Etorkizuna hidrogenoan?

Testua: Xabier Díaz, BTEK-eko zuzendaria
H2O, uraren formula ezaguna; hidrogeno atomo bi, eta oxigeno atomo bat. Hain preziatua dugun likido hau kudeatzea inportantea da, zalantza barik. Ur-eskasiak arazo larriak sortzen ditu, eragin zuzena izaten du kutsaduran, eta noski, ur barik ez dago bizitzarik. Baina ez da bizitzarako inportantea soilik, gaur egun ura erabilita energia hobeto kudeatzea ere badagoelako. Energia berriztagarrien arazoetako bat haien aldakortasuna da. Energia eolikoa, esate baterako, haizea dabilenean baino ezin dugu erabili, eta haize handiegia dabilenean ere arazoak sortzen ditu. Energia fotovoltaikoa egunaren eta urtaroaren zikloaren eta eguraldiaren araberakoa da, eta energia hidroelektrikoa ibaien emariaren menpe dago. Batzuetan, soberakinak; beste batzuetan ez da nahikoa... Zer egin dezakegu energia soberan dagoenean, hura erabiltzeko? Eta faltatzen denean? Gaur egun, soberakinak aprobetxatzeko martxan jarri ditugun sistemen etekina ez da oso ona, eta, horregatik, zenbait ikerketa-lerro zabaldu dira, arazoari irtenbideak emateko. Horietako bat ura erabiltzea da. Eolikoa, adibidez, denak emanda dagoenean, soberan dugun argindarra erabil dezakegu uretatik hidrogenoa lortzeko. Eta azken hori presio handiko tanketan edo hidruro bidez metatu (hidruroak sustantzia kimikoak dira, hidrogenoak eta metalek, elkartzen direnean, osatzen dituztenak). Hidrurook eta tankeok nahi dugun lekura eraman daitezke. Eta hidrogenerak ere (gasolindegiak bezalakoak, baina hidrogenoa saltzen dutenak) aton daitezke, hidrogeno-autoak hornitzeko, kasu. Bestetik, hidrogenotik argindarra lortzeko, erregai-pilak erabiltzen dira. Hidrogenoa oxigenoarekin elkartzen da, eta emaitza argindarra eta ura besterik ez da. Ondorioz, ez da CO2 edo beste gasik atmosferara botatzen. Horrelako sistemak ere aproposak dira, leku bakartuetan energia edukitzeko. Ez dute kutsatzen, eta masa eta bolumen-unitateko duten energia oso handia da. Auto elektrikoei dagokienez, bateriak erabili beharrean, halako sistemak erabil daitezke energia metatzeko. Lortzen den autonomia gero eta handiagoa da eta, gainera, aipatutako hidrogeneretan minutu batzuk baino ez dira eman behar, depositu osoa betetzeko. Bateriak erabilita, ordea, ordu batzuk eman behar dira. Lehen esan bezala, zenbait ikerketa-lerro zabaldu dira gai honen gainean. Batzuk hobeak dira zeregin batzuetarako, eta beste batzuk, beste zeregin batzuetarako. BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroan, hidrogeno-tailerra garatzen gabiltza ZERO Hytechpark Europako proiektuarekin elkarlanean. Datorren urtean, zer den eta zertarako erabil daitekeen ikusi ahal izango duzue bertan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).