Testua: Jon Legarreta, Fisika Zientzietan doktorea
Ba ote dago bizirik lurretik kanpo? Denok, noizbait, honelako galdera egin diogu geure buruari. Neure iritziz, bai. Uste da, unibertsoan gure galaxiaren antzeko 100.000 milioi galaxia daudela, eta geure galaxian, Esne Bidean, gutxienez 150.000 milioi izar-sistema. Beraz, badirudi bizia geure planetatik kanpo existitu behar dela, bestela zenbat izar eta planeta alperrik galduta! Hipotesi hau onartuz gero, beste galdera asko sortarazten dira: karbonoan eta uretan oinarritutako bizia, edo beste modu batekoa? Adimentsua edo mikroorganismoena? Ondorioz, biziaren definizioa nork egiten duen, biologoa, biokimikaria, ekologoa edo mikrobiologoa den, horren araberakoa da.
Definizioa alde batera utzita, non aurki daiteke bizia? Guk dakigula, Lurraz gain, Eguzki-sisteman ez dago bizirik, ez planeta ez euren sateliteetan. Hala ere, egotekotan Martek dauzka aukera gehienak, mikroorganismoetan oinarritutako bizia frogatzen bada. Europak eta Encedalok, Jupiter eta Saturnoren sateliteak, barne beroak sortutako ur ozeano bat daukate euren gainazalen azpian, eta bizia izateko baldintzetariko bi betetzen dituzte: ura egoera likidoan egotea eta energia izatea. Hirugarren baldintza, karbono iturri bat egotea da, eta hori oraindik ez da aurkitu.
Eguzki-sistematik kanpo, Lur itxurako planeta bizigarriak dauden jakiteko, NASAk Kepler satelite artifiziala eguzkiari orbitatzen jarri zuen 2009 urtean. Dagoeneko, planeta izateko hautagai diren 2.326 aurkitu ditu, horietatik 61 konfirmatu direnak. Pentsatu behar dugu, Kepler sateliteak eskumutur baten tamainakoa den zeruko eremu txiki bat soilik aztertzen ari dela!
Beraz, unibertsoko beste planeta batzuetan bizia dagoela suposatzea nahiko logikoa da. Horrek ez du esan nahi, beste mundu bateko izakiak Lurrera heldu direnik, Objektu Hegalari Ezezagunen jarraitzaileak dioten bezala. Gauza bat da, unibertsoan bizia egotea, eta beste bat azaldu ezin ditugun zeruko fenomenoak, estralurtarren erruz gertatzen direla esatea. Horrela izango balitz, euria eta tximistak antzinako jainkoen haserrea bezala ulertu beharko genituzke gaur egun.
Amaitzeko, gure galaxian auzokiderik ez dagoela esan daiteke, ez baitugu jaso inolako kanpoko irrati-seinale adimentsurik, eta existitzekotan gerta daiteke Lurra desagertuta egotea beraien seinalea heltzen denerako. Gainera, unibertsoa hedatzen doa etengabe, eta, ondorioz, gero eta urrunago gaude beste galaxiengandik eta, beraz, beste bizi motengandik.