Krisia nork?

Aikor aldizkaria 2012ko ira. 25a, 09:15

Testua: Jagoba Zallo, itzultzaile-interpretea

Nork eragin dau? Nor da erruduna? Nork jasango dau? Neugan be izango ete dau eraginik? Galderok danon ahotan dabilz aspaldiko partez, eta danetarikoak entzuten doguz han-hor-hemen, komunikabideetan zein lagunartean. Gauza asko entzun eta esan, baina gauza garbi askorik atara barik, behintzat nire kasuan. Beno, bai, gauza bat bai daukadala garbi… danon artean ordaindu beharko dogula, akaso batzuk beste batzuk baino gehiago, baina danon artean. Eta uste dot horretan bat gatozala orokorrean danok. Zer esan gura dau horrek? Ba, gizartea etsita dagoala, datorrena hartzeko prest, amore emonda. Eta gizartea dinodanean gutariko bakotxa be hor barruan sartuko neuke, nahiz eta autortu ez gehienetan. Krisiaren harira egunokaz irakurri dot Stefanie Claudia Müller kazetari eta ekonomilari alemaniarrak idatzitako artikulu luzetxoa. Artikulua irailaren 6an argitaratu zan Alemaniako zenbait egunkari espezializatutan, ekonomian espezializatuak hain zuzen be. Korresponsala da Madrilen, eta ondotxo ezagutzen dau Espainiaren egoerea zein dan, baita Europan —Alemanian beren beregi— zeintzuk eritxi dagozan bizi dogun krisiaren inguruan. Müller andreak dino Espainiaren gaixotasunaren arrazoia Estatuaren ereduan dagoala, guztiz bideragarri ezina dalako. Nepotismoa eta korrupzinoa nagusi dira. Agintea alderdi politikoen eskuetan dago, eta horreek finantza eta ekonomi agintariakaz bat eginda dagoz, baita aginte judizialagaz eta kontrolerako erakundeakaz be. Müller andrearen ustez, oso susmagarria da espainiarren diru publikoa erabili izana txarto dabizan bankuei laguntzeko, bankuok itxi beharrean. Eta zergaitik ez itxaron Europako dirua jaso arte? Ba ez dabelako gura Europak bankuon kontuak ikustea. Eta zenbat bideratu da txarto dabilzan bankuetarako? Ba 16.000 milioi euro CAMentzat, 23.000 milioi Bankiarentzat, eta abar eta abar. Esaten dau be Europatik jarri daitezan neurri zorrotzak ezin dabela bakarrik izan gizarte zerbitzuen murrizketak egiteko edo zergak igoteko, Europaren atxakiagaz Rajoyk egin dauen moduan. Gastu soziala askoz be txikiagoa da Espainian Alemanian baino, eta horreek murriztea ez da inoiz konponbide izango Müller andrearen ustez. Bat nator esandako guztiakaz. Ez neuke ahaztuta itxi gura irailaren 7ko Ministroen Kontseiluak 1.782.770.890 euroko gastua onartu izana, Defentsako Ministerioaren aurrekontutik kanpoko 2010, 2011 eta 2012. urteetako gastuei (armak erosteko, gero!) aurre egiteko. Barriro dinot, aurrekontutik kanpoko gastuak. Asko luzatu neiteke. Baina ondorio bategaz geratuko naz: Espainia sistema politikoa korruptoa eta ez-eraginkorra da. Eta horixe da aldatu behar dana, herritarren parte hartzea bultzatuta.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).