Jon Maia, bertsolaria: “Erabakitze-eskubidea ez

Aikor aldizkaria 2012ko api. 25a, 14:19
Lagatzu Zamudioko euskara elkarteak bertso afaria antolatu zuen martxoaren azken barikuan, eta bertsolarien artean Jon Maia zumaiarra izan zen. Saioaz gozatu ostean, aukera eduki genuen berarekin hitz egiteko. Batez ere bertsolaria izateagatik ezagutzen zaitugu, baina abeslaria ere bazara, idazlea, itzultzailea, gidoilaria, kanta-idazlea... Zelan sortu zen gaur egun euskal kulturaren eragilea den Jon Maia? Bertsolaritzari zor diot dena. Edozein ume bezala, jolasten hasi nintzen bertsotan, eta ez nuen imajinatzen hainbeste gauza egingo nituenik. Azken batean, hitza da nire bizitzaren ardatza, hitza eta komunikazioa, eta haien haritik sortu da diziplina horietan guztietan aritzea. Bertso-eskolan hitzarekin jolasten eta komunikatzen trebatzen gara umetatik, eta bertsolaritzan ondo joan zait niri. Enbor horretatik atera dira beste adar guztiak. Bestetik, nahiko saltseroa naiz, eta ausardiarekin jokatu eta neure buruari mugarik ez jartzeak dibertitzen nau, motibatzen nau. Dantza egiten duen beste Jon Maia batekin egin dugu topo interneten. Eta hainbat esparru lantzen dituzunez, hura zu ote zinen pentsatu dugu hasiera batean (kar, kar)... Beno, dantza ere egiten dut, baina gaueko 12etatik aurrera (kar, kar)... Lagunak gara. Bera umea zela, dantzari ezaguna bihurtu baino lehen, etorri zen familiarekin ni ezagutzera, izen bera genuelako. Handik hona askotan gurutzatu dira gure bideak, eta errakuntzak ere izan dira komunikabideetan. Apirilean Gazta zati bat dokumentala aurkeztu duzue Giza eskubideen Zinemaldian, Donostian. Nazioen Munduak, Goierriko elkarteak, enkarguz eskatutako lana da, autodeterminazio-eskubidearen gainean. Herri mugimendu horrek zenbait urte daramatza pentsamendu ezberdinetako jendea biltzen, erabakitze-eskubidearen inguruan. Gu formula interesgarri hori hasi ginen jasotzen eta grabatzen. Denborak aurrera egin, eta denok ikusi ditugun gertakizun politikoak hasi ziren azaltzen Euskal Herrian, apur bat ziklo historikoaren aldaketa izan daitezkeenak. Aldi berean, elkarteak harremana du Eskoziarekin, eta han ere hasi dira gauzak gertatzen. Dokumentalak hiru hari horiek josten ditu. Eskoziako eredua ezagutzeko aukera izan duzue, eta hura aldarrikatzen duzue dokumentalean. Gure ustez, eredu hori oso interesgarria da, han erabakitze-eskubidea zalantzan jartzen ez baita. Gobernu britainiarrak zein Eskozian dauden unionistek ez dute zalantzan jartzen eskoziarrak direla euren etorkizuna erabaki behar dutenak. Irakaspena da bai Euskal Herriko unionistentzat, bai Estatu espainiar eta frantziarrerako. Izan ere, arazoak konpontzeko, herriari hitza ematea demokrazia handiagoa izatea da; eta ez gatazkaren bidez. Zelan bizi duzu zuk Euskal Herrian zabaldu den prozesua? Dokumentalari esker, gauzak gertatu diren momentuan grabatu ditugu, lekuan eta protagonistekin. Prozesua lehen lerrotik bizi ahal izan dut, eta benetan oso interesgarria eta hunkigarria izan da hainbat momentutan. Hura baikortasun handiz ikusten dut, eta uste dut hurrengo 10-15 urteetan herri honek erabakiko duela bere etorkizuna. Iruditzen zait guk ezagutuko dugula momentu hori. Gazta mundua da, eta euskaldunok gure zatia nahi dugu. Zelan heldu behar zaio horri? Indarkeria guztiak eta haien ondorioak desaktibatzen badira, eztabaida erabakitze-eskubidera zuzenduko da, eta hala izaten ari da. Gure ustez, erabakitze-eskubidea ez da eztabaida politikoaren parte izan behar. Pertsona guztiok dugun eskubidea da, Nazio Batuen eskubideen adierazpenean jasota dagoen giza eskubidea, eta edozeinek onartu beharko lukeena. Abertzaleak ez diren pertsonek eta talde politikoek ere eskubide hori naturaltasunez onartzea lortu behar da. Erabakitze-eskubidea ez delako aldarrikapen abertzalea; giza eskubidea baizik. Donostia 2016 proiektuaren berri emateko aukeratu zintuzten, baina ez zitzaien guztiei gustatu eta bertan behera gelditu da kontu hori. Kultur sortzailea naiz eta kultur lan baterako egin zidaten eskaintza, beste 10-12 laguni egin zieten bezala. Eta denak hor dabiltza, baina niri ez didate utzi. Nik uste dut oraindik zenbait jenderi kostatzen zaiola normaltasun politikoa edo demokratikoa onartzea. Eta kultur proiektu batean ere saiatu dira beto politikoak ezartzen. Ni ez naiz politikaria, ni bertsolaria naiz, idazlea... eta harridura handiarekin eta pixka bat haserre bizi izan dut nirekin gertatu dena. Gainera, hau ez zen kontu publikoa, lan eskaintza pribatua baizik. Nik ez dut hitzik esan une bakar batean ere, eta bat-batean talde politikoetatik egindako filtrazioak entzuten dituzu komunikabideetan... eta zu pikotan jartzen zaituzte... Konpontzea espero dut. Galderaren bat bertsolaritzarekin lotuta egon behar, eta hori azkena da. Bertsolari Txapelketa Nagusian finalista izan zara azken lau edizioetan. Handia da arantza? Nik ez nukeen inoiz amestuko lau finaletan jarraian kantatu izana. Hori amets handia da niretzat; eta final bakoitza, izugarrizko lorpena. Inoiz ez dakizulako final batera bueltatuko zaren. Nire bizitzako gauzarik garrantzitsuenetariko bat bertsolari bezala egin dudan ibilbidea da, eta oso pozik eta harro nago. Hamaika urte nituela bertsolaritzan hasi nintzenean, ez nuen ezta imajinatu ere egiten, 28 urteren ondoren, oraindik herriz herri ibiliko nintzatekenik eta lau finaletan kantatzeko gozamena edukiko nuenik. Arantza baino, lorea da niretzat.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).