Testua: Jose Luis Revuelta, Udal Euskaltegiaren zuzendaria
Euskera gureak barri ona ekarri deusku oraintsu. Aurten “D†ereduan matrikulautako ume eta gaztetxuen kopuruak nabarmen gora egin dau-eta. Euskaltegietara be hainbat heldu hurreratu jakuz, gaitasun komunikatiboa lortu edota akreditatzeko maila eskuratuko dabenak. Unibersidadeetan urterik urte ohikoagoa da ikasketak euskeraz egiteko hautua. Horrek guzti horrek agerian itxiten dau gero eta gehiago dirala euskera dakienak zazpi euskal herrietan. Jakin be, euskeraz askok badakie.
Halan eta guzti bere, jakiteak berez ezinbestean egitea ez dakarrela ikusita gagoz. Horrexegaitik dago premia euskerearen erabilerea sustaten jarraitzeko, alderdi publikoan nahi pribaduan. Bateko, ganorabakokeria bazter itxi eta pentsau daigun euskaldunok euskaldunokaz euskeraz egitea berezkoa dogula, erarik naturalena. Besteko, zerbitzu publikoetan zein pribaduetan euskeraz komunikatzeko aukera baliau daigun, elebidunok be ondotxu ordaintzen doguzan zerbitzuak dira-eta. Horra, bada, noiz-non euskeraz egin.
Akabuan, inoiz baino derrigorrekoagoa dogu euskaltzale guztion alkarlana, danok bat eginik, danok eragile, benetako auzolanari (emon eta jaso) oratuta; beste biderik ez dago aro barrian euskerak behar dauen lekua izan dagian. Eragin, bada.
Oraingoan bai, arto asko erein eta... sano koiu. Jakin, egin eta eragin!