Hondakin organikoak kudeatzea

Aikor aldizkaria 2012ko ira. 25a, 10:44
Larrabetzuko Udalak kanpaina bat jarri dau abian konpostajea bultzatzeko. Udalak adierazo dauenez, herritarren eskariz antolatu da kanpaina hau, herrian nekazaritzearen eta ingurumenaren aldeko kontzientzia handia dagoelako. “Eskari hori kontuan harturik eta kanpaineak diru-laguntzaren bat jasoteko aukera izango ebala eretxirik, animau egin ginan. Gainera, Mankomunidadeak be egin eban konpostajearen aldeko kanpaina bat 2008an, eta orduan Larrabetzuko 42 familiak edo lagunek egin eben bat kanpaina horregaz. Geurea kanpaina horren jarraipena izan leiteke, gure eretxiz”. Udala konpostajea egiten daben herritarrakaz batzartu da, eta euren eretxia eta esperientzia ezagutzeko erea euki dau modu horretan. “Beste alde batetik, ikusi genduan etxebizitza familiabakarretan bizi ziran lagunen kopurua handitu egin zala, eta pentsau genduan lur zatitxoa daukienak be animau ahal izango zirala konpostajea egitera edo etxean sortzen dituen hondakin organikoak kudeatzera. Konpostagaz euren solotxua edo lorategia aberasteaz gainera, inguruari eta herriari berari be laguntzen deutsee, eta beharbada batzuek ez dakie hori”. Guztira, berrogei konpostontzi banatuko ditu Udalak. Konposta egiteko argibideak azaltzen dituan liburuxka, laguntza teknikoa eta hitzaldi-tailerra be emongo ditue. Horrezaz gainera, gune bat be atonduko dabe Goikolako aparkalekuan, eta inausketa-soberakinak bilduko dira bertan. Herritarrek soberakin horreek hartu ahal izango ditue, eta konpostajearen prozesuan egituratzaile moduan erabili. Aitatu deuskuenez, berrogei konpostontziak banatzea lortzen ez bada, beste ahalegin bat egingo da eta informazino pertsonalizatuagoa bialduko jake herritarrei. Eskaria eskaintza baino handiagoa bada, barriz, aztertuko da zer aukera dagoan eskariari erantzuteko. Kanpainan parte hartzeko, Anguleri kultur etxean emon behar da izena. Mankomunitatearen kanpaineagaz bat egin eben larrabetzuarretariko bat da Miguel Angel Gaztelu. Lorategian dauka konpostontzia, bedarraren berdeagaz eta lorakaz ia ikusten ez dala. “Oso prozesu erreza da, onurak baino ez dituana, garbia, behar handirik eskatzen ez dauena”. Konpostontziak hainbat motatakoak dira, eta egiteko moduak be asko dira. Besteak beste, barazki hondakinak, fruta hondakinak, bedarra eta arrautza-oskolak erabilten ditu Miguel Angelek konposta egiteko. Hareek zerrautsez estaltzen ditu. “Geruzak egin behar dira: bat, hezea, eta hurrengoa, lehorra. Egiten dodan ongarririk gehiena lorategian erabilten dot, eta inoz soloan be bota dot. Hasikeran, hamaika hilebete inguru igaro zan ongarria lehenengoz atera neban arte; orain behar dodanean ateraten dot”. Komunitarioa Konpostontziak ez dau estalgirik beheko aldean, lurragaz zuzeneko kontaktua euki behar dau eta. Ereduen arabera, material batekoak edo beste batekoak izan leitekez (egurra, plastiko birziklatua...), eta batzuek goiko estalgirik be ez daukie. Edozein lekutan ipini leitekez, eta zein lekutan dagozan, modu bateko edo besteko zaintzak beharko ditue. Adibidez, gerizpetan hobeto dagoz, baina eguzkiak joten dauen lekuan ipinten badira, ura bota beharra izango da. “Guk hondakin organikoak botaten doguz, eta gainean, egituratzailea. Eta beharrezkoa bada, konpostontzian bertan dagoanagaz estaltzen dogu apur bat, edo bedar sikua botatzen dogu. Hondakinak deskonposaten diranean, 70 graduko tenperaturaraino heltzen da barruan. Beharrari jagokonez, apur bat adi egon behar da, ea zaintzarik emon behar jakon, eragin behar jakon...”, esan deusku Eduardo Corderok. Eduardoren familiak konpostontzi komunitarioa erabilten dau Larrabetzuko beste hamar familiagaz batera. Ez da kasu bakarra, herrian badagoz horrelako beste bi. Guztira, 21 familiak erabilten ditue konpostontziok. “Gurea geuk egin dogu”, azaldu dau, “auzokide batek konpostajearen gaineko berbaldia emon eban eta batzuek pentsau genduan zer egin hondakin organikoakaz. Gutariko batek baeukan lur zati txiki bat, eta konpostontzi komunitarioa hantxe ipintea erabagi genduan”. Konpostontziaren lanetan zero euro ipini eben, bera egiteko, obretako egurrezko paletak eta zutabeak erabili zituelako eta bakotxak ahal izan eban ekarpena egin ebalako. Konpostontzia 2011. urteko ekainean ipini eben martxan, eta harrezkero 1.900 tona hondakin organiko batu ditue bertan. Kasu honetan, etxean sortzen diran hondakin organiko guztiak botaten ditue eta sistemea antolatu dabe, besteak beste, familia bakotxak zenbat botaten dauen eta noz botaten dauen apuntateko. “Gaur egun, edukiontzira botaten dira hondakinak, eta handik erraustegi batera eroaten dira, han erreteko. Baliabide baliotsu bat galtzea da hori”. Dana dala, konpostajea ez da gauza barria, baserrietan aspalditik egiten dan zerbait baino. “Ingurumenak kezkatzen gaitu; proiektuaren mamina horixe da. Baina, beste alde batetik, kontuak be atera doguz. Mankomunidadeak 67 euro ordaintzen ditu errauskailura eroaten dauen tona bakotxeko. Gure kalkuluen arabera, 21 familiok 3,9 tona ekoizten doguz urtean; geuri esker 261 euro aurrezten ditu Mankomunidadeak urtean. Larrabetzun 162 tona hondakin organiko inguru sortzen dira urtean”. Eskolan be bai Hondakin organikoa zelakoa dan, gehiago edo gitxiago iraungo dau prozesuak. Letxuga bat, esate baterako, hiru egunean desegingo da; eta muskuilu oskolak urtebete baino gehiago beharko dau. Edozelan be, konposta da prozesuaren emaitza; hau da, ongarria. “Atera doguna auzokideen artean banandu dogu, konpostajea zertan datzan ezagutu daien. Batez be landaretan-eta erabili dabe. Konpostajearen bidez lortutako ongarria hobea, naturala eta osoagoa da”. Eskolan be denpora luzea daroe konpostajea egiten. Horretarako, adreiluzko konpostontzia eregi eben, eta sukaldean sortzen ziran soberakinak eroaten zituen bertara. Kanpainearen bidez, kalidade hobeagoko konpostontzia jarri da ikastetxean, eta berbaldia emon jake 10 urtetik 12 urte bitarteko gaztetxoei. “Sukaldeko soberakinak ez ezik plateretan ixten dana be eroango dabe konpostontzira. Ekimenak helburu didaktikoa dau; aprobetxau edo birziklatu leitekena edukiontzira ez eroatea da helburua”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).