Horman gora

Aikor aldizkaria 2012ko api. 25a, 14:12
Eskalada ez da munduan egiten den kirolarik hedatuena, baina Txorierrin baditugu zale sutsu batzuk. Unai Kastresana derioztarra, esate baterako, goi-mailako eskalatzailea da eta neguan Alpeetan ibili da. Iñaki Sagrario eta Joseba Dylan Ruiz, ordea, nagusiagoak dira eta eurak ere joan ziren atzerrira aspaldian. Euren ikuspuntuak ezberdinak dira, agian, baina pasio bera dute: eskalada. Petit Dru orratza (3.733 metro) Frantziako Alpeetan dago. Tontor mitikoa da mendizaleentzat. Jean Christophe Lafaille frantziarra eskalatzaile legendarioa ere bada, besteak beste, 2001ean Petit Dru orratzean bidea ireki izanagatik. Gainera, munduko 14 zortzimiletatik 11 egin zituen (gehienak bakarrik), 2006an Himalayan desagertu baino lehen. Unai Kastresana derioztarrak eskalatzaile frantziarraren urratsei jarraitu zien Petit Drun, neguan, eta Lafailleren bidea egin zuen, Álvaro Novellón madrildarrarekin batera. “Oso zaila omen zela entzun genuen, baina ez zitzaigun hainbesterako iruditu; Tramuntana edo Naranjo askoz zailagoak dira. Gure ustez, Lafaillek zailtasun handiegia iradoki zion bideari, eta gure aurretik bidea egin zuen beste talde batek ere gauza bera pentsatu zuen”, esan digu Unaik. Lafaille bidea, berez, ez da derioztarrak egin duen gauzarik zailena. Espedizioa oro har, ordea, oso gogorra izan da; gorriak ikusi ditu bikoteak. “Txarrena hotza izan zen: batez beste zero azpitik 20 graduko tenperatura izan genuen”. Horren ondorioz, Unaik izozte txikiak izan zituen oinetako behatzetan. Unaik eta Álvarok ahalik eta fideltasun handienez egin nahi izan zuten mendizale frantziarrak 2001ean egindako bidaia, eta horregatik abiatu ziren neguan Frantzia aldera, nahiz eta eguraldia udan baino kaskarragoa izan. Baina hotz ikaragarria ez zen bikoteak topatu zuen oztopo bakarra. Lafaillek teleaulkiak-eta erabili zituen materiala mendira igotzeko, baina Unaik eta Álvarok eskuz garraiatu zituzten. Guztira zortzi aldiz joan behar izan zuten Chamonix herritik kanpamendura. Egunean zortzi ordu eman zituzten gora eta behera. “Bidea elurrez beteta zegoen eta oso nekagarria izan zen; batzuetan gerriraino ailegatzen zitzaigun elurra”. Kanpamendura material guztia eraman zutenean, soka eta aseguruak hasi ziren jartzen, eta dena eskalatzeko prest zegoenean, elurra jauzi zitzaien gainean menditik. Hori zela-eta, kanpamendua hondatu eta etxera itzuli behar izan zuten. Handik egun batzuetara berriro Alpeetara joan eta Petit Dru eskalatzeari ekin zioten. Guztira bederatzi egun eman zuten horman gora, eta hiru kanpamendu jarri zituzten eskalatzen zuten heinean. Kanpamendua, hau da, tutuz egindako hamaka gogorra, hormaren kontra jartzen zuten, eta han egiten zuten jatekoa eta hantxe jan eta lo ere. “Txikia da, baina moldatzen zara, eskalatzen egun osoan zehar ibiltzen zarelako”. Dena dela, hori guztia ez zen gogorrena izan. Mendizalearen iritziz, oso etsipen handia izan zen tontorrera ailegatu ezin izana. “Bidea bukatzea lortu genuen eta hori arrakastatzat jo daiteke. Hala ere, bidearen bukaera ez dago mendi tontorrean, eta hara heltzeko ilusio handia genuen. Baina nekatuta geunden, ez genuen janaririk eta eguraldia oso txarra zen. Beraz, jaistea erabaki genuen. Hainbat egun, hainbat ordu, hainbesteko hotza... Pena izan zen. Noizbait itzuli egingo gara eta beste bide batetik helduko diogu tontorrari”. Unaik Álvaro izan du alboan abentura osoan zehar. “Álvaro goi-mailako eskalatzailea da, oso lasaia; ni, ordea, askoz