Patxi Abasolo l historialaria eta 1512-2012 Nafarr

Aikor aldizkaria 2012ko mai. 25a, 09:34
t: Gaizka Eguskiza / a: Itsasne Zubiri
Eztabaida handia dago Nafarroan, bertan duela 500 urte gertatutakoari buruz. Batzuek diote Nafarroak askatasun osoz egin zuela bat Gaztelarekin; 1512-2012 Nafarroa bizirik elkartekoen ustez, ordea, indarrez egindako inbasioa izan zen. Patxi Abasolo historialaria eta elkartearen kidea da, eta horren inguruan entzun ahal izan genion Sondikan, Altzora elkarteak antolatutako hitzaldian. 500 urte pasatu dira Nafarroa Gaztelako parte bihurtu zenetik. Anexioa ala inbasioa? Zer gertatu zen eta zer da kontatu dena? Konkista izan zen, eta ez gara hori esaten dugun bakarrak; Gaztelako idazleek izenburu hau jarri zioten kronikari: “Crónica de la conquista de Navarra por las tropas del Duque de Alba”. Zergatik egiten duzue orain aldarrikapena? Inbasioa duela 500 urte gertatu zen... Esaten da Nafarroa Espainiaren zatia dela, Nafarroak berak hala erabaki zuelako, baina hori ez da egia. Inbasioa zokoratzen da, baita horrek ekarri zituen hildakoak eta sufrimendua ere. Atxikimendua ez zen librea izan eta eztabaida historiografikoa eztabaida politikoa bihurtu da. Batzuek diote aspaldiko kontua dela, baina zer da “aspaldian”? Historia oso luzea da eta batzuentzat, adibidez, Gernikako bonbardaketa duela gutxi gertatu zen, eta beste batzuentzat, ordea, aspaldi-aspaldian. Historia guk geuk egiten dugu, norberaren ikuspuntuaren arabera. Zure ustez, Nafarra oso ezberdina izango litzateke inbasiorik egon izan ez balitz? Auskalo!, baina argi dago garai hartan zapuztu egin zela herri horren ibilbide instituzionala, politikoa... Duela 500 urte historiaren trena galdu egin genuen. Eta aldarrikapen horren haritik sortu zen 1512-2012 Nafarroa bizirik elkartea... Duela 4-5 urte hemengo kulturaren aldeko hainbat historialari bildu ginen. Gure ustez, konkistari buruzko eztabaida historian adituen gunetik atera, mahai gainean jarri eta kaleratu behar zen. Eta 2008an egituratu zen herri mugimendua. Horrela, gaur egungo nafarrei aukera eman nahi genien haien iragana eta etorkizunaren gaineko hausnarketa egiteko. Gaur egun guztiok gara Nafarroa bizirik: guztira milaka lagunek, hainbat erakundek eta elkartek eta 100 udalek hartzen dugu parte mugimenduan. Eta oso pozik gaude, eremu guztietara ailegatzea genuelako helburu. Zuen proposamena herritarrei zein erakunde publikoei zabaldu diezue. Nolako erantzuna jaso duzue? Kalean, izugarria izan da erantzuna. Udalek apurka-apurka bat egin dute gure proiektuarekin. Gainera, izugarrizko laguntza eman digute hitzaldiak eta ekitaldiak prestatzeko orduan. Bestelako erakundeekin ere ibili gara harremanetan: 2011n, Nafarroako Legebiltzarrean egon ginen; baita Espainiakoan ere. Beraz, leku guztietan izan dute gure proiektuaren berri eta gutaz hitz egiteko aukera. Elkartea euskal abertzalea da, baina nafarren gehiengoa, eta Nafarroako zein Espainiako gobernuak ez, aldiz. Politikariek arazorik jarri dizuete? Identitateaz ari gara eta gaia nahiko korapilatsua da. Gure iragana ezagutuz gero, identitatea ere ezberdina izango litzateke. Gure kontra doazenek beldur digute, eta ez dute argudiorik. Azken 500 urte hauetan manipulazioa egon da, baina nire ustez, txarrena isilaraztea izan da, hau da, eskoletan ez da gure historia ematen. Guk eskatzen dugun gauza bakarra eztabaidatzeko eta hitz egiteko aukera izatea da. Hitzaldietara hainbat lagun etorri dira, leku batzuetan herriko %90, alegia. Eta ez pentsa, oso kopuru anitza izan da, nafar independentistak ez ezik, gainontzeko alderdi politikoetatik ere hurbildu baitira. Nafarroan oso errotuta dago nortasun nafarra. Urteurrenaren haritik, nolako ekitaldiak zabiltzate prestatzen? Zenbait hitzaldi eta ekimen egin ditugu azken lau urteotan: gazteluen eremuak berreskuratzeko egitasmoa jarri dugu martxan; 60 artistarekin egin dugu lan Arte 1512 webgunean, Nafarroa arte arloan ere badagoela bizirik adierazteko; aldizkaria banatu dugu Nafarroa Garaiko etxeetan... Baina gure harribitxia Konkistak, 500 urte liburua da. Horretan irakurketa labur eta atsegina eskaini diegu gai honen inguruan jakin nahi duten guztiei. Etorkizunari begira, beste ekitaldi batzuk ere antolatu dituzue... Bai, eta bereziki bi aipatuko nituzke. Alde batetik, ekainaren 16rako egun osoko ekitaldia antolatu dugu. Atxikimendua adierazi diguten erakundeak eta herritarrak batuko dira eta manifestazioa egitea baino, Ibilaldi Nazionala egingo dugu. Ekitaldia Gazteluko plazan bukatuko da, eta egun osoan zehar egongo dira ekimenak, adin guztietako lagunek ondo pasatzeko: herri bazkaria, animazioa kaleetan, kontzertuak.... Bestetik, Albako Dukearen armada uztailaren 25ean sartu zen Iruñean, eta egun sinbolikoa da 500. urteurrena ospatzeko. Nafar bandera egun horretan haga erdian edota dolu-xingolarekin jartzeko gonbitea egin dugu, eta zenbait ekitaldi ere egingo ditugu. 1512-2012 Nafarroa bizirik du izena elkarteak. Epemuga dago jarrita izenean, 2012. urtea, alegia. Eta 2013an, zer? Udazkena inflexio-puntu izatea nahiko genuke, garai horretan egin baitzen erresuma berreskuratzeko lehenengo saiakera. Gero gehiago etorri ziren. Hori omendu nahi dugu, eta bide batez bukatutzat emango dugu inbasioaren kontua. Horren ordez, independentzia berreskuratzeari buruzko eztabaida jarriko dugu mahai gainean. Etorkizunari begira, mugimenduaren kideok erabakiko dugu noiz arte luzatu nahi dugun aldarrikapena, gogoaren arabera. Dena dela, mugimenduak argi utzi du 1512an Gaztelak konkistatu gintuela, baina ez dugula amore eman.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).