META-NET bikaintasun-sare europarra da eta 60 ikerketa-zentro ditu 34 herrialdetan. Erakundeak egin duen ikerketa batean adierazi den bezala, Europako hizkuntza gehienak digitalki desagertzeko arriskuan daude, eta haien artean euskara dago. Ikerketan hizkuntza-teknologian adituak diren 200 lagunek hartu dute parte.
Adituok Europako 30 hizkuntzaren babes teknologikoa aztertu dute lau arlotan: itzulpen automatikoa, ahotsaren bidezko interakzioa, testu-analisia eta hizkuntza-baliabideen eskuragarritasuna. Ikerketaren egileek 30 hizkuntzetatik 21 (hizkuntzen %70) ipini dituzte kategoriarik beherenean, gutxienez arlo batean ez dutelako babesik, edo badute, hura oso txikia delako. Gainera, hizkuntza horietako batzuek, hala nola islandierak, letonierak, lituanierak eta malterak, puntuaziorik baxuena jaso dute lau arloetan.
Babes bikainik duen hizkuntzarik ez dago eta, adituen arabera, ingelesa da babes ona duen hizkuntza bakarra. Haren atzetik babes ertaina duten hizkuntzak daude: alemana, espainiera, frantsesa, italiera eta nederlandera. Beste alde batetik, euskarak, katalanak eta galegoak babes zatikatua dute eta adituek arrisku handiko hizkuntzen multzoan sartu dituzte. Bulgariera, greziera, hungariera eta poloniera ere badaude multzo horren barruan.
“Gure azterketaren emaitzak oso kezkagarriak diraâ€, esan du Hans Uszkoreit katedradunak. Uszkoreit META-NETeko koordinatzailea izateaz gainera, Adimen artifizialerako Alemaniako ikerketa-zentroaren (DFKI) zuzendari zientifikoa da, eta ikerketaren editoreetariko bat ere bada. “Europako hizkuntza gehienek ez dute oinarrizko teknologia-baliabiderik eta haietako batzuk erabat utzita daude. Horren haritik, aipatu behar da gure hizkuntzetariko asko ez daudela prest etorkizunari aurre egitekoâ€. Georg Rehm DFKIko doktorea da, eta ikerketaren beste editorea. Bere esanetan, “Alde handia dago Europako hizkuntza batzuek duten babes teknologikoaren eta beste batzuek dutenaren artean. Hizkuntza handien eta hizkuntza txikien arteko tartea gero eta handiagoa da. Hizkuntza guztiek beharrezkoak eta oinarrizkoak diren teknologiak edukiko dituztela bermatu behar dugu; hala ez bada, hizkuntza txikienak eta baliabide murriztutakoak digitalki desagertuko diraâ€.
Hizkuntzaren oztopoak
Europan ia muga guztiak kendu badira ere, oraindik badago bat gaindiezina dena: hizkuntzaren oztopoak. Eta horrek jakintza- eta informazio-fluxua oztopatzen du. Itzulpen automatikoa bezalako teknologiak ezinbestekoak dira hizkuntzaren oztopoak gainditzeko. Baina META-NETen azterketan jaso den bezala, Europako hizkuntza gehienak ez daude oraindik horretarako prest. Izan ere, I+G proiektu gehienak ingelesean oinarritzen dira, konpromiso politikorik eta finantzazko baliabiderik ez dago, eta ez da ikerketa eta teknologiaren aldeko ikuspegi garbirik garatu. Azterketan agerian utzi duten moduan, beharrezkoa da Europan eskala handiko ahalegina egitea, hizkuntzen arteko transferentzia teknologikoari bidea emateko.
Hizkuntzak Europako informazioaren gizartean META-NETen Liburu Zurien bilduma da eta han Europako 30 hizkuntzaren egoera jaso da. Euskararen egoera Euskara aro digitalean Liburu Zurian azaltzen da. Elhuyarko hizkuntza-teknologien I+G unitateak liburu horretan hartu du parte.