Alazne Etxebarria, diseinatzailea: “Irudia dena

Aikor aldizkaria 2012ko uzt. 24a, 13:21
Testua eta argazkiak: Gaizka Eguskiza
Batzuetan moda zerbait eskuraezina dela ematen du: Paris, Milan, New York... Baina gure artean hezur-haragizko diseinatzaileak ere badaude, eta Txorierrin, esate baterako, Alazne Etxebarria dugu haietariko bat. Gazte zamudioztarrak Bilbao Internacional Art&Fashion Lehiaketa irabazi du hezurrezko bildumari esker. t/a: Gaizka Eguskiza Zer dela-eta aurkeztu zinen Bilbao Internacional Art&Fashion lehiaketara? Lehiaketa berria da eta urte birik behin egiten da. Goi-mailako lehiaketa da, oso diseinatzaile onak aurkezten baitira. Aurreko edizioan ere aurkeztu nintzen, apur bat beldur banintzen ere, ikasketetako bigarren mailan baino ez nengoelako, eta josten ere ez nekielako. Diseinu eskolan animatu ninduten. Oso esperientzia polita izan zen eta aurten ere aurkeztea erabaki nuen. Urtebete eman nuen ideia garatzen, eta nire lana bitxigile bati aurkeztu nion berak gauzatzeko. Esperientzia ikaragarria izan da. Oso bilduma berezia aurkeztu zenuen... Bai, animalien hezurrez egindako osagarrien bilduma. “Untitled” du izena eta hura egiteko, Marcel Duchamp artistaren eta Fernando del Paso poetaren arteko elkarrizketa hartu nuen abiapuntutzat. Ez da benetako elkarrizketa, nik asmatutakoa baizik, baina euren artean dagoen kontraesanak egokiak iruditu zitzaizkidan. Hezurren bidez zikinkeria adierazi nahi nuen, eta aldi berean, gozotasuna eta dotoretasuna. Arima adierazi nahi nuen hezurren bidez, eta haietan hitzak idatzi nituen. Epaimahaiak ederto ulertu zidan eta saria eman zidan. Ez nuen uste irabaziko nuenik, lana kontzeptualegia baitzen. Nondik atera dituzu hezurrak? Amak herriko dendetan eskatu ditu. Dendariek galdetzen zioten zergatik behar zituen hainbeste hezur. Gixarajoa! (kar, kar). Zenbait proba egin behar izan nituen, nahi nuena topatu arte. Hasiera batean, arrain hezurrak erabili nituen, baina bigunegiak ziren eta apurtu egiten zitzaizkidan. Eta gero behi, txerri eta oilasko hezurrak erabili ditut. Batez ere ornoak gustatzen zitzaizkidan, baina haiek ukitu etnikoa ematen zioten lanari, eta nik ez nuen horrelakorik nahi. Zer ekarri dizu saria irabazteak? Sariak legitimitatea eman dit, orain benetan esan dezaket diseinatzailea naizela. Askotan diseinatzaileok ez dugu benetan sinesten artistak garela, ez gaituzte profesionaltzat hartzen. Lehen trajeak-eta diseinatzeko eskatzen zidaten, baina ez nuen nire burua gauza ikusten. Orain bai, ordea. Beste alde batetik, hainbat lagun interesgarri ezagutu ditut lehiaketan: beste diseinatzaile batzuk, arkitektoak, lehiaketaren antolatzaileak, kazetariak... Sariari esker, masterra daukat hedabideekin. Eta sariak dirua ere ekarri dit, noski. Hari esker, nire buruan inbertitzeko aukera izango dut: webgunea eta txartelak egingo ditut, lan berriak sortzen ibiliko naiz... Beste lehiaketaren batera aurkeztu zara? Bai. Bilbo mailan zabaldu zen beste batean ikaskide batzuekin batera egin nuen proiektua hautatu zuten. Gizonezko traje zuri bati geure ukitua eman behar izan genion, eta urdinez margotu, sorbaldakoak handitu, prakak moztu eta lorezko estanpatua jarri genion. Bide zaila aukeratu duzu lan egiteko. Posiblea da modatik bizi izatea Euskal Herrian edo Estatuan? Niri kanpora alde egiteko esaten didate beti, baina nik ez dut nahi, hemen hainbat lan baitago egiteko. Ez naiz asmo handiko neska, eta modatik bizitzeko gauza banaiz, ni pozik. Hemen gauza politak egin ahal dira eta gure pentsamoldeak ireki ahal dira. Diseinatzaile gazteak egon badaude, baina gizarteak bizigarri zerbait behar du. Eta zeure denda irekitzeko asmoa edo ametsa duzu? Ez dakit denda bat irekiko dudan, baina beti izan dut etxe-tailerra izateko ametsa. Denda baino gehiago, beste gauza bat izan dut beti buruan, zerbait ezberdina: nire etxean lan egitea, tailerrean, eta etortzen zaizkidan bezeroak bertan hartzea eta neurrira lan egitea. Eta sortzen ditudan bildumak-eta denda arruntetan saldu. Estilismoa ere gustatzen zait. Nire ustez, irudia dena da gaur