Inbasino zurigorria: Txorierritik Manchesterrera

Aikor aldizkaria 2012ko mar. 23a, 14:45
Argazkietan: Asier Saenz; Aratz Astobieta, Ander Imaz, Xabier Zubieta, Garikoitz Cortes eta Gaizka Gaztañaga; Asier Vicario; Unai Ibarra eta Urko Real; Beñat Lekue eta Mikel Zarate; Toño Ibarra, Manchesterreko athleticzale bategaz; Aitzol Larrabe; Kepa Uriarte, Pablo Lezcano eta Iñaki Furundarena; Gorka Carro; Andoni Aiarza eta Txato Nuñez; Fernando Coceiro eta familia; Nestor Arregi eta lagunak; Endika eta Arkaitz; Miren Peñalver
Athleticek Manchester United talde ingelesa hartu eban mendean Europa Ligako final-zortzirenetan. Zurigorriek maisutasunez jokatu eben eta partida biak irabazi eutsiezan deabru gorriei. Garaipen berarengaitik, erakutsitako mailarengaitik eta zaleok emondako erantzuna apartarengaitik, zaleok urteak eta urteak eukiko dogu gogoan kanporaketa. Eta Aikor! aldizkariak zein hainbat txorierritarrek aukerea euki genduan hori guztia zuzenean bizitzeko. Denporaldi hasikeran, Athleticek ezin eban imajinau aurten Manchesterren kontra jokatuko ebanik. Ingelesak Txapeldunen Liga hasi ziran jokatzen irailean, baina abenduan, handik kanporatu zituenean, Europa Ligan sartu ziran lehian. Era berean, zurigorriek ligaxka eta kanporaketa bi gainditu behar izan zituen denpora-tarte berean. Baina amesa egia bihurtu zan, eta inoiz ahaztuko ez dogun kanporaketaz disfrutau dogu. Datozan urteotan jarraituko da kanporaketa horren inguruan berba egiten, eta batzuok, zoriontsuenok, bertan egon ginala esan geinke. Ez zan Athleticek Manchesterren kontra jokatzen eban lehenengo aldia. Zale zurigorri nagusi-nagusiek oraindino dabe gogoan Europako Kopan 1957. urtean jokatu zan kanporaketea. Busby boys (Busbyren mutilak) esaten eutsien talde zoragarri horreri, eta tamalez futbolaren historia baltzean sartu ziran urtebete beranduago, 1958an, zortzi jokalari hegazkin-istripuan hil ziralako. Joanerako partidan 5-3 irabazi eben bilbotarrek, erabat zuri egoan San Mames futbol-zelaian. Itzulerakoan, ostera, 3-0 nagusitu ziran ingelesak Maine Road zelaian. Deabru gorriek sailkatzea lortu eben, baina behintzat garai hatako Europako talderik indartsuenetariko bat ikusi eta irabazteko aukerea euki eban Athleticek. 2012. urtean gauzak erabat ezbardinak izan dira. Bielsa boys-ek United hartu eben mendean, bai joaneko partidan, Ingalaterran (2-3), bai itzulerakoan, Bilbon (2-1). Eta ganera joko alaia, azkarra eta eraginkorra erakutsi eben zurigorriek. Europa osoak ikusi ahal izan eban bilbotarren jaialdia. 1957an Carmelok, Oruek, Garayk, Canitok, Eturak, Maurik, Artetxek, Markaidak, Merodiok, Uribek eta Gainzak jokatu eben; 2012an, Iraizoz, Iraola, San José, Javi Martínez, Aurtenetxe, Iturraspe, de Marcos, Herrera, Muniain, Susaeta eta Llorente izan dira heroiak. Gogoan eukiteko beste hamaikako bat. Erakustaldia, baita harmailetan be “Nagusia nazanean, Athleticek jokatu dituan bezalako partidak ikustea gustauko litxakit”, esan eban Óscar de Marcos jokalariak. “Partida sinistuezinak izan dira”, aitatu eban Llorentek. Athleticeko erakustaldia itzela izan zan berdegunean, baina zaletuek harmailetan emon ebena be ez zan makala izan. Itzulerako partidan, Athleticek ezin izan eban txartelik salgai jarri, eta zelaia ganezka egon zan. San Mamesetik kanpo be kristoren giroa egon zan egun osoan zehar. Zuria eta gorria nagusitu ziran urian: banderak jarri ziran Udaletxeko eta hainbat etxetako balkoietan, lantegietan, tabernetan....; dendariek taldeko koloreakaz apaindu zituen erakusleihoak; nagusiek eta gazteek kamisetak eta bufandak jantzi zituen goiz-goizetik... Bilbok eta Bizkai osoak egin eban bat Athleticegaz. Eta garaipena ordu txikietara arte ospatu zan. “Eskerrak final-zortzirenak zirala”, esango dau futbolzalea ez dan edozeinek. Eta zuzen