Ángel López , kazetaria:“Erabat maiteminduta n

Aikor aldizkaria 2012ko eka. 22a, 15:17
t/a: Gaizka Eguskiza
Fede Merino, Udane Goikoetxea, Pedro Mari Goikoetxea, Sara Gandara... Txorierri kazetari handien herria da, eta Ángel López lezamarra (1970) beste adibide bat baino ez da. Ángelek urte bi daramatza Onda Vasca irratian, baina aurretik bederatzi urte eman ditu Radio Euskadin. Estudioan egin dugu elkarrizketa, eta mikrofonoa itzalita egon arren, pasioz eta zintzotasunez hitz egin dio hari. Txorierrikoa zara, baina aspaldian ez zara berton bizi... Bai, lezamar eta txorierritar peto-petoa naiz: Lezaman jaio nintzen, Txorierriko Institutan ikasi nuen... Hala ere, azken urteotan bizitzak eta lanak kanpora eraman naute. Gurasoak hil zirenetik bailararekin dudan harremana txikiagoa da, baina hura mantentzen saiatzen naiz: esate baterako, astero-astero umeak eramaten ditut Lezamako Pilota Eskolara. Txikitan neuk ere jokatzen nuen bertan, eta horrela umeek aitaren herria ezagutzeko aukera dute. Horretaz aparte, ahal dudanean, jaietara edo ospakizun berezietara ere hurbiltzen naiz herrira. Txorierri bailara berezia da, bizitasun itzela dauka-eta. Hitz egin dezagun zure ibilbide profesionalari buruz... Kazetaritza ikasi nuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Geroago, praktikak egin nituen hainbat lekutan: Radio Euskadin, tokian tokiko komunikabide batzuetan... Geroago eskaini zidaten Palentzian irratia martxan jartzea eta onartu egin nuen. Palentzian? Bai, lagunek esaten didate horrelakoak niri baino ez zaizkidala gertatzen (kar, kar). Oso istorio bitxia eta hunkigarria da Palentziakoa. Mungian egiten nuen lan neskalagunarekin, eta Palentziako mendian irratia martxan jartzeko eskaini ziguten. Lekua zoragarria da, Europako Mendietan dago, natura-erreserban. Niri natura izugarri gustatzen zait, eta Barruelo de Santullán herria eta bere ingurua oso basatiak dira, oso aproposak naturaz gozatzeko: arrantza egiteko, menditik eta bizikletaz ibiltzeko, perretxikoak biltzeko... Eskualde menditsua da eta komunikabideak, nahiko txarrak. Halaber, elurra egiten du azarotik aurrera. Doctor en Alaska telesaioa bezalakoa zen. Han irratia zerotik jarri genuen martxan: antenista hartu, materiala erosi, estudioa alokatu eta atondu, herrikoekin negoziatu antena euren etxean jartzen uzteko, langileak kontratatu, proiektuaren berri eman... Irratia ilargian egitea bezalakoa zen. Palentziako mendian Estatu mailako irrati batzuk besterik ez ziren entzuten, eta ez zuten ezagutzen guk egin nahi genuen bezalako tokian tokiko irratirik. Irratiak “haize berriak” ekarri zizkien hango bizilagunei, eta jendeak bat egin zuen proiektuarekin. Nahiko arrakastatsua izan zen, baina bi urte pasa eta gero ez ziguten baimenik eman eta itxi behar izan genuen. Politikariek esan ziguten emango zigutela, baina ez zuten euren hitza bete. Injustizia izan zen, baina esperientzia polita. Palentziako menditik Radio Euskadira. Hori aldaketa hori! Bai, Radio Euskadin denetarik egin nuen bederatzi urtean: bekadun, erredaktore, gaueko kirol saioaren zuzendari eta kudeatzaile ibili nintzen. Ogibidearen alderdi gehienak ezagutzeko aukera izan nuen. Eta zergatik EITB utzi eta Onda Vascara joan? EITBko lagunek ez dute oraindik ulertzen. Oso pertsona idealistatzat hartzen dut neure burua. Erabakiak hartzeko orduan ez ditut beste batzuk liluratzen dituzten gauzak kontuan hartzen. Garai batean, EITB asmo handiena