Oihan Vega, komunikatzailea: “Telebistan lehiake

Aikor aldizkaria 2012ko ira. 20a, 12:57
Telebistan zein irratian ikusi eta entzun dugu, baina Oihan Vega bergararra kazetaria baino askoz gehiago da. Musika ikasi zuen kontserbatorioan, eta gaur egun Beltzeblues taldean aritzen da. Azken bolada honetan hainbat saio egin ditu diskoak jartzen, eta horren haritik Txorierri bisitatu du irailean. Jarduera anitzeko mutila, bai horixe! Irailean Lezaman, Sondikan eta Loiun ibili zara... Ia-ia txorierritar bihurtuko zaitugu, ezta? Tira, ia-ia bai. Aurten inoiz baino disko-festa gehiago izan ditugu eta Euskal Herriko hainbat txokotara joan gara. Disko-festak irratia kalera atzeratzea du helburu, eta, horrela, zer entzun nahi duen hautatzeko aukera zabaltzen diogu jendeari. Horrek bereizten du gure irratia. Harana ezagutzen zenuen, iaz Izarren distira gala aurkeztu zenuelako, ezta? Zelan esperientzia? Bai, eta aurretik Zamudion eta Sondikan ere ibilia nintzen. Izarren distira galan oso gustura egon nintzen. Han agertu ziren gaztetxoek egundoko gogoa eta energia zituzten, eta hori oso pozgarria da. Musikaria eta komunikatzailea zara. Zelan ikusten duzu Txorierriko artista gazteen harrobia? Euskal Herrian gertatzen den bezala, lan egitea da kontua. Harrobia egon badago, baita gogoa, kalitatea eta kulturan aritzeko erakundeak ere: musika eta dantza eskolak, lokalak... Lehia oso handia da eta Euskal Herria, berriz, txikia. Beraz, gailurrera iritsi nahi duenak oso ondo egin behar du bere lana, eta, horrezaz gainera, gogor. Hainbat arlo jorratzen dituzu: esate baterako, musika. Dja izateaz gain, musika ikasi duzu. Zertan zabiltza momentu honetan? Bateria jotzen dut Beltzeblues taldean. Duela gutxi lehiaketa bat irabazi dugu eta hari esker Estatu Batuetara joango gara kontzertua ematera. Horretaz aparte, May bi taldeko kantak osatu nituen 2011n Fran Lasuenekin batera, eta haren diskoa ekoiztu nuen. Zer nahiago duzu: kantak osatu, tresnak jo edo diskoak jarri? Politena kantak egitea da, atalik sortzaileena delako. Hala ere, hortik bizitzea oso zaila da eta beste gauza batzuk ere egin behar dira. Gainera, ezin da beti nahi dituzun abestiak egin, baina batzuetan bai, ordea. Nik, esate baterako, Olentzero & Company musikala egiteko aukera izan nuen orain urte bi. Hori da orain arte egin dudan lanik onena eta politena, euskaraz eta Euskal Herrian egin den lehenengo musikala, alegia. Azken bi urteotan hainbat plazatan ibili gara eta 9.000 lagun baino gehiagok ikusi dute musikala. Komunikatzailea ere bazara, eta irratian zein telebistan aritu zara. Zein da onena? Zergatik? Bakoitzak badu bere xarma. Telebista ikusgarriagoa da, irudiak baitaude. Irratia, aldiz, zuzenagoa eta intimoagoa da. Eta azkenik aktorea. Lehen Kerman mintzalagun bila saioarekin, eta orain bakarrizketak antzezten zabiltza... Bai, Kermanena euskararen erabilera hobetzeko saioa izan zen. Bete-betean asmatu genuen, umorea erabili genuen-eta. Izan ere, umorea erabiliz gero, askoz hobeto barneratzen dira mezuak. Ildo honi jarraituz, El club de la comedia tankerako bakarrizketa landu dugu eta bertan euskararen erabilerari buruzko hausnarketa ironikoa egin dugu. Oso pozik gaude hainbat emanaldi egin ditugulako. Bakarrizketaren hausnarketa hau da: gizartea gero eta euskaldunagoa da, baina badirudi arlo batzuetara euskara ez dela oraindik heldu... Gero eta jende gehiagok daki euskara, baina jendeak ez du gero eta gehiago erabiltzen. Hor dago akatsa. Nire ustez, nahiz eta euskaldunak izan, gure ingurunea erabat gaztelaniazkoa da. Esate baterako, Aikor! bezalako herri aldizkariak edo tokian tokiko telebista kate batzuk izan ezik, Euskal Herrian ez dago ia komunikabide euskaldunik. Hainbat esparru jorratzen duzu, baina argi dago komunikatzea eta zuzenean aritzea gustatzen zaizula... Bai, zuzenekoa berezia da. Niri ikusleekin harremanak lantzea gustatzen zait. Zuk hitz egiten duzu eta ikusleen erantzuna momentuan bertan jasotzen duzu. Orain zerbait antzekoa gerta daiteke telebistan eta irratian gizarte-sareen bidez, baina hori ere ez da gauza bera. Aktorea, aurkezlea, musikaria... Zer da oraindik egin ez duzuna eta egitea gustatuko litzaizukeena? Telebista lehiaketa bat egiteko ilusioa izan dut betidanik. Carlos Soberak aurkeztutako Date el bote edo Mihiluze bezalako saioak, adibidez.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).