Burdinazko Garrikoa, 1937-2012

Aikor aldizkaria 2012ko mai. 25a, 12:33
Argazkiak: GureGipuzkoa.net, Indalecio Ojanguren; Anselmo Lorenzo Fundazioa)
Eusko Jaurlaritzak Burdinazko Garrikoa egiteko agindua emon eban, tropa faxistek Bilbo eta haren ingurua hartzeko modurik izan ez daien. Azpiegiturearen kontrako erasoak 1937ko ekainaren 11n hasi ziran Gaztelumendin, eta egun bi geroago lortu eben garrikoa gainditzea. Hirurogeta hamabost urte beteko dira aurten. Errepublikaren aurka egindako estatu-kolpearen porrotak Gerra Zibila ekarri eban 1936ko uztailean. Matxinatuek oso azkar egin eben aurrera Euskadin. Mola jeneralaren tropak Nafarroatik sartu eta irailerako Gipuzkoa osoa eben hartuta. Kolpe militarra arrakastatsua izan zan Araban eta, testuinguru horretan, Euskadiko fronte errepublikanua Bizkaian finkatu zan urriko lehenengo egunetan. Eusko Jaurlaritzak azpiegitura defentsibo bat egin eban, Bilbo faxisten esku geratu ez zedin. Beharrotan 15.000 lagun inguruk hartu eben parte, gehienbat emakumeek eta adinekoek. Eta ha eskura zituen baliabide urriakaz egin eben. Azpiegiturea Bilbo inguratuko eban defentsa-sistemea izatekoa zan, baina Iñaki Berazategi kazetariak azaldutakoaren arabera, erasoak hasi zirenerako, azpiegiturea ez egoan artean amaituta. Eta hormigoizko bunkerrak eregi baziran be, gune batzuetan lubaki-lerroak baino ez egozan, alanbrez, enborrez eta zakuz babestu zituenak. “Beharraren zuzendaria Goikoetxea Oriol izan zan, bere ideologiaren kontrako taldean lotu zan militarra. Ikuspuntu militarretik, azpiegitura akastuna egin eban eta, gainera, frankisten taldera otsailean pasau zan barriro, beragaz defentsa-sistemaren planoak eroan zituala”. Beraz, militarrek ondotxo ezagutzen zituen fortifikazioaren ahuleziak, eta eurentzat ez zala oso oztopo handia izango. “Burdinazko garrikoa, izatez, frankistek jarritako izena da; azpiegituraren jatorrizko izena hau da: Bilboko defentsa-hesia. Baina azkenean haren jaube egingo zirala baekienez, aurkari indartsua bazan moduan aurkeztu eben, medaila ipinteko”. Hasiera batean, matxinatuek Madril okupatzea eban helburutzat, halan atzerriko herrialdeek onarpena eukiko ebela uste ebelako. Uriburuari, ha hegoaldeko fronte errepublikanutik bakartzeko asmoz, hainbat aldiz eraso baeutsien be, ez eben lortu. Franco matxinatuen liderra bihurtu zan ordurako. Haren estadu nagusiak, Madril hartzea ezinezkoa zala ikusita, beste helburu bat hartu eban: Bizkaian sartzea. Alde batetik, Errepublikako hegal ahultzat ebelako; eta bestetik, probintziak eban industria ahalmenagaitik. Soldaduak, artilleria... hasi ziran Bizkai inguruan kokatzen, eta martxoaren 31n jo eben erasora, Durango bonbardeau eben egunean. Kontuan hartu behar da militarren taldea Errepublikaren alde burrukatzen ebenen taldea baino indartsuagoa zala. Lehenengoek heziketa militarra eben, eta bigarrenetariko gehienak lanbide zibiletan aritzen ziran gerra hasi baino lehen. Armei eta tropei jagokenez be, frankistek errepublikanuek baino baliabide gehiago eben, eta, era berean, janariak urri ziren errepublikanuen artean. Oztoporik ez Eusko Gudarosteak batailen eraginez kaltea jaso baeban be, frankistek ez eben erreza izan eta erresistentzia handiagaz topau ziran. Nolanahi be, mendien orografiaz baliau eta azkenean lurraldera sartzea lortu eben. “Beste taktika bat hasi ziran erabilten: bonbardaketak, Durangokoa eta Gernikakoa kasu. Horreek ez egozan helburu militarrei zuzenduta, baizik eta populazinoa etsitea ebela helburutzat. Izan be, tinko mantentzeko, ejertzito batek herritarren babesa behar dau; ezin zara gerra-tokian egon, zure