Hamarkada bi, hamaika kanta

Aikor aldizkaria 2012ko ots. 22a, 14:27
t: Gaizka Eguskiza
Gaztelumendi Larrabetzuko abesbatzak 20 urte bete ditu, eta, urteurren hori ospatzeko, egitarau berezia prestatu du 2012rako. Kanpoko taldeen emanaldiak eta ezohiko saioak izango ditugu eta, gainera, omenaldia egingo zaie kide eta zuzendari ohi batzuei. “Kideek merezimendu handia dute, gehienak hasiera-hasieratik dabiltzalako abesbatzan. Eta guztien ahaleginari esker, abesbatzak aurrera egiten du. Oso garrantzitsua da 20 urte betetzea”, dio Jesús Antruejo zuzendariak. Jesús musika irakaslea da, baita musikaria ere, eta 2005ean sartu zen abesbatzan. “Taldekideek ezagutzen ninduten eta, aurreko zuzendariak utzi zuenean, niri deitu zidaten”. Larrabetzuko abesbatzaz gain, beste abesbatza bi zuzentzen ditu: Itxartu, Algortakoa; eta Lagun Beti, Barakaldokoa. Ekitaldi berezi batzuk egingo ditu abesbatzak urtean zehar, Larrabetzun bere urteurrena ospatzeko. “Lehenengoa martxoaren 23an egingo dugu, herriko elizan, nik zuzentzen ditudan beste abesbatza biekin. Bertan omenaldia egingo diegu lehengo zuzendariei eta kide ohi batzuei. Haiek guztiek omenaldia merezi dute gogor egin dutelako lan, eta taldeko historiaren parte garrantzitsua direlako”, esan digu Jesúsek. Normalean, abesbatzak lau kontzertu eskaintzen ditu udaberrian. Beste bat, ikasturtea bukatzen denean, eta beste bat, Gabonetan. Gainera, irteeraren bat ere antolatzen dute. Aurten, ordea, ez dute udaberrian kontzerturik emango, aurtengo hitzorduak ahalik eta ondoen prestatu ahal izateko. Gainera, maiatzean parte hartuko dute Gerra Zibileko Burdinazko Gerrikoaren inguruko ekitaldietan. Abesbatzak garai hartako herriko kanta batzuk berreskuratu eta taularatuko ditu. Udari begira, ekitaldi batzuk antolatu dituzte. Ekainean, Gaztelumendikoak Sodupeko Mendiona eta Angeluko (Lapurdi) Vocanti abesbatzekin arituko dira. Beste alde batetik, abuztuaren 15ean, herriko jaietan, gaur egungo kantak abestuko dituzte estreinako aldiz, orkestra txiki batekin batera. Era berean, herriko kantaldian hartuko dute parte. Gaztelumendikoak Extremadura aldera joan ziren iazko udazkenean, eta oraingoan euroak etorriko dira hona. Beraz, urrian Montijoko (Badajoz) abesbatza polifonikoa izango da Larrabetzun, eta kontzertua eskainiko du herriko abesbatzarekin. Urtea biribiltzeko, Txorierriko Gabon-kanten Jaialdia Larrabetzura ekarri dute, eta hor eskualdeko sei abesbatzak entzuteko aukera izango dugu. Jendea erakartzen Gaztelumendikoek egitarau ederra prestatu dute, Larrabetzun euren lana erakusteko, eta herriko jendeak eurekin ondo pasatzeko. “Baina gure kontzertuak edonori daude irekita. Tamalez, beste abesbatzei gertatzen zaien moduan, guk ere gazteak botatzen ditugu faltan. Musika korala elizarekin lotu ohi da, eta neurri batean egia da, baina azken bolada honetan pentsamolde hori badoa aldatzen. Errepertorioak zabaldu egin dira, garaikideagoak dira, eta abesbatzak gauza ezberdinak egiteko gauza dira”. Ildo honi jarraituz, Gaztelumendi abesbatzak Argi beltza kontzertu ikaragarrian hartu zuen parte duela urte batzuk. “Normalean abesbatzek ez dute horrelakorik egiten, baina gu jendea erakartzen saiatzen gara. Argi beltza kontzertua zela-eta, kide berri batzuk sartu ziren taldean”. Gaur egun, 32 abeslari ditu abesbatzak, gehienak Larrabetzukoak, baina baita Zamudiokoak eta Deriokoak ere. Zuzendariaren esanetan, oso giro ona dago taldean, eta kideek jarrera paregabea adierazten dute. “Beti agertzen dira behar egiteko prest, baita proiektu ausartak proposatzen dizkiedanean ere. Esate baterako, atzerriko hizkuntzetan ere abesten dute. Argi dago denbora luzeago behar dugula haiek prestatzeko, baina edozein gauza egin ahal dute abesbatzako kideek”. Hala izan da azken 20 urteotan, eta datozen urteotan ere halaxe jarraituko du, ziurrenik. Urteko hitzorduak Martxoan: –Hilaren 23an, Larrabetzuko elizan. Itxartu Algortako Abesbatza eta Lagun Beti Barakaldoko Abesbatza. Ekainean: –Mendiona Sodupeko Abesbatza eta Vocanti Angeluko abesbatza. Maiatzean: –Burdinazko Gerrikoaren irekieraren haritik. Abuztuan: –Hilaren 15ean. Orkestrarekin batera. –Herri-kantaldia. Urrian: –Montijoko abesbatza polifonikoa. Abenduan: –Txorierriko Gabon-kanten Jaialdia.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).