ibiliko da, ziur asko, baina bizkaitarrok ezagutzen dogu Athleticek dauan indarra, bakarrik Athleticek dauana. Zer gertatuko da zurigorriak Bukaresten egingo dan finalerako sailkatzen badira? Auskalo! Aireportuko langile batek halan esan eban marea zurigorria ikusi ebanean: “Hobe geunke lan-erreformaren kontra mobiduko bagina”. Bai, Bilbon eromena izan zan, baina hori baino handiagoa Manchesterren bizi izan zan. Guztira, 8.000 zaletu joan ginan Ingalaterra aldera. Inbasino zurigorria Manchesterreko kaleak alaitasunez eta bakez hartu genduzan Athleticeko zaletuek. Partida eguaztenean jokatu zan eta goizean Athletic Uria antzeko bat jarri zan katedraleko atzeko plazan, noria erraldoiaren alboan. Kalean alkohola edatea debekauta ei egoan, eta tabernetan Athleticeko kamiseta ez janzteko aholkua zabaldu zan. Egia esan, giro atseginez eta poliziez inguratuta, Athleticeko zaleak goiza emon genduan garagardaoa ez eze kalimotxoa be edaten, eta goitik behera zurigorriz jantzita, noski. Bazkaltzeko orduan kaleko jaia moteldu egin zan, eta marea zurigorria jatetxeetara joan ginan indarrak barritzera. Bazkaldu ostean, futbol-zelaira joateko ordua heldu zan. Old Trafford hirigunetik urrun dago, eta zaletu askok eta askok tranbia hartu genduan hara joateko. Tranbiak ganezka ebiltzan eta ahots goxo batek gazteleraz gogoratu euskun txartelak erosteko. Gehienok ez geuntsan jaramonik egin, baina guztiok egin genduan barre ahotsak “Aupa Bilbao” esan euskunean. “Manchester City uriko beste taldeko zaletua, ziurrenik”, pentsau genduan. Tranbia 15 minutu beranduago ailegau zan Ametsen Antzerkira. Kanpotik ez da uste baizen harrigarria. Inguruan janari azkarra eta futbol-produktuak dagoz salgai hainbat postutan. Zelaiko denda ofiziala bisitatzeko aukerea be ez da alperrik galdu behar. Ingalaterrako beste futbol-zelaietan legez, Old Traffordeko ateak estu-estuak dira eta sartzen zaranean, ez deutsie txartela apurtzen. Askoz hobeto Manchesterreko abentura betiko gogoratu gura dogunontzat! Tranbiako neskaren ahots goxoak adorea emon euskun zaletuoi, partidari baikortasun osoz aurre egiteko. Ez genduan behar, baina, halanda be, eskertzekoa izan zan. Athletic primeran dabil jokatzen aurten eta konfiantza osoz sartu ginan jarraitzaile zurigorriok Ametsen Antzerkira. Zortzi mila ameslariok eserlekua topau baizen pronto hasi ginan abesten. Artean 30 minutu falta ziran partidari hasiera emoteko, baina zirrara berezia sentidu genduan gure mutilak berdegunean beroketak egiten zituela ikusi genduzanean, eta geure burua non eta Old Trafforden. Old Trafford zelaiari Ametsen Antzerkia esaten jako, eta bukaera zoriontsua euki eban komedia harrigarria ikusi genduan han zurigorriok. Ingelesek, barriz, beldurrezko film aspergarria ikusi ei eben. Gure jokalariak dantzari errusiar trebeenak bezala aritu ziran, pelota leku batetik bestera maisutasunez mobiduten eta jokoa erabat menperatzen; ingelesak, ostera, bigarren mailako aktore itsusiak izan ziran, baloiagaz zer egin eta Athleticeko erasoa zelan oztopatu jakin barik. Partida bukatu zanean, ezin genduan sinistu. Harro gengozan Athleticegaz, bai horixe. Baten batek oraindino dauka irribarrea ezpanetan. Irribarre bukaezina. Badaezpadan argazkiak ateraten jarraitu genduan. Momentua geure kamaretan betiko harrapauko bagendu moduan. Partida amaitutakoan, 30 minutu emon genduan zelaian, harmailetatik mobidu ezinik. Beste ahots batek ames goxotik atera ginduzan eta, gazteleraz, handik alde egiteko gonbitea egin euskun. Manchesterren amesaren amaiera izan zan. Hurrengoa Bukaresten izan leiteke. Ameslari txorierritarrak Manchesterren kostaldera ailegau zan marea zurigorrian hainbat tanta txorierritar egon ziran. Batzuk hegaldi zuzenak hartu zituen; Asier Saenz lezamarra, adibidez. “Egunenean bertan