Abendañoena (Abadiñone)

Aikor aldizkaria 2012ko urr. 24a, 12:25
Testua eta argazkiak: Sabin Arana
Lehenengo irudian, Sarrikolea eta Olea leinu-etxeak ipini ditugu, Sarrikolea izeneko burdinola eta, ondoan, arragoa. Irudian agertzen ez badira ere, inguruari izena eman zion Sarria leinu-etxea eta gaur egun desagertuta dagoen Zugastiren dorretxea ere badira aipatzekoak. Aipatutako leinu-etxekoek XVIII. mendera arte kudeatu zuten burdinola, bai zuzenean ofizioz, bai hornitzaile bezala. Irudian ageri den moduan, burdinolaz gain errota ere bazegoen. Goialdean, eskuman, Oleatarren etxea dago; eta ezkerrean, Sarrikoleatarrena. Larrabetzukoek, iskanbilak tartean, 1488. urtean erabaki zuten basoa banatzea edo pribatizatzea. Zehaztasunez egindako agirian lehenengo aldiz aipatzen da Sarrikolea deritzogun burdinola; hala ere, Hiriarekin batera egin zen. Inguruari Sarria deritzoten, eta agiri horretan ere aipatzen dira lehenengo aldiz Olea eta Sarrikolea leinuak, Burdinolako ugazabak hain zuzen ere. Garai hartan Larrabetzuko nagusia Zugasti leinukoa zen eta, noski, horrek ere bazuen burdinolaren zati bat. Hala, burdinolatik gertu dorre berria eraiki zuen XV. mendean. Irudiaren beheko aldean ipini dugun etxea 1825. urtean eraiki zen arren, haren ondoan oraindik nabari den plataformatxoa dago eta han etxe zaharra izan zen. Sarrikoleatar leinua adar nagusi bitan banatu zen. Leinu horren adar bati buruz aspaldian hitz egin genuen txoko honetan; beraz, beste adarraz arituko gara orain. Azken honek jatorrizko etxean iraun zuen. Abendañoena edo Abadiñone moduan ezagutzen duguna jatorrizko Sarrikolea leinu-etxea da. Mari Joanes Sarrikolea eta Loroñotar, Pedro Loroño Sarrikolea eta Mari Ibanes Gerraren alaba, Galdakaoko Juan Abendaño eta Zabalatarrekin ezkondu zen 1634. urtean. Galdakaoztarra Santiago Abendaño eta Zabala abadeak gaztea zela eduki zuen semea zen. Bere hilburukoan agertzen den moduan, abadeak zenbait emakumerekin eduki zituen sexu-harremanak. Gainera, oso ospetsua eta boteretsua zen, eta Abedaño leinu ezagunekoa izateaz gainera, elizan zituen karguengatik ere bazen nahiko ezaguna. Horrela bada, etxea Abendañoena izenarekin ezagutzen dugu gaur. Etxea 1825. urtean berreraiki zen, une horretan Juan Manuel Zugazagatar ugazaba zela. Jatorrizko leinu-etxea etxebizitza bakarrekoa bazen ere, etxebizitza bi egin ziren berreraikitze hartan. Eraikuntza dotorea zen eta, hasiera batean, balkoia ere bazuen, lehenengo zein bigarren solairuan, alderik alde. Arku ederra zuen, garai hartan Larrabetzun, beste hainbat herritan bezala, modan jarri zena. Etxearen tamaina kontuan hartzen badugu, leihoak txikiak ziren. Baina pentsatu behar dugu horiek bizi zirenak hotzetik zein berotik babesten zituztela: zenbat eta zulo gutxiago egon, tenperatura orduan eta egokiagoa dela. Zalantza barik, atariak du ezaugarri dotoreenena. Hala, oraindik ere arkuaren inguruan ikusgai dauden margo aztarnek, garaiko estilora hurbiltzeko nahian edo, Larrabetzuko beste zenbait etxetan ere egin ziren irudi geometrikoz jantzi zituzten etxaurreak. Bestetik, etxea maizterren beharrizanetarako pentsatuta zegoenez, aurreko aldean eta ataritik sartuta, kortara eta sukaldera ematen duen korridorea ipini zen. Sukaldetik aurreko logelara sartzen zen, eta atzealdean korta edo ukuilua zegoen. Goiko solairuan logela bi, areto nagusia eta balkoia zeuden etxebizitza bakoitzean. Solairu honen atzealdean lastategia atondu zen; eta ganbaran, uzta-biltokia. Etxe txikiagoek ere antolaketa berdina zuten garai hartan. Mende bi igaro ondoren itxura galdu badu ere, 3. eta 4. irudietan ikus dezakegu nolakoak ziren garai hartako arkitektoen joerak eta ugazaben kapritxoak. Ematen du arkuaren traza eraikina edertzeko elementua zela, nahiz eta arkuak berez etxearen handikia eta sendotasuna agerian uzten zuen. Beste argazkian harginaren sinadura ikus dezakegu, arkua hasten den harri landu berezian ipini zuena. Bere lanaz harro zegoen, beraz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).