zuen Euskal Herriko proiektua izan zen. Eta kazetari guztiek bertan lan egin nahi zuten. Hala ere, duela hiru urte alderdi berri bat sartu zen Eusko Jaurlaritzan eta haiekin batera beste kudeatzaile batzuk etorri ziren irratira. Nire lana ez zen inoiz arriskuan egon, baina erabakiak hartzeko gaitasuna galdu nuen. Apur bat proiektutik kanpo sentitu nintzen. Egoera hartan Onda Vascako proiektua jarri zen martxan. Oso erakargarria iruditu zitzaidan hasieratik eta proiektuan sartzeko aukera sortu zenean, ez nuen alferrik galdu. Askoren ustez, atzerapausoa izan zen; nik, ordea, erronkak ikusi nituen. Gainera, Onda Vascan nire aspaldiko lagunek eta lankideek egiten zuten behar eta niretzat erraza izan zen erabakia hartzea. Onda Vascako proiektuak agerian utzi du fidagarria dela eta ametsak dituela. Eta niri, idealista naizenez, ametsek zoriontasuna ekartzen didate. Zergatik iruditu zitzaizun hain erakargarria Onda Vasca? Palentzian bizi izan nintzena etortzen zitzaidan burura: proiektu gaztea, ilusioz betetakoa eta azkar hazi behar zuena. Gainera, bietan oso erantzun ona jaso dugu entzuleengandik. Bietan oso garrantzitsua da langileon ilusioa, ekimena. Batzuetan horixe da inportanteena, dirua edo proiektuaren garrantzia bera baino. Onda Vascan profesional onek osatutako lan-talde polita egin dugu, eta horrek irauten duen bitartean, irratia arrakastatsua izango da. Aldaketa, beraz, oso pozgarria... Zoriontasuna bukatu egiten da noizbait, galkorra da. Epe laburrean egiten diren proiektuak askoz ekintzaileagoak eta sutsuagoak dira. Urte bi daramatzat Onda Vascan eta oso biziak iruditu zaizkit. Eskuz egindako irratia izan da eta erabakitzeko gaitasun handia daukat. Horrek ardura handia dakar, baina baita erronka polita ere, bai oker zaudenean, bai zuzen zaudenean. Etorkizunari begira, auskalo! Onda Vascak gauzarik zailena lortu du: finkatzea. Zure ibilbide gehiena irratian egin duzu. Zure aukera izan da ala horrela suertatu da? Bokaziozko kazetaria ez naizen arren, izugarri gustatzen zait hitz egitea eta komunikatzea. Ez nuen espero hori ogibide bihurtzea. Hasiera batean harreman hotza nuen irratiarekin; gero arduratsu ibili nintzen; eta gaur egun erabat maiteminduta nago irratiarekin. Irratiak izugarrizko xarma du, baina barruan zaudenean baino ezin duzu hori nabaritu. Irratiak harrapatu egiten zaitu. Programazio, Kirol eta Emisioen arduraduna zara Onda Vascan. Zertan datza zure lana? Egun batetik bestera aldatu egiten da, betebehar anitzeko kudeatzailea naizelako. Goizean egunkari guztiak irakurtzen ditut eta gaien aurreikuspena egiten dut: saioetako lankideekin hitz egiten dut eguna prestatzeko, gaiak eztabaidatzen ditugu... Beste alde batetik, irratitik igortzen duguna aztertu behar dut, emaitza ona ala txarra den ikusteko, eta horregatik gabiltza denbora osoan zehar irratia entzuten, pinganilloari lotuta. Halaber, askotan merkataritza sailarekin egiten ditugu bilerak, iragarleei gauza ezberdinak edo ausartak eskaini nahi dizkiegulako. Beste mota batzuetako bilerak ere egiten ditugu hainbat erakunderekin, Euskal Herrian zer egiten den jakiteko. Egia esan, lana gustatzen zait, eta gustura nago irrati honetan: langileok inplikazioa dugu eta taldea gara. Horixe da irratia mugitzen duena. Zure lana bulegokoa da. Faltan botatzen duzu estudioa, mikrofonoa? Bai. Izugarri. Promozioak-eta egiten ditut, baina ez da gauza bera. Bulegoan lan handia daukat eta lankideak oso kapazak