Fidel Fernandez, aktorea: “Aktoreok berriro ere

Aikor aldizkaria 2012ko urr. 24a, 12:15
Yllana konpainiak ¡Muu!2 antzezlana aurkeztu zuen urrian, Sondikan. Fidel Fernandez eszenatokira igo ziren toreatzaileetariko bat da. Umorezko estoke-kolpeen artean, tartetxoa atera zuen gurekin hitz egiteko. Iraungitze-datarik ez duen lana da Txorierrira ekarri duzuena. Lana orain dela 20 urte antzeztu genuen lehendabiziko aldiz, eta, konpainiaren urteurrena ospatzeko, berriro taularatzea erabaki dugu. Toreatzaile munduaren gaineko parodia da, nazio-festaren eta Espainiako hainbat topikoren gaineko parodia. Jatorrizko lanari ukitu batzuk eman dizkiogu, ideia batzuk zahar gelditu direlako. Beraz, esan dezakegu lan berria dela, baina konpainiaren hasierako lana berriro hartzen duena. Eztabaida sutsuak pizten dituen gaia aztertzen du. Oso emaitza onak eduki genituen duela 20 urte, eta lanak aukera asko ekarri zizkigun, batez ere atzerrian. Orain ere oso emaitza onak izaten ari gara. Pozik gaude, bai zezenketen aurka daudenen erantzunak, bai alde daudenen erantzunak oso onak direlako. Umorezko antzezlanak dira zuenak, eta bertan ez duzue hitzik erabiltzen... Ez dakit gure lanetan inoiz testurik sartuko dugun, baina hitzik ez erabiltzea konpainiak hartu zuen erabakia da. Gustura gaude hartutako erabakiarekin, eta, nire ustez, horrek lagundu digu hain publiko zabalarengana ailegatzen, hau da, nazioarteko publikoarengana ailegatzen. Izan ere, mundua oso handia da eta gurea lokalismotik haratago doan antzerkia da. Tricicle antzerki taldea erreferentea da Estatuan. Haien ospea lagungarria edo kaltegarria da gainontzeko konpainiontzat? Lagungarria da. Urteak daramatzate mundu honetan eta maisuak dira. Ate asko ireki dituzte. Dena dela, nik uste dut guk 666 lanetik aurrera oso bide ezberdina hartu genuela. Guk umore beltza egiten dugu eta haiena zuriagoa da. Gure zuzendariak dion moduan, haiek pop-a egiten dute; guk, rock and roll-a. Yllana antzerki taldea baino zerbait gehiago da. Ez dakit zein kalifikatzaile erabili: ekoizle-etxea, antzerki faktoria... Besteak beste, nazioarteko artistak eramaten ditugu, umorezko festibala antolatu dugu, Las Rozaseko Antzerki Eskola sortu dugu, Alfil antzokia kudeatzen dugu... Zergatik dibertsifikazio hori? Glub, glub lanarekin biran geundela, konpainiako batzuk Madrilen gelditu ziren familia dela-eta edo Alfil antzokiaren kudeaketa dela-eta. Artista berriak ezagutu zituzten, proiektu berriak agertu ziren... Ikasten jarraitzeko gogoa genuen, antzerkigintza oso esparru zabala delako. Taberna ere ireki duzue. Bai, kontzertuak eta antzerkigintzaren inguruko ekimenak antolatzen ditugu bertan. Gune berria kulturarako... Beharrezkoa da, gauzak oso txarto daudelako. Zelan bizi duzue antzerkiaren egoera, batez ere BEZaren igoeraren ostean? Gehien kezkatzen gaituena Alfil antzokia da, ondorio latzenak han nabaritu daitezkeelako. Guk, oraingoz, emanaldiekin jarraitzen dugu, lan asko dugu atzerrian eta lanen baten egile-eskubideak ere saldu ditugu kanpoan. Horrek guztiak nolabaiteko aukera ematen digu... Baina arazoa antzokia da, sarrera baten truke 15-20 euro ordaindu behar direlako. Azkenean kaleko antzerkia berreratuko dugula uste dut. Berriro ere txapela pasatu beharko dugu. Ikuspuntu iluna ematen du. Beno, gu hala hasi ginen Erretiro parkean, tabernetan... Alde batetik, positiboa izango da jendea mugitu beharko delako, eta publikoak zuzenean ordainduko diguten guneetara egokitutako lan txikiagoak egin beharko direlako. Horrek sormen handiagoa ekarriko du. Irudimena oso erreminta ona da bizirik irauteko, eta estu jartzen bazaituzte, borrokan jarraitu beharko da. 21 urte tutik ere esan barik Yllana konpainiak 21 antzezlan ekoiztu ditu 21 urtean. Haien artean, Rock and clown, Buuu! eta Action man aipa daitezke. “Zaila da bata edo bestea aukeratzea, baina nik 666 lana azpimarratuko nuke. Heriotzaren bildotsari buruz hitz egiten dugu bertan eta hitzik erabiltzen ez dugula kontuan hartuta, asmatu egin genuela uste dut. Berez gailentzen den lana da. Brokers lana ere nabarmentzekoa da... Eta noski, maitasuna diezu hainbat produkzio eta koprodukziori, beste profesional batzuekin lan egitea eta ekoizpen horiek mundu osoan zehar eramatea ikasketa itzela delako”. Konpainiak 2.000 emanaldi baino gehiago eskaini ditu 33 herrialdetan eta nazioarteko jaialdietan ere hartu du parte, Montrealeko Juste Pour Rire jaialdia eta Edinburgo Fringe jaialdia, banaka batzuk aipatzearren. Sari ugari ere jaso dituzte. Beste alde batetik, Leo Bassi bezalako nazioarteko artistekin egiten dute lan, eta telebistarako iragarkiak ere sortu dituzte. 1996. urtetik hona Alfil antzokia kudeatzen dute. Hura komediari zuzendutako gunea da, eta erreferente bihurtu da Madrilen. Era berean, aholkularitza artistikoa eskaintzen dute, eta jaialdiak ekoiztu eta zuzentzen dituzte.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).