Disparate circo; Diego Aimar eta Shakti Olaizola:

Aikor aldizkaria 2012ko ots. 22a, 14:04
t/a: Gaizka Eguskiza
Disparate hitzak zentzugabekeria esan nahi du euskaraz, baina Diegok eta Shaktik osatzen duten bikoteak ez du burugabekeriarik egiten; eurek malabarismoz, akrobaziez eta umorez jositako ikuskizunak lantzen dituzte. Aikor! aldizkariaren jaialdian zuzenean ikusteko aukera izan genuen. Ezagutzen zenituzten Txorierri eta gure aldizkaria? Zer deritzozue? Txorierrin behin baino gehiagotan egin dugu lan. Aikor! aldizkari txikia da, eta horren modukoak oso interesgarriak dira, independenteak direlako. Gainera, hemengo herritarrek aldizkarian parte hartzeko aukera dute, eta informazio hurbila jorratzen da. Bata, Diego, Argentinakoa; bestea, Shakti, Gipuzkoakoa. Zelan bildu zineten taldea sortzeko? Diego: Ni La Panpakoa naiz, Argentinakoa. 2008an Euskal Herrira, Bilbora, heldu nintzen. Ia 10 urte eman ditut zirkoa egiten, eta Kukutza Errekaldeko gaztetxean nengoela ezagutu nuen Shakti. Biok Koblakari Bizkaiko Malabaristen elkartean ibiltzen ginen. Gure harremana ona zen eta Disparate Circo konpainia sortzea erabaki genuen. Gainera, beste talde batzuetan ere egiten dugu lan. Shakti: Ni Irungoa naiz, baina Bilbora etorri nintzen Arte Ederrak ikastera, eta hor gelditu naiz. Dantza garaikidea egin dut, eta hasiera batean malabareak eta akrobaziak nituen zaletasuntzat, baina, denboraren poderioz, horiek ogibide bihurtu dira. Nolako ikuskizunak egiten dituzue? Gureak akrobazia-ikuskizun ezberdinak dira: normalean mutila da neska hartzen duena; gure saioetan, aldiz, Shaktik ni hartzen nau. Beste alde batetik, oso gutxitan hitz egiten dugu eta umorea da gure ardatza. Era berean, bihurrikatzeak egiten ditugu, eta gorputzak elkartuz figurak sortzen ditugu. Zuen ikuskizunetan, hitzak baino gorputza da garrantzitsuagoa. Erraza da hori? Denboraren poderioz joan gara lantzen. Egia esan, orain zailagoa da nahi duguna hitzen bidez esatea keinuen bidez egitea baino. Hizkuntza propioa eskatzen du gorputza erabiltzeak. Antzerkiaren egoera beti omen da txarra, baina zelangoa da zirkoarena? Antza, modan dago azken bolada honetan.... Zirkoa arte pobrea dela diote, eta, ondorioz, ohitura dugu krisian bizitzen. Gaur egun murrizketak kulturan eta heziketan egiten dira, eta horrek eragin zuzena du gure lanean. Derioko neska bat, Iraide Rabadán, Granadan dabil zirkoa ikasten. Zaila da zirkoan aritzeko heziketa lortzea, ezta? Eskolak garestiak dira, eta gaur egun oso nekez ematen dira bekak. Gainera, taldeak txikiak dira, eta eskoletara sartzeko baldintzak, zorrotzak. Kukutzako kukuak Duela 13 urte, Errekalde Bilboko auzoko gazteek industriarako tresneria-fabrika zaharra okupatu zuten. Horrela jaio zen Kukutza gaztetxea. Lantegia aspalditik zegoen itxita eta jabeek ez zuten eraikina erabiltzen. Hala ere, iaz eraikinaren jabetza aldarrikatu zuten, bertan etxebizitzak egiteko, eta Udalak Kukutza gaztetxea itxitea eta eraistea erabaki zuen. Kukutzan hainbat kultura-jarduera egiten zituzten Errekaldeko neska-mutilek, eta, haien artean, Diegok eta Shaktik. “Kukutza gure egoitza zen: aretoa, tresnak, berogailua, elektrizitatea, gelak... dena genuen eskura bertan, eta dena, doan. Zoragarria zen, edozeini irekita, baina egun batetik bestera dena galdu genuen. Eta guk ez genuen baliabiderik”, dio argentinarrak. “Gaztetxeak hainbat aukera ematen zizkion Errekalderi: rokodromoa, elkarteentzako gelak, jantokia, kontzertuak eta zenbait tailer egiteko aretoak..... Errekaldeko bizilagunek eraiki zuten Kukutza. Orain, aldiz, auzoan ez da ezer gertatzen”, aipatu du Shaktik. Zenbait politikari, irakasle, edota intelektual agertu ziren Kukutzaren alde, baita Bilboko herritarrak ere. Alferrik. Irailaren 21ean desagertu egin zen Kukutza. “Jendearen erantzuna itzela izan zen. Atzerritik ere etorri ziren manifestazioetan parte hartzera: Ingalaterra, Alemania, Italia... Kukutzako asanbladan erabaki zen ahalik eta lagun gehieni deitzea, baina espero genuen baino jende gehiago etorri zen”, esan digu Diegok.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).