direnez, ez naute estudioan ezertarako behar. Beraz, bulegoan jarraituko dut. Aurten Futbol Liga Profesionalak (LFP) debekatu egin die irratiei futbol zelaietan sartzea horren truke ordaintzen ez badute. Zelan bizi izan duzue debekua Onda Vascan? Gatazka kaltegarria da guretzat, partidak estudiotik igortzea zelaitik egitea baino txarragoa baita. Kudeatzaileen ikuspuntutik, ordea, alde onak ditu: esate baterako, askoz merkeagoa da, bidaietan-eta aurrezten dugulako. Halaber, komunikabide guztiok (bai handiek, bai txikiek) izan dugu arazo berbera eta, ondorioz, bakoitzaren baliabideak orekatu egin dira. Gatazka ez da erraz konponduko. Alde batetik, klubek dirua behar dute; bestetik, komunikabideek ez dute dirurik. Nik uste dut debekuak xarma kentzen diola futbolari eta LFP-aren erabakia ez dela zilegia, baina erakunde pribatua denez (nahiz eta diru iturri batzuk publikoak izan) nahi duena egiteko eskubidea du. “Bielsa da urteko pertsonaia Bilbon” Ángelen ibilbidea betidanik egon da kirolari lotuta. Lezamarrak Athleticen inguruko editorialak idazten ditu noizean behin Deia egunkarian. Eta gogo handiz egiten du, batez ere aurten. Izan ere, Ángelen esanetan, Athleticek denboraldi “zoragarria” egin du. ”Baina ez final bietara ailegatzeagatik, baizik eta izugarrizko ilusioa piztu duelako. Aurtengoa errepikaezina da: Manchesterren kontrako kanporaketa, Sporting de Portugalen kontrako itzulerako partida... Giroa itzelezkoa izan zen. Gainera, nire seme-alabek Athletic sentimendua ezagutzeko aukera izan dute. Eta hori sekulakoa da niretzat”. Denboraldiaren protagonistetako bat Marcelo Bielsa entrenatzailea izan da. “Urteko pertsonaia da Bilbon. Iturgina izan balitz, mirespena sortuko zuen berdin-berdin. Izugarri gustatzen zaizkit bere pentsamenduak. Iaz Txilen idatzitako artikulu batzuen berri eman genuen irratian. Zoragarriak dira, ez dute iraungitze-datarik. Ezberdina da: Seat Ibiza auto batean joaten da lanera, txandalez jantzita, normaltasun osoz. Normaltasuna da bere bertuteetako bat, eta miretsi egiten dut horregatik. Eta dirua ez da bere lehentasuna; bestela, ez litzateke Athleticen geldituko, hainbat eskaintza zoragarri jaso baititu. Pena ematen dit, ordea, elkarrizketa egin ezin izatea, baina horrek handitu egiten du mitoa”. Datorren urteari begira, Ángelek uste du “ezinezkoa izango dela aurten baino hobeto egitea”. “Europa Ligan bigarren gelditzeak meritu handia du, baina inor ez da bigarrenarekin gogoratzen. Hurrengo denboraldian Athleticek ez du finalik jokatuko, ziurrenik. Hala ere, askoz hobeto ibiliko da Ligan, eta Txapeldunen Ligarako sailkapena lortzeko borrokatu behar du; horrexek izan behar du helburua. Oso jokalari handiek jokatzen dute taldean eta Txapeldunen Ligan aritu behar dute. Horrela, jokalaririk onenak Bilbon geldituko dira”. Horietako bat Fernando Llorente da. Aurrelaria klubarekin dabil negoziatzen kontratu berria, eta inork ez daki azkenean Bilbon jarraituko duen ala ez. “Urte hasieran uste nuen baietz, baina gaur egun ez daukat argi. Nik uste dut Eurokopa txarra egiten badu hemen geldituko dela; bestela, alde egingo du, Ingalaterrara ziur asko. Athleticek dirutza eskaini dio kontratua luzatzearen truke, baina kanpoan askoz gehiago eskaintzen diote. Hogeita zazpi urte ditu eta berak erabaki behar du: Bilbon gelditu eta mitoa izan klubean; edo kanpora joan eta, agian, tituluren bat irabazi”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).