egun eta zaindu egin behar da. Lehiaketara osagarriak aurkeztu dituzu, baina berez, moda diseinatzen duzu... Diseinua orokorrean interesatzen zait: arropa, osagarriak, aulkiak... Nik erronkak ditut atsegin: bezeroa niregana etortzea, arazo bat azaltzea eta horri konponbidea topatzea. Oso sortzailea naiz eta sormenak mugiarazten nau. Eskolan esaten zidaten ideiak zabaldu baino gehiago oka egiten nituela. Baina zaila izango da gauza berriak asmatzea, ezta? Ia ezinezkoa da. Eta ideiak etengabe etortzen zaizkizu burura. Beti uste duzu gauza berriak asmatzen dituzula, baina lehenago edo geroago konturatzen zara dagoeneko beste norbaitek egin duela. Baina pentsatzen eta sortzen jarraitu behar duzu. Esango dute ez dakit nor imitatu duzula, baina eliteko sortzaile bat nahi gabe kopiatzen baduzu, horrek esan nahi du bide onetik zabiltzala. Estilismoan eta modan zara aditua. Txorierrin eta Euskadin, modernoak gara? Tira, Bilbo bada apur bat modernoa, baina Txorierrin betiko janzkera janzten dugu. Ezohiko gauzak jantzi ditudanean, begiratu egiten didate kalean. Baina gustatzen bazait, zergatik ez dut jantziko? Zenbat eta gauza arraroagoak ikusi, orduan eta normalago irudituko zaie denboraren poderioz. Are gehiago, agian zu ikusi eta gero, eurak ere ausartuko dira gauza bereziak janzten. Nik Prada markaz jantzita ibili nahiko nuke egunero, baina ezin da. Jakin behar da nolako koloreak diren ondoen datozkizunak. Hori da garrantzitsuena. Eta gero ausartak izan behar gara. Krisian gaude, ezta? Ba, kolorez jantz gaitezen. Estiloa izatea zaila da, baina estilo propioa izan behar dugu, besteek pentsatzen dutenari jaramon handirik egin gabe. Bost axola zer onartzen duen gizarteak! Lehen txantxak botatzen zizkidaten, eta orain gutxiago. Eta nolako lekua, halako arropa: Erroman egon nintzenean, eraikinak-eta gehiegizkoak ziren bertan; baita erromatarrak ere, batez ere gizonezkoak: markako arropa, eguzkitako betaurreko handi-handiak, ilea atzerantz orraztuta.... Bat egiten zuten hiriarekin. Frantzian edo Ingalaterran, esate baterako, hemen baino jarrera irekiagoa dute estetikarekin, gehiago zaintzen dute. Diseinatzaile zientifikoa Alaznek Enpresa Zientzia ikasi arren, moda zuen benetako bokazioa. Gurasoek “etorkizuna izan ahal duen zerbait” ikastea gomendatu zioten, eta ikasketak amaitu zituenean, Udane bere lagunak animatu zuen bere zaletasunari ekitera. “Orain konturatzen naiz 18 urte nituenean hasi banintz diseinua ikasten, ez nukeela hain serio hartuko. Diseinua eta moda oso libreak dira, eta zorionez karrerak metodologia eman zidan. Diseinu eskolan zientifikoegia nintzela esaten zidaten, baina onuragarria da niretzat. Ikaskideak ni baino artistikoagoak dira, baina nik beste ikuspuntu batetik ikusten ditut gauzak. Dena dela, denboraren poderioz, aldatu egin naiz eta gaur egun libreagoa naiz”. Gazte zamudioztarrak INEDIn ikasi du, Bilbon. “Moda ikasteko ez dago leku arauturik, eta akademia pribatuetara joan beharra dago. Lau urte eman ditut bertan, eta argi daukat ez naizela eserita geldituko inor nire bila etorri arte. Neure kabuz jarraituko dut gauzak egiten eta ikasten. Horren haritik, hasi naiz Javier Barroeta jostunarekin batera lan egiten. Berak goi-mailako jantzigintza merkea egiten du, “luxuzko pret a porterra”, bere esanetan. Mundu erreala nolakoa den ikasten nabil. Eskolan arte-giroa dago eta hori oso polita da, baina eskolatik kanpo gauzak ezberdinak dira eta agian inork ez luke guk sortzen duguna jantziko. Oso gustura nabil Javierrekin”. Alazne Zamudion bizi da, Aranoltza auzoko baserrian, familiarekin batera, baina txikitan Sopelan bizi zen. “Oporretan eta asteburuetan Txorierrira etortzen nintzen. Diseinatzen hasi nintzenean, baserria oso leku aproposa zela konturatu nintzen, bertan estudio handia neukalako. Beraz, duela bost urte etorri nintzen hona nebarekin bizitzera. Beti izan dut lotura Txorierrirekin: lagunak-eta Derion dauzkat, Sondikako kiroldegira joaten naiz, baita Zamudioko liburutegira eta Derioko tabernetara ere...”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).