Leire Gonzalez, abogadua: “Ezinbestekoa da ideologiak alde batera itxi eta indarrak batzea”

Aikor aldizkaria 2012ko urr. 24a, 11:30
Argazkia: Itsasne Zubiri
Letrakaz zenbakiakaz baino hobeto konpontzen dala dino, eta horregaitik abogadua izatea erabagi ebala. “Eta era gehiago ekarri leikidazala uste nebalako”. Sondikoztar hau orain dala hiru urte hasi zan abogadu-langela baten beharrean, baina ha itxi eta sindikatu baten dabil orain, beharginen eskubideen alde egiten. Zein gurago dozu: abogadu-langelako beharra ala sindikatukoa? Ez neuke jakingo zer esan, batak zein besteak alde onak eta txarrak ditualako. Abogadu-langelako beharra dinamikoagoa zan, hainbat arlo lantzen genduzan eta denpora handiagoa genduan kasuak-eta prestetako. Denpora librea be handiagoa zan... Sindikatuan, barriz, batez be behar arloko gaiez arduratzen naz, nahiz eta behar administratiboren bat be egiten dodan. Behar gehiago dogu, eta denpora gitxiago... Baina pozik nago, esperientzia eta espezializazioa hartzen nabilelako. Abogadu-langelan zenbilzanean, ados ez zengozan kausaren alde egin behar izanak eraginik euki eban zugan? Batzuetan, gehienbat zuzenbide penalean bazabilz, gainontzeko herritarrek ulertzen ez dituen kausen alde egin behar dozu. Azken baten, gure beharra da eta ahalik eta ondoen egiten ahalegindu behar dogu. Eta bai, badagoz gaiak burutik kendu ezin dozuzanak. Orain, behar arloan zabilzanez, zer ekarri deusku azken behar-erreformak? Guztiok dakigunez, beharginen eskubideen kontra egiten dauen erreformea da. Alde batetik, beharginak kalera botatzea merkeagoa da. Bidebakoko iraizpenagaitik 33 egun ordaintzen dabez orain (lehen, 45 egun), eta gehienez 24 hileko ordainketa ezarri dira. Beste alde batetik, behargina berriro hartzen daben kasuetan izan ezik, izapide-aldiko soldatak kendu dira, eta, ondorioz, diru gitxiago jasoten da bidebakoko iraizpena dagoan kasuetan. Era berean, enpresak galerak baditu, horreek aurreikusten baditu, edo diru-sarrerak, gastuak eta salmentak hiru urtean jaisten badira, iraizpen objektiboak egin daitekez. Eta gainera, helegitea aurkeztu dakikeen gai-kopurua murriztu da. Enpresei aukera handiak emon jakez, beharginak kalera bota ahal izateko. Guztiongan eragina dauen neurria da; batez be gazte eta 40 urtetik 50 urtera bitarteko beharginen gainean egiten da berba... Bai, oso larria da hain prestakuntza ona daben gazteek beste herri batzuetara alde egin behar izatea. Halanda guztiz be, nire ustez, larriagoa da besteen kasua: egun batetik bestera kalean dagoz, seme-alabakaz, hipotekagaz, hilero ordaindu behar diran fakturakaz... Hareen adina eta egoera zelan dagoan kontuan hartuta, gatx dabe beharra topatzea. Horren haritik, euren lanpostua mantentzeko, lehen onartuko ez eukiezan gauzak onartzeko prest azaldu dira batzuk. Eta enpresari asko horretaz aprobetxaten dira. Bai, gagozan egoeraz aprobetxaten dira, beharginen egoera pertsonalez... Eta euren alde behar-erreformea dabe. Orain, askoz errazago dabe beharginak kaleratzea, eskubideak urratzea. Beharginok dogun tresnea grebea da. Bideragarria izango litzateke mugabako grebea? Orain dala gitxi grebea euki dogu Euskal Herrian, eta egoerea hobetzen ez dan bitartean, greba gehiago egingo dira. Mugabako grebarik? Ez dakit. Baina egoerea hartzen dabilen itxurea kontuan hartuta, izan leiteke. Azken baten, holango neurriek podere publikoak behartzen dabez erreakzionetera eta beste bide batzuk hartzera. Indarra alkartasunean dago. Sindikatuen arteko alkartasunik ez dagoala emoten dau gehienetan. Nik ez dakit dagoan ala ez. Baina egoera honetatik aterateko, ezinbestekoa da ideologiak alde batera itxi eta indarrak batzea. Beharginen eskubideen alde guztiok egin behar dogu: podere publikoak, beharginak, sindikatuak eta erakundeak. Halan egiten badogu, ziur nago egoerea askoz hobea izango dala. Zerbait onik atera daiteke panorama baltz honetatik? Ez da erraza. Baina atsotitz honegaz gelditu gaitekez: akatsetatik ikasten da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).