Guanaguanare Venezuelako dantza taldea: “Dantza

Aikor aldizkaria 2012ko uzt. 24a, 13:47
Testua: Gaizka Eguskiza
Dantza egiteko ohitura handia dugu Txorierrin. Izan ere, baditugu hainbat dantza talde eta dantzari. Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren haritik, Sondikako Kultur Aretoan kanpoko konpainia bi izan ditugu ikusgai, Gorantzaileak herriko taldearekin batera: Kurdistango Sulaimaniyah eta Venezuelako Guanaguanare. Azken haiekin solasean ibili gara eta euren ibilbidearen berri eman digute. Guanaguanare kaio mota bat da, Larus atricilla edo kaio barregilea, alegia. Gainera, Venzuelako hiria ere bada. Hark Guanaguanare zuen izena lehen, baina gaur egun laburtu egin da eta Guanare bihurtu da. Venezuelako hiriburu espirituala da, bertan Coromotoren santutegi nazionala baitago. Eta hangoak dira Sondikara etorri diren dantzariak. Guanaguanare dantza taldea lehendabiziko aldiz ikusteko aukera izan dugu Euskal Herrian, Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdia dela-eta gurera etorri baitira. “Ardura baino gehiago harrotasuna eman digu Venezuelatik Euskadira hurbildu den lehenengo taldea izateak”, esan digu Marcos Yepes taldeko zuzendari orokorrak. Euskal Herria ez dute orain arte ezagutu; Estatu espainiarrean, ordea, bira egin zuten 2007an. Aurten ere, Penintsulatik ibili dira eta Txorierriz gain, Burgosen, Gijonen edo Coruñan erakutsi dute euren folklorea. “Hegoamerikako eta Europako hainbat herri ezagutzen ditugu. Oro har, oso erantzun ona jaso dugu leku guztietan. Izan ere, gure ustez, dantzak ez du hizkuntzarik, ezta kolorerik ere, hau da, mundu mailakoa da eta edonon badira ulertzeko gauza”. Sondikan venezuelarren errepertorio koloretsuaz gozatzeko aukera izan dugu. Ronald Sanchez da taldeko arte-zuzendaria eta koreografoa, eta Marcos Yepesen iritziz, hark primeran islatu ditu herriko txoko guztien dantzak eta musikak. “Oso interesgarria da, Venezuela oso aberatsa baita folklore aldetik. Gurea, Hegoamerikako beste herrialdeei gertatzen zaien moduan, oso eklektikoa da. Hau da, hainbat lekutako eragina jaso dugu: Afrikako danborrak, Espainiako fandangoa... Gainera, dantzariek bat egiten dute ikusleekin, eta ikuskizun biribila eskaintzen dugu”. Sondikara ekarri dituzten dantzariak nahiko gazteak dira (16-18 urtekoak), baina Guanaguanare dantza taldeak ibilbide oparoa izan du, debuta 1987an egin zuenetik. Azken urteotan hainbat sari lortu dituzte: besteak beste, Urrezko Yacambú saria (Venezuelako garaikur nazionala) eta dantza arloko bikaintasun saria. Hiru aldiz irabazi dute Dantzari Solista Gazteen Jaialdi Nazionala, eta hori beste inork gainditu ez duen marka da. Guanaguanare taldeak eskola ere badu Venezuelan, eta hango dantzariek balet klasikoa, dantza garaikidea eta abertzalea, arpa eta herriko musika-tresna batzuk ikasten dituzte. Emakumeak eta erritmoa Taldea sortu zutenetik, lau haizeetara zabaldu nahi izan dute Venezuelako folklorea Guananaguanarekoek. Euren hitzetan, sekretua “erritmoa eta emakumeen grazia” dira. “Gure herrian munduko emakumerik politenak ditugu, eta venezuelarrok goxoak gara. Ondorioz, gure nortasunari eta musikaren laguntzari esker, emozioak-eta erraz helarazten dizkiegu ikusleei”. Kaioen antzera, Guanaguare taldekoak gurean izan dira eta gero alde egin dute. Agian haizeak berriro ekarriko ditu datorren urtean Euskal Herrira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).