Gurea bezalako gizarte moderno batean nekez egingo dira urratsak hedabide sare indartsurik ezean. Azken batean, hiztun komunitate guztiek dute mundua beren hizkuntzan ikusteko eta kontatzeko beharra. Gure lana 450.000 lagunengana iristen da, eta horretarako, 600 langile baino gehiago ari dira lanean 100dik gora hedabidetan. Guztira 27 milioi eurotik gorako aurrekontua mugitzen dugu urtean, eta zazpi milioi eurotik gorako ekarpena egiten dugu diru publikoetara.
Ezaguna da Informazio eta Komunikazio Teknologien hedapenak zer-nolako krisi sakona ekarri duen mundu osoan Komunikazioaren sektorera, eta 2008az geroztik bizi dugun krisi ekonomikoak aurreko hori areagotu besterik ez duela egin.
Kontuak kontu, euskal hedabideok etorkizunari buruzko gogoeta estrategikoa egin dugu elkarrekin, eta han aurrera begirako erronka nagusiak proposatu ditugu:
-Negozio eredua eta lan baldintzak. Inbertsio handiak egin behar ditugu, teknologiak eragindako negozio ereduaren aldaketari aurre egiteko eta langileen lan baldintzak hobetzeko.
-Salmenta, kalitatea eta lehiakortasuna. Geure produktuen kalitatea eta kudeaketa hobetu behar dugu. Produktuok estimatzen badira ere, salmentan eta merkatu mekanismoen ezagutzan asko sakondu behar dugu oraindik.
-Hausnarketa eta ikerketa. Hedabideen behatoki baten beharra ikusten dugu, besteak beste, zer garen, helburuak, audientziak, beste hizkuntzetan aplikatzeko moduko esperientzien esportazioa... garatzeko.
-Elkarlana. Sektoreko kideok elkarren lehiakide gara hainbat kasutan, baina elkarrekin ere jardun dezakegu guztion onurako. Koopetibitatea landu behar dugu.
-Erakundeen laguntza politika. Deialdien sistematik hitzarmen ereduetara joatea ezinbestekotzat dugu. Beharrezkoa da erakundeek laguntza politika egokitzea eta sektorearen inbertsioak eta garapena sustatzea.
Herri ekimeneko euskal hedabideon ustez, garaia da erronka horiei sendotasunez heltzeko, eta beste molde eta bide batzuk jorratzeko, irudimena landuz, gogotik arituz eta batez ere elkarlanean, hedabideon artean zein erakunde publikoekin eta jendartearekin. Hala, gure etorkizun hurbila zein urruna bermatu nahi duen elkarlana abiatu dugu, sektore antolatu gisa funtzionatzen hasi ahal izateko lehen harria.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).