Indartsu joten, tatamian

Aikor aldizkaria 2012ko mar. 23a, 14:28
Iraia Rodriguezek 11 urte baino ez ditu, eta gerriko urdin-marroia janzten du jadanik. Karateka “goiztiarra” dela esan daiteke. Bere armak diziplina eta azkartasuna dira, baina batez ere borroka-arte honetarako duen grina. Lezamarra orain dela sei urte hasi zen karate munduan. “Aitak esan zidalako ea saiatu nahi nuen. Eta gustatu zitzaidan. Beste borroka-arte batzuekin ere, taekwondo eta judo kasu, saiatu naiz, baina ez ditut gustuko. Horietan KO utzi ahal zaituzte”. Etorkizun handiko karateka izan daiteke, Iñaki Toledano bere entrenatzaileak azaldu digun bezala, asimilatze-ahalmen handia duelako, eta aurrera nahiko azkar egiten duelako. “Zerotik 10era arte, 9,5 bat da”. Gainera, bere adina kontuan hartuta, oso gerriko altua janzten du. “Baina meritua ez du adinagatik, beste batzuek ere kolore altua janzten dutelako oso gazteak direla. Meritua du astean oso ordu gutxi entrenatzen duelako. Iraiak lortu duena lortzeko beste batzuek gehiago entrenatu behar dute”. Horrela, bada, astelehenetan eta asteazkenetan karate eskola jasotzen du Lezamako ikastetxean, eta entrenatzaileak ahal duenean, Barakaldora joaten da heziketa osatzera. Txapelketa garaian, berriz, buru-belarri entrenatzen du. Azken garaipen inportantea iaz lortu zuen Valentzian, bertan FEUAMek (Borroka-arteen Espainiako Federazio Bateratua) antolatutako Espainiako Txapelketa irabazi baitzuen kumite kategorian. “Kumitea borroka da”, esan digu Iraiak, “Txapelketan kata ere egin zen, eta horretan hirugarrena gelditu nintzen. Katak teknikoagoak dira, mugimenduak-eta egin behar direlako. Niri kumitea gustatzen zait gehiago, aurkariekin kontaktua duzulako”. Txapelketa hasi baino lehen urduri izaten dela aitortu digu, baina urduritasuna lehenengo txanda egin ostean desagertzen dela. Txapelketaren arabera —hura zein federaziok antolatzen duen aintzat hartuta— Iraiak soilik neskekin edo neskekin eta mutilekin borrokatu behar du, pisu bereko lehiakideekin, adin berekoekin... “Egia esan, niri berdin dit norekin borrokatu, ez dut lehentasunik”. Teknikarik ere ez duela adierazi digu. “Kimonoa jantzi eta ateratzen denarekin egiten dut aurrera. Tatamian oso azkarra eta aktiboa naiz. Nire indargunea horixe dela esango nuke”. Ikasle berezia Oso gaztea den arren, ez du zalantzarik etorkizunari buruz: karate egiten jarraitu nahi du. “Eta polizia izan”. Hori gauzak kontrolpean edukitzea gustatzen zaiolako izango da, beharbada. “Iraia oso ikasle berezia da”, dio entrenatzaileak, “Gehiago eskatzen du beti, baina mugak jarri behar dizkiogu motibazioa galdu ez dezan”. Toledanoren esanetan, neskatoari oso helburu argiak ezarri dizkiote datozen urteei begira. “Haurren gerriko beltza 13 urterekin eskura dezake; eta lehenengo Dana, 16 urte betetzen dituenean. Handik aurrera, nahi duena”. Dena dela, Iraiak txapelketak irabaztea helburu ez duela esan digu, “horiek irabazten baditu, hobeto, noski”, baizik eta azterketetara segurtasun handiz joan dadila, beldur barik, “eta hori entrenatuta eta txapelketan parte hartuta lortzen da”. Karatea Lezamarraren pasioa dela aipatu dugu lehen, baina hura ez da praktikatzen duen kirol bakarra. “Areto-futbola ere egiten dut”. Alex Iraiaren aita da. Datorren ikasturtean DBHko lehenengo kurtsoan hasiko dela azaldu digu, eta gogotik ikasi beharko duela. “Oso neska aktiboa da eta gauza asko egiten ditu astean zehar. Baina ikasketek lehentasuna dute, eta gaur egun egiten dituen gauza horien guztien artean aukeratu beharko du, eskolan ere ahalik eta emaitza onenak izateko. Areto-futbola utziko duela dio, karatearekin jarraitu nahi duela. Bere erabakia bat edo bestea dela, gure sostengua edukiko du”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).