Goitik behera

Aikor aldizkaria 2012ko uzt. 24a, 13:50
Goitibehera Txapelketea ospe handiko ekimena izan da Lezaman. Azkena orain hamar urte inguru egin zan, eta igaz ohiturea barriro piztea erabagi eban Iker Zaratek, Iñigo Olazak, Aitor Elejagak eta Ander Pequeñok osoturiko taldeak. Oso mutil gazteak dira eta, adierazitakoaren arabera, ez daukie modurik beste herri batzuetara joateko. Halan, aisialdia herrian bertan emotea pentsau eben eta goitibeheren ohiturea berreskuratzea. “Egun baten, goitibehera bat ikusi genduan Larrabetzu aldean dagoan baserri baten. Jaubeagaz berba egin eta goitibeherea oparitu euskun. Handik aurrera hainbat lasterketatan hartu dogu parte, eta Lezamako jatsierea antolatzeko aukerea be izan dogu”. Gazteok herriko jai-batzordean dabilz eta gainerako kideek aho batez onartu eben euren proposamena. Txapelketea lauren artean antolatzen dabe eta Ikerrek, Aitorrek eta Anderrek bertan be hartzen dabe parte. Iñigo taldeko managerra da. Goitibeherei jagokenez, mota askotakoak dagozala aitatu deuskue: pneumatikodunak, burdinazkoak... Baina hareek errodamenduzkoak gurago ditue, “betikoak, dibertigarriagoak eta ikusgarriagoak diralako”. Ez, ordea, errazagoak egiten. “Pneumatikodunakaz, adibidez, ez dozu burua apurtu behar. Hiru gurpil eta motor edo auto baten ardatza erabilita nahikoa da. Xaflari jagokozanak baino ez dira egin behar. Gauzea aldatu egiten da errodamenduzkoakaz; burua gehiago apurtu behar dozu”. Goitibehera on bat egiteko, inportanteena gogoa eukitea dala dinoe, eta ha egiteko beharrezkoa dan prozesura moldatu. Hareen kasuan, goitibeherea txukundu baino ez dabe egin behar izan: pintau, lisutu, errodamendu barriak ipini... Beharrotan 300 euro inguru jarri ditue. Aitor mekanikaria da eta prozesuaren zatirik handiena bere kontura egin da. Herrikoia Esan deuskue ez dabela sariakaitik parte hartzen lasterketetan, batez be ibilpideari erreparaten deutsiela. “Lezamakoa eta Gernikakoa oso politak dira. Guk zaletasunagaitik hartzen dogu parte lasterketetan. Ondo pasetea dogu helburu. Gainera, parte-hartzaile gehienok alkar ezagutzen dogu eta adiskide artean gagoz”. Aurten, ez dabe oraindino inongo probatan jardun, alde batetik, eguraldia dala-eta egutegia atzeratu dalako, eta bestetik, hurbil daukiezan herrietako probetara baino ez diralako joaten. “Ez dogu inoiz garaipenik lortu. Hasibarriak gara eta oso maila altua dago”. Probak gehienbat Gipuzkoa eta Bizkai aldean egiten dira eta hareen artean Lezamakoa badoa lekua hartzen. “Federazinoko bat etorri zan igaz, eta ibilpidea egokia eta polita zala esan euskun, ez zala beharrezkoa ezer aldatzea. Lasterketea erraza dala uste dogu, bakotxak bere buruarengan izan behar dau konfiantzea”. Probea Viveron hasiko da eta, azaldutakoaren arabera, ibilpidea hiru minutu inguruan egin daiteke. Parte-hartzaileen kopurua lasterketea egiten dan hilebetearen eta herriaren araberakoa izaten da. Joan dan urtean, esate baterako, 37 lagun ibili ziran Lezaman. Gehienak Bizkaiko zenbait txokotatik etorritakoak izan ziran, eta herriko beste hiru-lau lagunek be jarduen eben han. “Lasterketea aurten Europako Txapelketan sartzeko proposamena egin euskuen Federazinotik igaz. Baina ezetz erantzun genduan, behar handia eta larregi arriskatzea dalako. Momentuz, lasterketak herrikoia izaten jarraitzea gurago dogu”. Izena emoteko epea zabalik Goitibehera jatsierea irailaren 8an egingo da arrastiko 4,30ean. Izena emoteko epea zabalik dago irailaren 2ra arte. Horretarako, mezu bat bialdu behar da helbide elektroniko honetara: goitibeherak@hotmail.com. Mezuan izen-abizenak. Zehaztu beharko dira zeintzuk diran NAN zenbakia, telefono zenbakia, goitibehera mota, eta parte-hartzaileek asegurua daukien ala ez. Lasterketan parte hartzeko, ezinbestekoak dira kaskoa janztea eta asegurua eukitea. Urteko asegururik ez daukienek erea eukiko dabe eguneko asegurua egiteko. Aseguruak 10 euro balio dau, eta antolatzaileek azalduko deutsee parte-hartzaileei zelan atera behar dan. Sariei jagokenez, aurten 60 euroko sari berezia emongo jako herriko gidariari.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).