Istorioa Historia bihurtu da Erandion

Aikor aldizkaria 2012ko eka. 22a, 15:37
Testua eta argazkiak: Jose Angel Mentxaka
Etxean beti entzun dugun istorioa da. San Juan inguruko domeka zen, eta gure ama, Miren Madariaga, garai hartan 16 urte zituena, Jose Antonio Aresti auzoko umea jagoten zegoen etxean. Baserriak Eguzkietxe zuen izena eta Erandiogoikoa eta Goierri artean dago kokatuta. Etxeko nagusiak mezan zeuden. Goiz erdi aldera, abioi handi bat ikusi zuten zeruan, Algortarantz zihoana. Baina, bat-batean, buelta eman, eta, gero eta beherago hegan egiten zuela, gure etxera zuzendu zen, artez-artez. Ama oihuka hasi zen eta korrika joan zen goiko soloetarantz, atzera begiratu ere egin barik. Umea, beldurtuta, etxe barrura sartu eta logela batean ezkutatu zen. Kontatutakoaren arabera, etxearen parera ailegatu zenean, hegazkinak eskuineko hegoa altxatu eta teilatuaren arrasean pasatu zen, etxea bota barik. Baina ezkerreko hegoarekin apurtu zuen etxe atzean zegoen argi-indarraren postea. Abioiak 300 metro aurrerago lortu zuen lurra hartzea, Agarretxu eta Bizkerre arteko solo batean. Hegazkin batek etxea bota zuen berria heldu zitzaien mezan zeudenei, eta auzokideak laster hasi ziren lekura hurbiltzen. Lekuko baten esanetan, tripulazioa eskuan pistola zutela atera ziren hegazkinetik. Eta lasai ederra hartu zuten, Frantzian ez zeudela azaldu zietenean. Izan ere, gertaera hau II. Mundu Gerraren testuinguruan kokatu behar dugu. Abioia eta pilotuak amerikarrak ziren eta Frantzia okupatua zebiltzan bonbardatzen. Hegazkineko matxura batengatik ezin ziren Ingalaterrara itzuli, eta alemanen esku gelditzearen beldur ziren. Inguruko batek, Pedro Dañobeitiak, bazekien ingelesez eta elkarri ulertzea lortu zuten. Bilboko kontsul amerikarra eta militarrak laster ailegatu ziren. Batzuek diote amerikanoek jausgailuak aldean zeramatzatela hegazkinetik atera zirela, eta haiek ondoko baserrikoei eman zizkietela. Inguruko andrek seta-telazko jantzi berriak estreinatu omen zituzten urte horretan. Baina beste bertsio baten arabera, soldaduak heldu eta jausgailuak kendu zizkieten. Jende ugari hurbildu zen bertara, eta soldaduek luzaroan egon ziren abioia zaintzen, ia urtebete, harik eta apurka-apurka hura desmuntatu eta pieza guztiak handik eraman zuten arte. Beste lekuko bat Aitak, Anselmo Mentxakak, 18 urte zituen orduan eta handik nahiko kilometrora bizi zen, Larrondon. Ederto gogoratzen du egun hori. “Sutegi baserrira joan nintzen txakolin bila. Bueltan, Igiliz baserriaren parean nengoela, Lezama aldetik ikusi nuen hegazkin bonbaketaria. Leioa inguruan buelta eman, eta bazirudien Sondikako aireportura bideratu nahi zuela. Aireportua obratan zegoen. Ez zuten lortu eta Erandio aldean jauzi zen”. Beste hainbeste lagun bezala, arratsaldean joan zen abioia ikustera. “Soldadu ugarik inguratuta zegoen. Gari solo baten jausi zen eta baserritarra protestaka zebilen, hara hurbildutako kuriosook dena zapaltzen genuelako. Militar batek isiltzeko esan zion, ordainduko zitzaiola”. Aitaren esanetan, abioiari motor bat falta zitzaion. Lurra hartzen saiatzen zebiltzala munan jo eta motorra atera omen zitzaion. “Pilotuak abila izan behar izan zuen, solo horietan lurra hartzeko. Ezkerreko hegoan, argi-indarraren postearen kontrako kolpearen ondorioz egindako koska ikusgai zegoela zioten”. Egun horretan, hegazkina ikusten zegoela, aitak ez zuen imajinatzen urte batzuk beranduago ondoko baserrira ezkonduko zenik. “Hegazkinlariek Lagine Larrondoko txaletean hartu zuten ostatua. Inoiz hango presan ikusi nituen, bainua hartzen”. Hasieran esan bezala, istorio hau hainbat aldiz entzunda dugu. Behin, jakin-minez, Bizkaiko Foru Aldundiko liburutegira jo genuen, orduko prentsan zerbait argitaratu zen jakiteko. Istripua izan zen urtea ez genekien, eta hainbat egunkaritan begiratu ostean ez genuen arrastorik aurkitu. Egia esan, halako gai militarrak zentzuratu egiten ziren prentsa frankistan. Geroago, Wikipedian topatu genuen istripuaren informazioa eta hura abiapuntutzat hartuta, hainbeste datu eta argazki. Jende gehiago, abioiaz interesatuta Egun batean, Irati liburutegiko langile prestuaren mezua jaso genuen. Frantziako jubilatu batzuk haien herria bonbardatu zuen abioi baten gaineko informazioa batzen zebiltzan, baina datei erreparatuta konturatu ginen “eurena” eta “gurea” ez zela hegazkin bera. Izan ere, garai hartan, bonbardaketa egin ostean, abioi bat baino gehiago Bizkaian edo itsasoan amaitu eben. Jubilatuen bitartez Thierry Martinezen berri izan genuen. Honek informazioa