oldartsuagoa naiz. Berak lasaitasuna ematen dit; eta nik berari, bizitasuna. Elkarren osagarri gara”. Derioztarrak aspalditik ezagutzen du Álvaro eta biak Huescako Peñaguara klubean daude federatuta. “Lehen Gailur Lezamako taldean ibiltzen nintzen, baina Huescakoa baino askoz txikiagoa da. Oso gustura nabil bertan eta askotan Pirinioetara joaten naizenez, gertu-gertu daukat kluba”. Unai mendizalea eta eskalatzailea da, baina bigarrena nahiago du. “Ez dut inoiz zortzimilarik egin, eta ez da orain egin nahi dudana. Zortzimilak oso masifikatuta daude eta hara joateak dirutza balio du. Inoiz sortzen bada aukera ez dakit zer esango dudan, baina hormak eskalatzea nahiago dut”. Azken abentura neguan bizitzeko aukera izan du derioztarrak, baina hurrengoa dagoeneko badu buruan: Borneoko granitozko hormak. “Dirua eta astia” izanez gero, munduko beste puntara abiatuko da. Erantzuna, haizean Iñaki Sagrario eta Joseba Ruiz Lezaman bizi dira, eta biak dira eskalatzaileak. Bikotea Unai baino nagusiagoa da eta eurak ere kanpora joan dira eskalada egitera, baina horiek aspaldiko bidaiak dira. Josebari Dylan esaten diote, gaztetan Bob Dylan abeslari amerikarra gustatzen zitzaiolako. Boben kanta batek erantzuna haizeak daramala dio, eta erantzunak mendiko tontorretan topatu nahian, beharbada, hormak eskalatzen hasi zen Joseba. Europako hainbat menditan ibili da (Alpeak, Dolomitak, Erdialdeko Mendigunea, Kostalde Urdinean....), baita Alaskako McKinley mendian eta Hegoamerikan ere. “Garai hartan ez zen inor halakoetara joaten, aitzindarietakoak izan ginen”, aipatu du Josebak. Iñaki ere Hegoamerikan ibili zen aspaldian. Gaur egun lasaitasunez gozatzen dute euren zaletasunaz. Eskalatzaileen koadrila larunbatero biltzen da eta irteeraren bat egiten dute, etxetik gehiegi urrundu barik. “Hainbat herritakoak gara: Larrabetzu, Derio, Zamudio, Galdakao, Bilbo... Egunean bertan erabakitzen dugu nora joan. Adibidez, Etxaurira joaten gara, Iruñetik hurbil. Nahiko ondo dago, han denetarik duzulako: hasiberrientzat, maisuentzat.... Merezi du harriak goi-mailakoak direlako eta segurtasun handia dagoelako. Gaubea (Araba) ere polita da”, esan digu Iñakik. “Eta udan, askotan, Rodellarrera (Huesca) joaten gara eskalatzera”, gaineratu du Josebak. Eskalada azken urteotan zabaldu den kirola da, eta zaletuek gero eta mendi gehiago kolonizatzen dituzte, hau da, markak eta aseguruak jartzen dituzte haien hormetan. Horregatik, lehen baino leku gehiago daude eskalada egiteko, bai etxean bai kanpoan. Zail egiten zaio bikoteari bakar bat aipatzea. “Lagunek diote leku guztiak atsegin ditudala eta neurri batean egia da. Leku guztiek dute xarma. Galizian oso toki bitxiak daude, adibidez, edo Madrilen inguruan”, adierazi du Iñakik. Joseba bat dator bere lagunarekin, baina berak Marseilla aipatu digu. “Behin Kostalde Urdineko amildegietan, Frantzian, ibili ginen eskalada egiten, eta izugarri polita izan zen itsasoaren gainean egin genuelako”. Kirolaren zabalkundearekin batera izugarrizko bilakaera ere etorri da. “Orain ikastaro gutxiago egiten dira, informazioa lortzea errazagoa baita, batez ere interneten bidez. Lehen oso zaila zen mendi batzuei buruzko informazioa batzea, eta erabiltzen genuen materiala ere ez zen batere aproposa. Era berean, entrenamendua eskasagoa zen gu gazteak ginenean: korrika egiten genuen eta batzuk gimnasiora joaten ziren, gehienez jota. Gaur egun hainbat lekutan daude rokodromoak, eta entrenatzeko aukera zabala dago. Gainera, entrenatzeko taulak ere badaude, eta