Buruko gaitza hurbilago

Aikor aldizkaria 2012ko ots. 22a, 13:52
Elena Rodríguez Seoane larrabetzuarrak Conocer la enfermedad mental liburua aurkeztu berri du. Liburuak buruko gaitza eta hori duten gaixoak gizarteari hurbiltzea du helburu. Baita senideei eta profesionalei baliabideak eskaintzea ere, gaixotasuna hobeto ulertu eta abordatze egokia egin dezaten. Lau pertsonetatik batek osasun mentalari lotutako gaitza edukiko du bere bizitzan zehar. Inor ez gaude salbuetsita. Hala ere, buruko gaitza gehienok ezagutzen ez dugun gaia da, errefusa eta beldurra sortarazten dizkiguna. Elenak idatzitako liburuak buruko gaitza duen pertsonaren egunerokotasunera hurbiltzen gaitu eta horretarako, oso hizkuntza laua eta ulerterraza erabiltzen du. “Hogeita zazpi urte daramatzat gaixo hauekin eta euren familiekin lanean, eta ondotxo ezagutzen ditut egunero aurre egin behar dieten erronkak eta zailtasunak, euren lorpenak eta berriz gaixotzeak... Mina egiten dit kalean haiei buruz hedatuta dagoen iritzi okerrak, eta ekarpena egin nahi dut gizarteak gaixoa eta gaixotasuna hobeto ezagutu eta ulertzeko”. Elena kezkatuta dabil buruko gaitzen inguruan dagoen ezjakintasunarekin, eta adierazi digu ondorioak askotan oso arin ateratzen direla, eta hitzak ere oso arin erabiltzen direla. “Kasu ikaragarrien berri ematen digute komunikabideek, baina hausnartu behar dugu horiek zergatik gertatzen diren. Ziur asko, izenburuetan azaltzen diren gaixoek ez dute euren tratamendua hartu eta ez dira medikuarenera aldian-aldian joan. Ingurua eta familiaren beraren egoera ere hartu behar dira kontuan. Egia da gaixotasunaren barruan hainbat maila daudela, baina bere medikamentua hartu eta mediku-kontrolpean dagoen gaixoa gauza da nahiko bizitza arrunta eramateko, beste edozein pertsonaren antzekoa”. Liburuan Psikiatriari dagozkionez alderdi guztiak aztertzen ditu Elenak: gaixotasun motak eta euren seinaleak; zelan aurrezaindu; gaitza antzemanez gero, gaixoak eta senideek jarraitu beharreko pausuak; sortu ahal diren arazoak; gaixotasunaren abordatze egokia; eta gaixoarekiko jarrera, banaka batzuk aipatzearren. Lana egiteko, arlo honetan adituak direnak hartu ditu oinarritzat. Era berean, bere ibilbidean ikasitakoa eta erizain moduan lortutako eskarmentu handia eduki ditu informazio-iturri. “Liburua jende guztiari dago zuzenduta, jakin-mina dutenei, gaixo mota honekin dabiltzan profesionalei, senideei, lagunei, klinikan hasten diren gizarte-langileei... Beharrezkoa zen Osasun Mentaleko erizaintzatik lan egitea ”. Hainbat hausnarketaren emaitza Bestetik, patologia arinen gaineko hausnarketa ere egin du liburuan. Azaldutakoaren arabera, horiek gero eta ohikoagoak dira eta zerikusia dute pertsonaren garapenarekin. Biologikoak ez badira ere, okertu ahal dira. Gaixotasunotan hainbat faktorek dute eragina: ingurunekoak, sozialak, ekonomikoak, politikoak eta kulturalak. “Ez dugu sufritu nahi eta zoritxarren aurrean medikamentua eskatzen dugu. Baina bizitza poztasuna eta sufrimendua da. Hausnartu beharra dago buru-ahuleziaren zergatia zein den. Nire ustez, txikitatik landu behar dugu frustrazio-ahalmena, eta mugak onartzen ikasi. Gizarteak ere egin behar du lan, arazo horiek ekiditeko”. Conocer la enfermedad mental urteetan garatzen joan den liburua da. Elenak eta beste hiru kidek Argia Fundazioaren eguneko ospitalea jarri zuten martxan 2000. urtean. Boluntario ibili ziren eta eurekin bat egin zuten beste boluntario batzuek, gehienbat Deustuko Unibertsitateko Psikologiako ikasleak eta etxeko andreak. Elenak materiala prestatu zuen boluntarioei heziketa emateko, eta material hori Díaz de Santos argitaletxera ailegatu zen lagun baten bitartez. Liburua handik hona egindako hainbat informazio-biltze, hausnarketa eta zuzenketaren emaitza da. “Ezjakintasun handia dago gai honen inguruan, eta errefusa horrexek sortarazten du. Buruko osasunaren arazoak gizartera hurbildu behar dira eta hark ere haietako partaide izan behar du”. Egilea Hogeita zazpi urte baino gehiagoko eskarmentua duela, Elena Rodríguez Seoane Buruko Osasuneko Erizaintzako unibertsitate-diplomaduna da, eta Zamudioko Ospitale Psikiatrikoko errehabilitazio zerbitzuan egiten du lan. “Oso lan polita da, poztasun handia ematen didana”. Horrezaz gainera, etengabeko prestakuntzako irakaslea da 2000. urtetik hona, eta 2007. urtean bere ardurapean hartu zuen Ospitalean egiten diren Buruko Osasunaren arloko erizaintzako praktiken tutoretza. Irakasle eta hizlari aritu da hainbat erakunde, unibertsitate eta ikastetxetarako, eta artikuluak idatzi ditu Huntza, Oinarri eta Rol aldizkarietan. Alzheimer se escribe con A de ayuda liburuan hartu du parte, eta Conocer la enfermedad mental berak bakarrik idatzi duen lehenengo liburua da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).