hartu genduan charterra Gasteiztik. Barikuan bueltau ginan eta itzela izan zan: aireportuan hainbat lagun egozan bufanda eta kamiseta zurigorriak jantzita zituenak. Eta giroa Manchesterren be zoragarria izan zan. Espero genduan baino askoz hobeto ibili ginan”. Aukera bera hartu eban Gorka Carro Sondikako alkateak eta berak be aitatu dau bizi izan zan giroa. “Edozein lekutan egiten genduan topo hemengo baten bategaz. Halako giroa bakarrik kopako final baten ezagutu dot nik. Manchesterren egun itzela pasau genduan eta partidak amaiera bikaina emon eutson jaiari”. Hegaldi zuzenak berehala agortu ziran eta athleticzaleak beste aukera batzuk hasi ziran bilatzen. Unai Ibarra sondikarra, adibidez, Madrilera abiau zan autoz; Madriletik Londresera, hegazkinez; eta Londres-Manchester, autoz barriro. Eguaztenean atera eta barikuan itzuli. “Oso esperientzia polita izan zan. Hango tabernetan hemengo jenteagaz topau ginan. Poza kalean bagengoz bezala izan zan”. Kaleetan, hango batzuk adorea emon euskuen United irabazteko, eurek City taldekoak ziralako”. Aratz Astobieta loiutarraren bidaiak be geldialdi batzuk euki zituan. Aratz bere lagunakaz joan zan: Ander Imaz, Xabier Zubieta, Garikoitz Cortes eta Gaizka Gaztañaga. Hegazkinez joan ziran Londresera, eta hortik Manchesterrera autobusez . Halanda be, gogorrena ez zan bidaia, partidarako txartela lortzea baino. Izan be, koadrilak 17 ordu emon eban ilaran, baina “merezi izan eban”, euren hitzetan. Manchesterren bizi izan ebena zoragarria izan zan. “Aidean nabaritzen zan zerbait berezia zala. Zelaian denpora osoan ibili ginan abesten, eta akabueran buruko mina genduan eta oso kantseta gengozan. Hurrengo egunean Manchester United-eko jarraitzaileek zoriondu egin euskuen garaipenagaitik”. Nestor Arregi zamudioztarra, barriz, autobusez joan zan Bretainia Handira. “Hogeta bat ordu emon genduzan bidaiatzen: jipoia itzela izan zan, baina oso giro bikaina euki genduan”. Nestorren ustez, ez dago hitzik bizi izandakoa azaltzeko. “Hara joatea amesa zan eta bertan egia bihurtu zan. Gainera, ez genduan euki arazorik bertoko jenteagaz eta poliziagaz. Buelta apur bat gogorra izan zan. Bidaia osoa partidari buruz hitz egiten emon genduan. Gero, Osasuna ikustera joan nintzan”. Nestorren legez, Beñat Lekue (Larrabetzu) eta Mikel Zarate (Lezama) be autobusez joan ziran Manchesterrera. “Bidaia oso gogorra izan zan, baina merezi izan eban. Joanerako bidaiako ames gaiztoak, goxoak izan ziran bueltan. Izan be, giroa, ingelesen harrera eta Old Traffordeko Amets Antzokian bizitako jaia ahaztuezinak dira”. Kopa irabazi daben taldeen argazkiak ikusgai Berrogeta hamar urteren ostean Manchesterren jokatzeak, eta non eta Old Trafford futbol-zelaian, zaleen euforia biztu baeban, Kopak be ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Barçaren kontra jokatuko dau Athleticek maiatzaren 25ean, orain dala hiru urte bezala. Lagun asko prestaketak egiten dabilz: Madrilera zelan joan, ostatua non hartu, sarrerakaz zer gertatu... Eta Susterrak Zamudioko tabernan omenaldi txikia egin deutsie taldearen sorreratik hona Kopa irabazi daben jokalariei. Athleticek orotara 23 Kopa ekarri ditu etxera: lehenengoa, 1903. urtean; eta azkena, 1984. urtean. Horreek guztiak lortu dabezan taldeen jokalarien argazkiak ikusgai jarri dira tabernan, eta lekua itxi da, oraingo honetan Kopa irabaziz gero, han gaur egungo taldearen jokalarien argazkia be ipinteko. Miren Peñalverrek azaldutakoaren arabera, argazkiak Julio bere aitak bildu zituan. “Argazkiak Kopari begira jarri doguz, gure historiaren zati garrantzitsua dala pentsaten dogulako. Ez da bakarrik Athleticeko historia, geu guztion historia be bada”. Argazkiak Kopako finala jokatzen dan arte izango dira ikusgai.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).