Zamudioko Kamara Korala, 25 urte kantari

Aikor aldizkaria 2012ko urr. 24a, 11:06
Argazkiak: Joseba Apezetxea eta Amagoia Guezuraga
Zamudioko Kamara Koralak 25 urte bete ditu. Hogeta bost urte, musikea han eta hemen zabaltzen; kultura musikala herritarrengana hurbiltzen. Urteurrenari pozik eta egitarau oparoa antolatuta dabela heldu deutsie. Iratxe Gezuraga koralaren zuzendariagaz izan gara solasean, Kamara Koralaren ibilbidearen ganean. Zer dator burura hainbat urteren ostean? Denporea oso arin pasaten dala, jente asko eta hainbat kultura ezagutzeko erea euki dogula, eta maila pertsonalean oso aberasgarria izan dala. Koralak hainbeste urte iraungo ebanik uste zenduen? Hasi ginanean, ez genduan denpora eta iraupen arloko helbururik ipini. Abestuz ondo pasau gura genduan, besterik ez. Baina pentsaten hasita, oso adierazgarria da koralak iraun dauen denporea. Bertotik pasau diranek zerbait baikorra itxi dabe eta jente barriak be haren gogo handia, abesteko grina eta pozagaz barriztau dau koruaren barruko giroa. Eta zein da, zure ustez, euki dauen bilakaerea? Korala umeek osatzen eben hasieran eta hareetako batzuk taldean jarraitzen dabe gaur egun. Harro nago horrezaz. Koralean nigaz musikea ikasten ebiltzan ikasleak hasi ziran, Zamudio, Derio, Lezama eta Larrabetzukoak ziranak. Ondoren, apurka-apurka hasi ziran inguruko gurasoak seme-alabak koralera agintzen, abesteak eta talde baten partaidea izateak dakarrezan onurek animauta. Beste alde batetik, urte honeetan aldaketak emon dira hainbat arlotan: ahots motak, entseguak, ordutegiak, ahots-teknika, kontzertu-kopurua, giroa... Abiapuntua 1986ko Gabonak izan ziran. Urte batzuk ziran Olentzerori abesteko ohiturea galduta egoala, eta herriko umeek halan eskatuta hasi ginan entseguak egiten ohiturea berreskuratzeko. Abenduaren 24an goiz-goizetik urten gendun eta herriko baserrietatik ibili ginan abesten. Hamaiketakoa bidetik egin genduan eta bazkaltzeko orduan ogitarteko bana jan genduan eleizako lokalean. Arratsaldean, herritik abestu genduan eta umeek egindako Olentzeroa erre genduan, haren inguruan dantzatu eta abestu genduan... Hurrengo astean, askaria egin genduan batutako diruagaz. Umeak poz pozik egozan eta batzuk abesteko gogoa erakutsi eben. Koruaren ibilbidea halan hasi zan. Entseguak eleizako lokalean egiten genduzan domeka goizetan... Gaur egun 12 emakume zagoze koralean, baina lehen gizonezkoak be izan dira bertan. Gustura zabilze emakumezkoen taldea izanda, edo gustauko litxakizue korala mistoa izatea? Esan bezala, aldaketak euki doguz ibilpide luze honetan. Aspalditik emakumezkoak gara koralaren kide guztiok eta gure errepertorioa horretara dago bideratuta. Egia esan, urtero gizonen batek adierazoten dau gaugaz kantetako interesa, baina horretarako abeslari gehiago izan beharko ginateke, ahots-orekea behar dogulako. Dana dala, era hori ez daukagu itxita, denporeak esango dau. Kamara koral baten gaineko barriak doguzanean, gehienoi eleiza musikea etorten jaku burura... Guk atal bitan banatzen dogu ikasturtea. Lehenengoak irailetik abendura arte irauten dau eta lantzen dogun errepertorioa kontzertu honeetara dago egokituta: San Martin, Gabonak eta Begoñako Aste Korala. Otsailetik ekainera arte, barriz, musika estilo zabala lantzen dogu: folk, jazz, soinu-bandak, gaur egungo musikea... Estilo bat edo bestea aukeratzeko orduan, beti hartzen dogu kontuan non abestuko dogun eta entzuleak nortzuk izango diran. Maila handiko korala da zuena; atzetik behar zorrotza dago, ezta? Bai. Ahots-teknikea lantzea ezinbestekoa da abesbatza batek kalidadea eukiteko; eta entseguetara etortea. Gure artean musika irakasleak dagoz, musikea ikasi dabenak eta musikaren gaineko ezagutzarik ez dabenak. Abesbatzaren partaidea izateko eskatzen ditugun baldintza bakarrak honeexek dira: abestea gustetea eta entseguetara etortea. Musika arloko ezagutza badau, hobe, baina ez da ezinbestekoa. Gogoz aritzen badira eta entseguetara etorten badira, guztiek ikasten dabe ondo abesten. Zein da Kamara Koralaren filosofia? Taldekide guztiok bat egiten dogula eta alkarregaz bizi garala musikaz gozaten. Eta hori oinarritzat hartuta, etenbako hobekuntzari ekin. Filosofia horri eusteko nahikoa baliabiderik dozue? Gaur egun ez daukagu kexarik, Udaletik jasoten dogun diru-laguntzagaz gure ekintzak bideratzen doguz-eta. Horren haritik gustauko litxakit esatea musikeak pisu