familia bizia galtzeko arriskuan dagoala badakizu”. Faxisten erasoek Burdinazko Garrikoan zehar posizino menderatzaileak hartzea eben helburu. Maiatzerako, Bizkargi, Sollube eta Lemoatx eurenganatuta zituen. Tontor horreek Garrikoa baino altuago egozan eta, handik azpiegitura osoa kontrolaten eben. “Garrikoari Gaztelumenditik egin eutsien erasoa ekainaren 11n, hori defentsa-hesiaren gunerik ahulenetariko bat zala baekielako”. Batailek hiru egun iraun zituen. “Azpiegiturea ez zan eraginkorra artilleriaren erasoei aurre egiteko; eta are gitxiago, abioen erasoak geldiarazoteko. Garrikoa apurtzea ekainaren 12an lortu eban eta azken batailak hurrengo egunean izan ziran. Defentsa-hesia gainditu eta, inongo oztopo barik, Bilborantz abiau ziran errepidetik eta mendietatik”. Datu moduan, merezi dau aipatzea Lezaman Garrikoa defendatzen eben tropen estadu nagusia egoala. Horreetako bat Batailoi Zelta zan, batez be CNTko anarkistek osatzen ebena. Halaber, Gerran hegazkin alemaniar bi lurrera bota ziran Larrabetzutik. Bilbo hartu aurretiko azken batailak Artxandan izan ziran, Heriotzaren Garrikoa bezala ezagututako gunean. Faxistak ekainaren 19an sartu ziran Bilbon. Protagonistak Erasoak hasi ziranerako, herrietatik aterateko agindua emonda egoan eta zibil gehienak alde eginda egozan. Josefina Oregiren ama haurdun egoan garai hatan; bera zemendian jaio zan. “Gurasoak Morgan bizi ziran eta, familia asko moduan, Errigoitira joan ziran. Hutsik topau eban lehenengo etxean sartu ziran. Baina Morgako baserria itxi baino lehen, txahal bat hil eben. Zatika ebagi eta zatiok taloa egiteko azpilean sartu ebezan. Soloan zulo bat egin eta altzaria han lurperatu eben. Aitak gauero egiten eban Errigoititik Morgarako bidea, mendirik mendi, okela-zati bila. Erasoak amaitu eta baserria itzuli ziranean, ha erabat hutsik egoala topau eben. Ez egoan ez animaliarik, ez lapikorik, ez mantarik... Milizianoek etxeetan-eta hartutako guztia Bizkargira eben eroanda. Andrak mendira igoten ziran astoakaz, ea zer berreskuratu ahal eben”. Sabin Aranaren amamak eta gainontzeko senideek gurdi baten sartu zituen balioa eben ondasunak, eta Karrantzarantz abiau ziran. “Bide osoan zehar, amamak ezkontzara eroandako hormako erlojua buru gainean eroan eban, ha gurdian ez apurtzeko. Bestetik, txarri bat eroan eben ezkutauta. Gauean hil eben, musturretik helduta ebela, oihuka egin ez eian. Larrabetzura, Santoñako Hitzarmena sinatu ostean itzuli ziran. Etxea hutsik egoan baina bonbek ez eutsien kalterik sortu. Etxe ondoan lubaki bat topau eben, eta horma bat, Pikene baserrira arte joiana. Metrailadore-habia egoan han. Pikene baserrira sartu eta dana odolez beteta topau eben. Ospitaletzat erabilia zan, antza”. Santander eta Asturiaseko tropak be ibili ziran Burdinazko Garrikoa defendatzen. “Miliziano asturiar batzuk Garrikoko atexketariko bat zaintzen ebilen herriaren sarreran. Bertan hil eta bertan lurperatu zituen”, kontau deusku Berazategik. Juan Atxutegik Aranari esandakoaren arabera, 14 urte inguru zituala, ezkutauta egoan Asturiaseko lagun bati lagundu eutsan. “Aitagaz arrantzan joiala, lagun bat topau eben errekara eroaten eban azpiko tunelean. Gizonak egoera nasaitu zan arte emon eban bertan, eta honeek janaria eroaten eutsien. Alde egiten be lagundu eutsien, antza”. Isiltasuna Sabin Aranak urteak daroaz herriko historia batzen. Isiltasuna topau dau Gerra Zibilaren inguruan. “Gerra bizi ebenak uzkur dira garai horri buruz berba egiteko. Niri eretxiz, Larrabetzun, familien artean ez zan gatazka handirik egon, guztiek ebelako baten bat talde baten edo bestean. Juanek