zuen “gure” hegazkinari buruz eta gehiago jakin nahi zuen. Aurtengo ekainean hitzordua eduki dugu berarekin, Erandioko eliza aurrean. Gizon gaztea da Thierry, 37 urtekoa, Historia eta abioi zalea. Toulousen bizi da, eta aspaldian dabil bere herria bonbardatu zuten hegazkinen inguruko datuak biltzen. Geldituak ginen domekan, Nafarroatik zetorren. Kontatutakoaren arabera, egun berean abioi bi jausi ziren Euskal Herrian; bata, Erandion; eta bestea, Orreaga inguruan. Eta Thierry azken hegazkin honetako pilotuen senide amerikarrekin izan zen Nafarroan. Hegazkin biei buruzko dossier handia ekarri zuen. “Gure” abioia jausi edo lurra hartu zuen landetara abiatu ginen. Frantsesak metalak detektatzeko gailua zuen eta han ibili ginen, zuloak egiten eta egiten. Bere ustez, abioiaren arrastoren bat egon behar zen eta ordu batzuk eman ostean, gauza asko berreskuratu genituen: traktoreen burdinazko ale herdoilduak, iltzeak, zeramika zatiak... Baina abioiaren arrastorik ez. Azalpena dauka: hegazkina ez zen puskatu, baizik eta lurra hartu zuela. Ondoren, desmuntatu eta piezak eroan egin zituzten. Zerbait gelditu bada, oso gauza gutxi izango da eta lekua zehatz-mehatz jakin behar da. Orreagan jausitako abioiaren zatiak, berriz, jaso ditu Thierryk eta haiek erakutsi zizkigun. Frantsesak ekarritako dokumentazioari eta aurretik Interneten topatutakoari esker, gure etxeko betiko istorioa Historia bihurtu da. Abioiak “Bachelor´s Bride” zuen izena eta Boeing B-17G hegazkin bonbaketaria zen. Haren argazkiak badaude, jausi aurrekoak eta, harrigarria, ostekoak ere bai. Tripulazioa bederatzi lagunek osatzen zuten eta haien gutunak ditugu, mediku-txostenak... Pilotuak 93 urte ditu gaur egun eta Seattlen bizi da: beste batzuk hil dira. Thierry haien senideekin dago harremanetan. Gure etxean inork ez zuen gogoratzen, baina tripulazioko batek zauri larriak eduki zituen, eta beste bik zauri arinak. Hasieran, Don German Pereiro orduko medikuak eta Perdigo praktikanteak tratatu zituzten Fonsaren etxean (ez dakigu non den). Zaurituak ospitalean izan ziren, eta, ostean, denboraldi bat eman zuten Santiagoren etxean, lehen aipatutako Lagine txaletean. Hegazkinlariek gogoratu dutenez, Santiago hori Nueva York Bilboko kafetegiaren jabea zen. Txaletean, garai hartan jausitako beste hegazkinlari batzuk ere bizi omen ziren. Hilabete bi ostean, Gibraltarretik itzuli ziren Ingalaterrara. Abioi amerikarrak Agarretxu eta Bizkerre arteko solo batean hartu zuen lurra Tripulazioak lasai ederra hartu zuen Frantzian ez zeudela azaldu zitzaienean Egun berean hegazkin bi jausi ziren Euskal Herrian: bata, Erandion; eta bestea, Orreagan Hegazkinak “Bachelor´s Bride” zuen izena; mutilzaharraren emaztegaia Datuak: Istripuaren data. 1944ko ekainaren 25a. (Kontutan hartu behar da 19 egun lehenago Normandiako lehorreratzea izan zela) Gertaera: Ingalaterratik irten ziren, Toulouse ingurua bonbardatzeko asmoz. Matxura baten ondorioz, lau motorretatik bat baino ez zebilen. Gainera, sistema hidraulikoa kaltetua zegoen eta ez zuten sistema elektrikorik. Horrela zetozela lortu zuten Erandion lurra hartzea, goizeko 10:00ak aldera. Abioia: Boeing B-17G-45 zen, 42-97292 zenbakia zuena eta "Bachelor's Bride" izena zuena. Abioaren ezaugarriak: zabalera, 31,54m; luzera, 22,50m; altuera, 5,82m; pisua hutsik: 14.975kg. Tripulazioa: Pilotua: Goodrich Ferrall K. (Zaurituta, aurpegian). Kopilotua: Spencer Stanley T. J. (1976an hil zen). Nabigatzailea: Smith John P. Bonbaketaria: Kurrus Harold R. (2010an hil zen). Goiko torretako artilleroa: Zura William V. (1999an hil zen). Bola torretako artilleroa: Fann William A. (Buru-hezurra apurtu zitzaion eta lau egun eman zituen konorterik gabe. Gaur egun, 89 urte ditu eta Houstonen bizi da). Radio operadorea : Craghead Jesse J. (Sudurra apurtu zitzaion. 1995an hil zen). Eskuineko artilleroa: Braun Edwin G. (1999an hil zen). Atzeko artilleroa: Callaghan John F. (2000 urtean hil zen). Argazki oina 1: Abioiaren argazkia, istripua izan aurretik. Irudi deigarria ikus dezakegu han, “Nose Art”-ekoa. “Bachelor´s Bride” “Mutilzaharraren emaztegaia” bezala itzul dezakegu. Argazki oina 2: Abioia istripua gertatu eta gero. Lurra Erandioko Bizkerre ondoko landetan hartu zuen. Atzeko mendixka Gorna da. Argazkia Iñigo Perez de Errastik atera zuen. Argazki oina 3: Thierry abioaren aztarnak topatzen dabilela. Atzean, Agarretxu baserria. Argazki oina 4: Hegazkinlari amerikarrak Lagine Larrondoko txalet honetan izan ziren

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).