eskalatzaileek heziketa handiagoa dute”, dio Josebak. Iñakiren esanetan, “informazioa garrantzitsua da, baina lagunak funtsezkoak dira eskaladarako zaletasuna pizteko. Lagunei gustatzen bazaie, zu zeu ere saiatuko zara”. Eskalada egitea edozeinen eskura dago, bai, baina entrenatu egin behar da. “Heziketa ona izan behar duzu, bai fisikoki, bai psikologikoki. Izan ere, gora egiten duzunean beldur irrazionala etortzen zaizu, lurretik urrun zaudelako. Segurtasun neurriak handiak badira ere, beldurrak blokeatu egiten zaitu hasiera batean, eta denboraren poderioz eta ekinaren ekinez baino ezin duzu beldurra menperatu. Eta eskalada egiteari uzten badiozu, ikara berriro sortzen da”, dio Iñakik. Unai, Iñaki eta Joseba zale amorratuak dira, eta beldurra gainditzeko prest daude. Munduko hainbat horma isil izan dira euren ausardiaren lekukoak, eta orain baita Aikor! aldizkariaren irakurleak ere. ESkalatzaileak Unai Kastresana (Derio, 34 urte): Bere esanetan, “berandu” hasi zen eskalada egiten, 24 urte zituela. Unai betidanik izan da oso abenturazalea eta 19 urterekin kanpora, Marokora, joan zen lehenengo aldiz. Geroztik, Vietnam, Bolivia edo Txilen ibilia da. “Neguan eskalada artifiziala egitea gustatzen zait, baina udarako eskalada askea nahiago dut”. Iñaki Sagrario (Derio, 46 urte): Derioko elizako scout taldeari esker jarri zen harremanetan mendiarekin. Haiekin batera kanpaldiak eta espeleologia hasi zen egiten, eta eskaladarako zaletasuna handik etorri zitzaion. Iñakik kirol-eskalada egiten du, batez ere etxetik gertu, baina Perun eta Europako Mendietan ere egon da. Joseba Dylan Ruiz (Bilbo, 55 urte): 12 urte zituela hasi zen eskalada egiten. Garai hartan Naranjo de Vulnes mendia eskalatzea amets zuen. Harrezkero, Dylanek hainbat bidaia egin ditu Afrikatik, Amerikatik eta Europatik. Gainera, GAMEko (Goi-mendiko Espainiako taldea) eta Gurutze Gorriko kidea izan da. Txorieriko rokodromoa? Rokodromorik ez dago bailaran, eta eskalatzaileak aspalditik dabiltza eskalada Txorierrin sustatzeko eskatzen. Unai Kastresanak, adibidez, egitasmo batzuk aurkeztu dizkie Udalei azpiegitura eraikitzeko. Alferrik. “Erakunde publikoek beldur diote jendea rokodromotik erortzeari, baina igotzen dena nagusia da eta bakoitzak jakingo du zer egiten duen. Dena dela, hori ekiditeko, umeen parkeetan jartzen diren moduan, lurzoru biguna jarri ahal da rokodromoetan. Beste alde batetik, ez da garestia ez eraikitzea, ez mantentzea, eta ez da eremu handirik behar. Mantentzeari dagokionez, mendizaleen edo eskalatzaileen taldeek kudeatu ahal dute. Leioan, esate baterako, horrela egiten dute”, dio Iñaki Sagrariok. Eskalatzaileen ustez, aterpeko zein aire libreko azpiegiturak beharrezkoak dira zaletasuna pizteko. “Askotan gazteak parkeetan-eta biltzen dira eta rokodroma ikusten badute, gerta daiteke eskalatzen hastea. Baina eskura ez badute, ez dute egingo. Aterpeko azpiegiturak ere onuragarriak dira, baina daudenak garestiak dira”. Eta nolakoa izango litzateke rokodromoa, hemen egingo balitz? Iñakik argi dauka. “Altuera gutxiko rokodromoa jarriko nuke nik. Leku batzuetan badaude rokodromo altuak, baina entrenatzeko askoz erabilgarriagoa da 2-3 metroko boulderra (blokeak). Herri batzuetan rokodromoa eta boulderra eraiki dituzte elkarrekin, eta altua hutsik dago, eta baxua, beteta. Leioan bi metroko altuera eta 40 metroko luzera duen presaz betetako boulderra egin dute eta hor bakoitzak nahi duena egiteko aukera du”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).