handia dauela erakundeek antolatzen dabezan ekintza formaletan eta informaletan; hori barik ez dabe ezer egiten. Horregaitik uste dot kultura musikalean dabilzan alkarteak zaindu behar dirala, eta lehentasunez tratau. Proiektu guztiek dakarrezan buruhausteak alde batera itxita, halako talde baten aritzea terapeutikoa be izango da... Bai. Astero, tarte batez lortzen dogu eguneroko arazoak eta betebeharrak ahaztea. Abesteaz gainera, berba egin eta alkarri laguntzen deutsagu. Aitatzekoa da berton lortu dogun lagunarteko giroa. Eta zuenak ahots solidarioak dira, Dalits proiektuan parte hartzen dozue-eta. Olentzero Egunean batzen dogun dirua Kumbakonam herrira, Indiara, agintzen dogu Dalits kastakoei laguntza apur bat emoteko. Daltis kastakoak ikutuezinak dira. Ekarpenari esker, bufalo emeak erosi leikiez, eta esnea saldu, janaria erosteko. Emonaldiak Euskal Herritik kanpo be egiten dozuez eta, ondorioz, hango eta hemengo abesbatzak ezagutzeko erea euki dozue. Alde handirik topau dozue hareen artean? Abesbatzak leku gorenetan dagoz Europan. Ikastetxe bakotxak, herri bakotxak eta eleiza bakotxak bere abesbatza ofiziala dau, eta han aritzen diranek aukeratze-prozesua gainditu behar dabe. Alemanian eta Txinan, esate baterako, abesbatzetako partaide guztiek musikea ikasten dabe, eta herri bakotxean mota ezbardinetako abesbatzak dagoz. Horrek espezializazioa dakar. Tolosan Abesbatzen Lehiaketea antolatzen da urtero eta agerian geratzen da beste lurraldeetako abesbatzek dabezan garrantzia, lehentasuna eta pribilegioa. Esan daiteke lurralde horreek kultura musikala dabela eta asko estimaten dabela. Zelako esperientziak euki dozuez kanpoan? Uf! Luzea da kontaten... baina aitatu behar da etxera itzultzen zaranean konturatzen zarala beste lurraldeetan koruek eta koruko partaidea izateak zelako garrantzia daben. Eta musikeak zelan hurbiltzen gaituen. Beste alde batetik, aitamena egin gurako neuke Salzburgo eta Alemaniako emonaldietan topo egin genduzan Txinako eta Finlandiako umeen ganean. Zein ondo abesten eben eta zelako diziplina eben! Ederto ekiten isiltasuna eta aditasuna zer ziran! Musikea eta kultura zabaltzen 25 urte emon ostean, itxaron daigun Zamudioko Kamara Koralak gitxienez beste horrenbeste urte irautea. Zelan imajinaten dozue etorkizuna? Guk gure ibilbideari ekingo deutsagu, mota guztietako musikea zabaltzen eta disfrutaten. Eta ea 25 urte barru barriro alkartzen garen honelako baten. Amaitzeko, jentea animau gura dogu guregana hurbiltzera, jakin daien musika interpretetea eta talde baten bizitzea zelango bizipena izan daitekean... Ziur gagoz ederto pasauko dabena! Musikaz betetako urteurrena Zamudioko Kamara Koralak urrian emon deutse hasierea 25. urteurrena ospatzeko ekitaldiei. Halan, kontzertu bana eskini dabe La Encarnación Bilboko eleizan eta Etxarri Aranatzean. Datozan hilabeteetarako be ekimen sorta zabala antolatu dabe. Azaroaren 3tik 10era bitartean, argazki erakusketea egingo dabe Zamudiotorren eta azaroaren 10ean, iluntzeko 8etan, Kamara Koralak grabautako CDa aurkeztuko dabe San Martin eleizan. Kontzertua be emongo dabe aurkezpen-ekitaldian. Horrezaz ganera, Zamudioko neskek konbidatu bi eukiko dabez urteurrenaren haritik: Laudioko Musika Bandea eta Kherau taldea. Lehenengoak azaroaren 17an arituko dira; eta bigarrenak, azaroaren 24an. Kontzertu biak iluntzeko 8etan izango dira San Martin eleizan. Santa Zezilia azaroaren 25ean ospatuko da eta Kamara Koralak mezea abestuko dau goizeko 11etan. Gabon Kanten Jaialdia hitzordu garrantzitsua da Txorierrin eta urtero bezala hartuko dabe parte. Aurten hiru kontzertu eskiniko dabez: abenduaren 14an, iluntzeko 8etan, Zamudion; abenduaren 16an, eguerdiko 12etan, Loiun; eta abenduaren 29an, iluntzeko 8etan, Larrabetzun. Beste alde batetik, Begoñako Aste Koralean arituko dira urtarrilean, eta martxoan udabarriko kontzertuakaz hasiko dira. “Zamudion, abenduko kontzertuagaz emongo dogu bukatutzat urteurrena, eta ziur nago balantzea guztiz baikorra izango dana. Egia esan, pozik gagoz 25 urte honeetan izan doguzan jarraitzaileakaz. Familia, herritarrak eta ingurukoak euki doguz gure ondoan beti, animoak emoten eta gure ekitaldietan parte hartzen”. Musikea protagonista izango da azaroan Zamudion. Ekitaldiak doan eskiniko dira eta herritar eta txorierritar guztientzat egongo dira zabalik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).