Ana Astobieta, futbol entrenatzaile ohia: “Emaku

Aikor aldizkaria 2012ko ira. 20a, 13:21
Sondika kirol elkarteak omenaldia egin zion abuztuan. Ez zen gutxiagorako. Ana Astobieta sondikarrak gogor egin du lan emakumezkoen futbola sustatzeko: lehenik eta behin taldeko sortzaileetakoa izan zen; gero, entrenatzailea; eta gaur egun, Bizkaiko Federazioko kidea. Gainera, Ana futbol entrenatzaile-txartela atera zuen lehenengo emakumea izan zen Bizkaian. Zelan bizi izan zenuen udan Sondikan egin zizuten omenaldia? Oso polita izan zen. Ez nekien ezer, erabat ustekabean harrapatu ninduen. Deitu zidaten ohorezko sakea egiteko Lagunak eta Athleticen arteko partidan, eta, bide batez, omenaldia egin zidaten. Sondikarra zara eta zure herrian aintzat hartu dute zure lana. Poztasuna bikoitza, ezta? Bai horixe. Beti da atsegina jendeak zure lana aintzat hartzea, baina argi eta garbi esan nahi dut ez naizela Sondikan emakumezkoen futbolaren alde lan egin duen bakarra; beste batzuek ere izugarrizko lana egin dutela. Sondika izan zen emakumezkoen futbolaren aitzindarietako bat, ezta? Uste duzu jendeak hori badakiela? Bai, Sondika taldea aitzindarietakoa izan zen, zalantza barik. 1970eko hamarkadan talde batzuk sortu ziren eta haien artean Sondika zegoen. Taldeak arrakasta izan zuen denboran jarraitu egin zuelako. Gainera, herriak bat egiten zuen taldearekin. Horregatik, erreferentetzat hartzen da Sondika taldea emakumezkoen futbolari dagokionez. Are gehiago, nik esango nuke Sondika barik gaur egun ezagutzen dugun emakumezkoen Athletic taldea ere ez zela egongo. Jendearentzat Athletic da gaur egungo erreferentea, baina jakin dezatela hori baino lehen Sondika egon zela. Argi dago Athleticek oso garrantzi handia izan duela emakumezkoen futbola bultzatzeko, baina askok eta askok ez dakite emakumezkoen futbola 1970eko hamarkadan sortu zela eta sorreran Sondika egon zela. Batzuk harritu egiten dira. Zelan hasi zinen futbolean? Nondik datorkizu zaletasuna? Herriko elizari lotutako gizarte taldearen partaidea nintzen. 1970eko Kurtzeko jaiak zirela-eta, dirua batu behar genuen eta bururatu zitzaigun futbol taldea osatzea eta partida bat jokatzea. Zamudioren kontra jokatu, eta 2-0 irabazi genien. Ezohiko taldea ginen: emakumezkoek osatua eta apaizak entrenatua. Handik aurrera segida eman genion zaletasunari eta jokatzen jarraitu genuen, izugarri gustatzen zitzaigulako. 1982an izena eman genuen Bizkaiko Federazioan. Futbolean jokatu eta gero entrenatzaile ere aritu zinen. Azkenean txartela atera zenuen, Bizkaiko lehenengo emakumea, alegia... Futbola betidanik gustatu zaigu etxean. Jokatzen nuen bitartean heziketa lantzea erabaki nuen, eta txartela ateratzeari ekin nion. Askotan galdetu izan didate zergatik atera nuen, eta erantzun bera ematen diet: taldea behar den moduan zuzentzeko, eta, batez ere, emakumezkoen futbola bultzatzeko. Eta horretan ibili nintzen Sondikan 1995era arte. Urte gogorrak, bai jokatzeko bai entrenatzeko. Zer esaten zizuten? Hasiera gogorra zen, batez ere erakunde publikoei dagokienez. Izan ere, ez ziguten jaramon handirik egiten. Bestetik, neska batzuen senideek ez zuten ulertzen futbolerako zaletasuna, eta emakume haiek arazoak izan zituzten futbolean jokatzeko. Niri, berriz, ez zitzaidan horrelakorik gertatu, familiak beti lagundu didalako. Baita lagunek ere, gehienak futbolaren ingurukoak baitziren. Lanari dagokionez, harridura sortu zuen txartela atera nahi izateak, baina ez nuen izan arazorik: lankideek zein beste entrenatzaileek –ikaskideek- esker onez onartu ninduten. Oro har, herrian-eta babesa eskaini ziguten. Zein da nesken futbolaren egoera gaur egun Txorierrin eta Euskal Herrian? Garai ona da emakumezkoen futbolerako oro har, batez ere Athleticek eman dion oihartzunari esker. Hala ere, oraindik gogor egin behar da lan, Bizkaian dauden gainontzeko 50 taldeei merezi duten garrantzia emateko. Eta gabeziak, zeintzuk dira? Gaur egun inoiz baino inplikazio handiagoa du gizarteak: erakunde publikoak, jendeak, federazioak, eskolak... Hala ere, babes eta parte-hartze handiagoa behar du emakumezkoen futbolak. Era berean, entrenatzaileak hezi behar dira, jokoa bera ahalik eta onena izateko. Zelan ikusten duzu etorkizuna? Baikorra naiz. Gaur egun emakumezkoen futbolak babesa badu ere, handiagoa izan behar du. Zaila izango da gizonezkoen futbolaren mailara heltzea, baina duintasuna eman behar diogu emakumezkoen futbolari. Adibidez, entrenatzaileak hezten; askotan nesken taldeko entrenatzaileak gizonezkoak dira. Guztira 6-7 emakumezko entrenatzaile kolegiatu daude Bizkaian, oso gutxi. Hori hobetu behar da etorkizunean. Gaur egun Federazioan egiten duzu lan. Zein da zure lana bertan? Entrenatzaileen batzordean nabil idazkari. Batez ere entrenatzaileak hezten ditugu eta haiek harremanetan jartzen ditugu taldeekin, guztiek entrenatzailea izateko. Gainera, izapideak errazten ditugu, hitzaldiak antolatu... Duela zazpi urte hasi nintzen lanean bertan. “Athletici esker, nekez gaitzesten da orain emakumezkoen futbola” Ana futbolzale eta Athleticzale sutsua da. Betidanik. Bere ustez, oso garrantzitsua izan zen klubak emakumezkoen taldea sortu izana. “Zorionez, erakunde publikoen eta senideen jarrera erabat aldatu da azken urteotan eta gaur egun nekez gaitzesten da emakumezkoen futbola. Eta hori Athletici esker gertatzen da. Izan ere, oso erakunde handia da Bizkaian, erreferentea.” Gaur egun gizonezkoen zein emakumezkoen Athleticen partida guztiak ikustera joaten da. Mutilei dagokienez, Anak uste du “oso uda eroa” izan dutela, eta “normaltasuna berreskuratzea” beharrezkotzat jo du. “Futbolari buruz baino ez genuen hitz egin beharko denboraldia bukatu arte”. Javi Martinezen irteeraren haritik, Anak esan digu “Athleticek maila galduko duela, baina nahi ez duenak ez lukeela klubean egon beharko”. Athleticen neskek askoz lasaiago eman dute uda, eta aurten “talde polita osatu dute”. “ Batetik jokalari gazteak, eta bestetik, eskarmentu handikoak nahastu dituzte: Liga irabazteko aukera handia dute”. Kopan ere gogor ibiliko dira, ea aurten faltan duten titulua etxera ekartzeko gauza diren.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).