Testua: Igor Urrutikoetxea (LABeko nazioarteko idazkaria)
Barkatu nazala Pinotxo maitagarriak, baina azkenaldian askotan gogoratzen naiz berarekin. Izan ere, ikasle baldarrak atera zaizkio, egunero gezurretan dabiltzanak, baina barregura eman beharrean, negar eragiten digutenak.
Krisi kapitalistaren ondorioz dirurik ez dagoela esaten digute gure gaur egungo Pinotxoek, komunikabide nagusiek, Europar Batasuneko estatuetako agintari gorenek eta haien nagusi diren bankariek. Ez omen dago dirurik osasungintzarako, hezkuntzarako, euskararako, gastu sozialerako eta enparauetarako, baina, hori dioten bitartean, armada eta polizientzat, erregea ehizan Afrika aldera joan dadin, eta gure jendartean, inork aukeratu ez dituen arren, aginte faktikoa duten bankuen nagusientzat diru publikoa barra-barra xahutzen dute.
«Mundu garatuan» inoiz izan den krisi sakonenari buruz gezurretan ari zaizkigu egunero: beharrizan sozial eta kulturaletarako dirurik ez dagoela esaten ziguten, baina bankarako edo Abiadura Handiko Trenerako berehala lortzen dute. Espainiar Estatuak erreskaterik ez zuela behar errepikatzen ziguten, eta orain gutxienez 100.000 milioi emango dizkiete bankuei.
Egungo krisiaren erantzule nagusia Banka Handia dela gauza ezaguna eta onartua da. Halaber, krisi kapitalistaren iturburuan finantza-espekulazioa eta bankaren mundu mailako jokamolde okerrak daudela (ahalik eta etekin gehien zenbait eta arinen lortzea helburu dutenak).
Eta horren aurrean, zer egiten ari dira agintariak? Gu guztion dirua hartu eta bankari oparitu, trukean ezer eskatu gabe. Euren hipoteka ordaindu ezinean dauden hiritarrak etxetik kanporatzen dituzten bankariei ematen ari zaizkie langileon dirua. Hau da, egoera honen erantzule ez bagara ere, zu eta ni, jende xehea, aberatsen menuaren kontua ordaintzen ari gara.
Bitartean, krisi honen erantzuleen aurka ez dago inongo zigorrik, inork ez die erantzukizun penalik eskatzen, ezta jaso dituzten etekin eta soldata izugarriak bueltatzera behartu. Islandian bankarien aurkako neurriak hartu badira, eta hiritarrek hipoteken ondorioz bankarekin zuten zorraren zati bat kitatzera behartzea posible izan bada, zergatik ez dute gauza bera egiten Europako gainontzeko herrialdeetan? Are larriagoa dena, zergatik ezkutatzen dizkigute komunikabide nagusiek han hartutako neurriak? Agian, haien akziodun nagusiak bankuak ere badirelako?
Ai Pinotxo gaixoa! Zein txikia eta kuttuna den zure sudur luzea, beste batzuen aurpegi gogorraren aldean!