Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarazko eduki entziklopedikoak jarri ditu sarean, Wikipedia webgunean, hain zuzen ere. Eusko Jaurlaritzak eduki libreen aldeko filosofia bultzatu nahi du, eta horrekin Wikipedia bat dator. Gainera, webgunea irtenbide teknologiko egokia, azkarra, erabilgarria eta merkea da, eta, lan egiterakoan, besteak beste parte-hartzea, osagarritasuna, elkarlana eta lankidetza sustatzen ditu.
Beraz, Lur Hiztegi Entziklopedikoa eta Lur Entziklopedia Tematikoa irakurri ahal izango dira on line. Guztira, 11.000 sarrera daude irakurgai; haietatik 8.500 berri-berriak dira Wikipedian, eta gainontzekoak eguneratu egin dira. Sarreren %20 Euskal Herriari dago lotuta, eta %80k gai orokorrak jorratzen ditu. Europan euskarak baino askoz hiztun gehiago dituzten hizkuntza batzuek (grekoa eta letoniera, esate baterako) ez dute horrenbeste sarrerarik. Ekimena aurrera ateratzeko, azken hilabeteotan Elhuyar Fundazioa eta hainbat euskal wikilari ibili dira lanean.
Eusko Jaurlaritzak bultzada ederra eman nahi die Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei (IKT). Izan ere, funtsezkoak izan daitezke, euskara mundu mailan hedatzeko. “Aro digitalak aukera paregabea ematen digu informazioa ahalik eta gehien demokratizatzeko. Orain ez da behar prentsa edo telebista inperiorik besteengana iristeko. Nork bere bloga sor dezake. Eta, hemendik aurrera, edonon egonda ere, errazagoa izango da dakiguna beste batzuekin euskaraz elkartrukatzea. Iparragirrek iragarri zuenaren haritik, euskara lau haizeetara eta bost kontinenteetara zabaldu daâ€, esan du Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.
Auzmendik aipatu duenez, eduki digital horiek euskaldun guztiek erabiltzea dute helburu, baina lehentasuna ikasleak dira. “Euskal Herrian, hezkuntza-maila guztietako ikasleek beste hizkuntza batzuetan (bereziki gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) idatzitako testuak itzuli behar dituzte esfortzu handiz. Euskaraz sortutako material gehiago behar dugu. Uste osoa dut gai garela kalitatezko euskarazko entziklopedia digitala sortzeko. Amesten dudan entziklopediak orotarikoa izan behar du, baina euskararen eta Euskal Herriaren gaineko sarrerek toki berezia izan behar dute. Haurrak eta nerabeak erakartzeko, irudiek eta lan grafikoek garrantzi handia izango dute. Hori da Eusko Jaurlaritzaren eta Wikipediaren nahia eta horretan ari garaâ€.