua, harremanak... Nik bestelako gai bat jorratu nahi nuen, eta burdinazko barrabila nuela esaten hasi nuen saioa”. Iváni ez zitzaizkion gauzak oso ondo atera saioan. “Oso urduri irten nintzen eszenatokira, eta gidoiak huts egin zuen, hainbat aldiz birmoldatu behar izan nuelako bakarrizketa. Ez da nire ekitaldirik onena izan, ezta txarrena ere. Berriro egingo nuke”. Pozik dabil derioztarra bizi izan duen esperientziarekin. “Guztira, bost milioi lagunek ikusi naute telebistan, eta saioan agertu den lehenengo bakarrizketagilea izan naiz. Esperientzia ikaragarria izan da, asko ikasi dudalako eta nire ikasketetarako (publizitatea) ondo etorri zaidalako”. Derioko gazteak ez du aitzakiarik jarri nahi izan, baina gauzak beste era batean egitea gustatuko zitzaion. “Ez nuen denbora luzeegia izan dena prestatzeko, eta aldaketa batzuk egin behar izan nituen azken momentuetan. Hasiera batean, lau minutu izango nituela esan zidaten, baina gero bi baino ez nituen izan”. Dena oso azkarra eta nekagarria zen Ivánentzat: bideoa bidali behar izan zien saiokoei; hurrengo astean Madrilera joan zen familiarekin, aurkezpena grabatzera; eta hurrengoan, bakarrik abiatu zen Bartzelonara, programan parte hartzera. “Saioan parte-hartzaile profesionalak eta amateurrak aritzen dira, eta ni profesionalen artean kokatu ninduten. Harrituta gelditu nintzen”. Epaileak Ekitaldia egin eta gero, epaile beldurgarriei egin behar izan zien aurre Ivánek. Merche abeslariaren ustez, txisteak ez ziren onak izan, baina, Ivánen esanetan, hori baino txarragoa izan zen Francisco Riveraren ekarpena. “Nik bukatu nuenean, txisteak botatzen eta txantxak egiten hasi zen; nolabait esanda, protagonismoa lapurtu zidan. Gainera, nire ekitaldiaren zati batzuk ez dituzte emititu, baina haren trufak, ordea, bai. Amorrua ematen dit horrek”. José Corbacho aktoreak eta Risto Mejide publizista beldurgarriak ere eman zuten iritzia. “Risto ez zen hain zorrotza izan. Hura izan banintz, askoz zorrotzagoa izango nintzatekeen neure buruarekin. Nik astero ikusten dut saioa, eta inoiz egin duen kritikarik eraikitzaileena neuri egin zidan. Corbachori dagokionez, oniritzia eta aholku onak eman zizkidan. Batez ere haren ustea da garrantzitsua, hark ere bakarrizketak egiten dituelako”. Ivánek beste lagun batzuk ere ekarri ditu gogora. “Cristian Gálvez aurkezlea oso jatorra iruditu zitzaidan. Harritu egin ninduen, ez bainuen espero halakoa izango zela. El Sevilla ere ezagutu nuen, eta berdin-berdin jokatzen du kamaren aurrean zein atzean. Txantxetan ibili nintzen harekin. Oso barregarria izan zen. Biek animatu ninduten saioa bukatu zenean”. Derioko gazteak profesionalekin ez ezik amateurrekin ere egin zuen topo telebistan. “Beste parte-hartzaileak talentu handikoak eta jatorrak izan ziren. Primeran pasatu genuen denok elkarrekin hotelean. Batek daki ikuskizunaren mundu honetan baliagarriak izango diren niretzat”. Telebistak mundu magikoa aurkezten digu, baina, Ivánen iritziz, dena itxura baino ez da bertan. “Saioa industrialde batean grabatzen da eta, oro har, oso narras iruditu zitzaidan dena: obrako komunak zeuden, platoan bertan aldatu behar izan nuen arropa... Beste alde batetik, zuzendariak osagai guztiak ditu kontrolpean: zer esaten duen bakoitzak une batean eta hurrengoan, nortzuek egiten duten aurrera eta nortzuek ez...”. Iván etxean dago, Derion, “inon baino gusturago” sentitzen den lekuan. “Derioztarrek eta Udalak izugarrizko babesa eman didate, batez ere, Jesús Lagunas Kultura zinegotziak. Deriokoa izan ez banintz, ez nukeen ezer lortuko”. Ivánek emanaldi batzuk egin ditu emanaldiak bere herrian, eta bidea “pausoz pauso” egiten dabilela dio. Hurrengoa Gure Señeak elkartearen eskutik eskainiko du martxoaren 10ean, Gurea aretoan, 20:30ean, Gaixotasun Arraroen Egunaren haritik. Epaileek ez zioten utzi saioan aurrera egiten; guk ordea, bai, Ivánek urrea balio du, bai.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).