kontau eustan, faxistek herria hartu ebenean, bertoko batek umeak behartzen zituala alarde militarrak egitera. Baina nor zan ez eustan esan”. Jesus Sustatxa eta Luis Gomez Loiu laztana alkarteko kideak dira, eta honeek be denpora luzea daroe Gerra Zibilak herrian euki zituan ondorioak aztertzen. Halan, dokumental bat prestaten dabilz, garai hatako irudiak eta protagonisten testigantzea batzen dituana. “Faxistak Loiura sartu ziranean, ez eben erresistentziarik topau, berton emakumeak, umeak eta zaharrak baino ez ziralako gelditzen. Gizonak gerra tokian egozan, edo kartzelan”. Nicolas Mentxakak kontau eutsen zelan gogoratzen eban berak momentu hori. “Herria soldaduz bete zan. Armak, tankeak... ekarri zituen eta hutsik egozan etxeetan sartzen ziran”. Benito Lopategi eta Marcelo Abarrategi loiuztarrak Garrikoko lubakiak egiten ibili ziran, hurrenez hurren 17 urte eta 12 urte zituela. “Abarrategik egunean ogerleko bat emoten eutsiela esan euskun. Espe Rodriguezen aita be ibili zan lubakiak egiten. Maisua zan, eta Liga Komunistakoa. Atxilotu ebenean, 30 urteko espetxe-zigorra ezarri eutsien”. Oroipen-ekimenak Aurten 75 urte beteko dira Burdinazko Garrikoa apurtu zanetik. Larrabetzun hainbat ekimen egingo dira urteurrenaren haritik. “Ha guztia gogora ekartea gura dogu. Nahiz eta guzurra iruditu, gerra eta haren ondorioei lotutako gaiak oraindino nebulosa antzeko baten dagozalako. Irakaskuntzan be ez dira behar bezala trataten. Era berean, omenaldia egin gura deutsegu Gerra bizi eta historia ofizialetik alboratuta izan diran guztiei. Eta arretea deitu, hau bezalako gaiek, azterketa zein aztarna arkeologikoen kontserbazino arloan, jasaten daben itxikeriaren gainean” aitatu dau Berazategik. Loiun eta Lezaman be ekitaldiak antolatu dira ekainerako. Loiu (Loiu laztana alkartearen eskutik) Ekainak 17, domekea 11:00: Mezea. 11:30: Ez negar egin dokumentalaren emonaldia. 13:00tik aurrera: Dantzen agerraldia, plazan. Loiuko abesbatzaren emonaldia. Gudarien eta Gerraren ondorioak pairatu zituen loiuztarren omenezko monolitoa estalgabetzea. Herri bazkaria Lezama (Lezama Bizirik, Oxangoiti eta Gurasoen alkartearen eskutik) Ekainak 1, barikua Erakusketa, Oxangoiti tabernan. Ekainak 8, barikua Hitzaldia eta dokumentala, Oxangoiti tabernan. Merienda-afaria. Ekainak 9, zapatua Bisita, Bilboko museora: Maleta mexikarra erakusketa. Ekainak 12, martitzena Ekimen sinbolikoa, Burdinazko Garrikoa defendatu eben gudari eta milizianoen omenez. Gaztelumendi tontorrean. Ekainak 17, domekea Bisita, Gaztelumendi-Urrestiko lubakiei. Kopaua. Ekainak 29, barikua (Udalak antolatuta) 20:00: Zerutik sua dator dokumentala Uribarri topalekuan. Ostean, gerra bizi eben lezamarren testigantza Larrabetzu Ekainak 6, eguaztena Gerra, umeei kontauta. Eskolako 3. zikloko umeei zuzenduta. Ekainak 8, barikua Tristísima ceniza nobela grafikoaren aurkezpena. Ekainak 10, domekea 12:00 (plazatik abiauta): Gerran hildako milizianoei omenaldia Bolunburupean. Ekainak 11, astelehena Zerutik sua dator dokumentala, Andra Mari eleizan. Sabin, Arana-Goiri batailoian ibilitako gudari larrabetzuarrari omenaldia. Ekainak 12, martitzena “Euskadi bonbapean” hitzaldia, Jon Irazabal historialariaren eskutik. Ekainak 13, eguaztena Gaztelumendi abesbatzaren emonaldia, Goikoelexalden. Ekainak 14, eguena “Errusiarrak Euskadin”, Mikel Aizpururen eskutik. Ekainak 15, barikua 827 km sin retorno eta El cementerio de las botellas dokumentalak. Ekainak 17, domekea Burdinazko Garrikoko aztarnetatik ibilpidea. Ekimenak: Anguleri kultur etxean

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).