Mundu arrazionalista eta akademiko honetan ia dena esanda dagoela esan liteke. Adituek ebazten dute nola etorri behar garen mundura, zenbat txerto jarri, nola jokatu, zer jakin. Txikitatik ikasten dugu zer dagoen txarto eta zer ondo, eta zintzoak izatea bezain inportantea dela itxura ematea. Zer esan eta zer isildu agintzen digute. Zer ikasi, nolakoak izan. Zein den pentsamolde edo sentipen zuzena, eta zein okerra…
Ondo hezten gaituzte gizakumeok gizartearen eredua jarraitzeko, eta geruzak bata bestearen gainean jarriz, gure nortasuna kanpotik zizelkatzen digute, harri landuak legez. Ohartu gabe, geuk ere gauza bera egiten dugu geure seme-alabekin. Eta heziketa deitzen diogu honi.
Hala ere, batzuetan ez gara ondo sentitzen geure nortasun zizelkatu honekin; eguneroko jardunak eraman egiten gaitu, lanean, etxean, herrian, eta aurrera egin behar horretan ezin dugu, edo ez dugu nahi, badaezpada, barrua zaintzeko behar dugun denbora hartu. Honetaz ez ziguten argibiderik eman. Lehiakorrak gara lanean, trebeak teknologian, jakintsuak zientzia eta letretan, baina hainbat aurrerapenek ez digute areagotzen larregi une labur batzuetan bakarrik azaltzen zaigun bizipoza.
“Ez dakigu zer gertatzen zaigun, eta horixe da, hain zuzen, gertatzen zaigunaâ€, zioen Ortega y Gasset-ek. Gure barneko sentsazioei kasu gutxi egiten diegulako akaso? Sarri askotan triste, haserre, arraro, beldur ibiltzen gara, eta estali egiten dugu. Ostendu egiten dugu poza, beldurra mozorrotu, edo antsietatea botikekin baretu, ez baitakigu zelan uxatu sortzen zaigun ezinegona.
Ematen du gure izaeraren zatia ere baden mundu emozionalarekin ez dugula harreman oso zuzena, edo ona, behintzat, normalean deskonektatu antzean gabiltzala. Agian horregatik aldrebestu egiten dira gure jarrerak: pena, beldurra eta mina ukatu egiten ditugu, maitasuna baldintzatu, haserrea zigortu, sentiberatasuna baztertu… Mila modutan ekiditen ditugu gure ustezko ahuleziak, konturatu barik, bizitza erakutsi bezala bizi behar baitugu, hil edo biziko estutasunean, besteak bezalakoak izan behar dugulako, hau da, “normalakâ€, horrek ezertarako balio izan ez arren, ezinegona lehengo lepotik jarraitzen du eta.
Ez dezagun, ba, emozioak arrazoipean lurperatuta utzi. Uler dezagun beldurra, askatasunez maite izan, haserretu behar izanez gero, sentiberak izan gaitezen. Eman diezaiegun berezko sentsazioei bidea, geure burua nahi dugun moduan zizelkatuaz, eta agian mundutik eta gure ingurukoekin beste patxada batean ibili ahal izango gara. Agian.