Testua: Juan Luis Goikoetxea, euskaltzain urgazlea
“Adiskideak aiseago konta daitezke ardiak bainoâ€.
Goizean goiztar jaikitzen banaiz eta ikusten badut eguzkia zeruan gorantz edo zure irribarrea honantz, eguna alaitu egiten zait, energia positiboz kargatuz. Hain zaila ete da aupa esatea, mesedez eskatzea, garratza gozatzea? Dio atsotitz txinatarrak -gaur egun den-dena zaigu txinatartu-: “Barre egiten ez dakien pertsonak ez duela ireki behar dendaâ€.
Urteak aurrera joan ahala, konturatzen naiz gure bizitzan zer garrantzi handia duen atsegin izateak. Ez naiz ari behinolako “heziketa onaz†bakarrik, “buenos modales†zeritzen haietaz, ezpada norbera baino bestea, hurkoa aintzat eta kidetzat hartzeaz baino.
Bizi gara halako gizartean, zeinetan badirudien gatazkak eta amorru-giroak pozgarri bezain pizgarri direla. Behintzat, hala ematen du komunikabideetako albisteei erreparatuz gero; izan ere, medioon janaria biolentziazko erasoak, irain zikinak eta delitu krudelak baitira.
Adeitasun mota bat -gaur hemen gogoan duguna- loturik dator portaera-arauekin eta formalitateekin, ohituraz gureganaino iritsi direnekin: zaharrari jarlekua lagatzea edo haurdun denari “eutsi jesarlekua†adieraztea! Halako jokabideak, zoritxarrez, maskara hutsa dira zenbaitentzat, ez dira benetakoak.
Non jabe gaitezke era horrelako giza-portaera baliotsuez? Familian, lehenik, eta eskolan ondorik, ezen adinekoekin, kasurako, telebista eta aginte publikoan dabiltzan ospedun giza-abereekin, eskandalua, lotsarik eza eta lapurreta ilustratua ikasten baita errazen.
Orain, krisia, XXI. mendeko Drakula eurojalea asmatu duenean kapitalak, oraintxe berton ere, zulotik batera irten dezagun, beharko ditugu jokabide atsegina, sinpatikoa eta lagunkoia. Ahaztu barik, beti ere, atsegina izatea ez dela sekula erraza. Gainera, batzuentzat pozik, baikor dabilena ez da pertsona prestua gaurko zibilizazio lehiakorrerako; ahula da, makala. Pertsiako esaera zaharrak irakasten digu, ostera, “Berba goxoak eta maitasuna erabiliz, buruko ile bakarraz eraman daitekeela loturik elefanteaâ€.
Zergatik ez landu atsegin bizitzearen ekologia? “Egun on!â€, “Ondo izan!â€, “Mila esker!â€, “Ebaki bi mesedez!â€, “Txartela faborez!â€, “Barka, oker ulertua izan dun!â€.
Idatzia du Arthur Schopenhauerrek: “Amabilitatea almoadatxoa bezalakoa da, barruan ezer ez duen arren, bizitzako talkak leuntzen dituâ€.