Denbora ez da alferrik pasatzen eta badira urtetxoak gure jendea abizenak edo deiturak euskarazko grafiagaz ipintzen hasi zela. Joera izenakaz hasi zen, umeei-eta izenak euskaraz ipintzen; horren ostean jendea abizenak ere euskaraz ipini gurean bueltaka hasi zen: erregistroa, dokumentazioa, hara, hona… Erraztasunik ez euskaldunontzat.
Ba, holan hasi ziren euskal abizenenen grafiak apurka-apurka aldatzen. Baina ez denak. Letra batzuk erraz aldatu ziren, esaterako v > b, edo c > k edo ch > tx edo y > i: Etxebarria, Atxa, Goikoetxea, Zelaieta… Holan hasi ginen aldaketak ikusten Athleticeko jokalarien kamisetetan ere.
Beste abizen batzuetako letretan, ostera, aldaketak astiro etorri dira. Esaterako, gui > gi idazten hastea gehitxoago kostatu da: Agirre, Egileor, Torrontegi eta abar.
Baina esango nuke gehien-gehien z > tz edo s > ts idaztea kostatzen zaigula. Kasu askotan jakin ere ez dakigu holan idatzi behar direla euskaraz. Esaterako: Eguzkitza –Ekitza gauza bera da–, Arbatzegi, Ametzaga, Ezeitza, Elortza, Amuritza, Antsorena, Ardanatz, Arronitz…
Zalantzarik edukiz gero, onena Euskaltzaindiaren deituren zerrenda begiratzea edo deskargatzea (www.euskaltzaindia.net/eoda/deiturak). Dohainik da.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).