Artelan txikiak

Aikor aldizkaria 2012ko aza. 22a, 13:50
Eskulan tailerreko neskak lanean buru-belarri harrapatu ditugu Zamudioko udal geletan, Aresti kalean. Koadroak, kutxa handiak, loreontziak... sortzen zituzten bitartean, hamaika galdera egin dizkiote irakasleari. Denbora-tartetxoa ere atera dute gurekin solasaldi bat izateko. Azaldu digutenez, eskulan tailerra orain 16 urte inguru jarri zen martxan. Eva da irakaslea. Bera eta ikasle batzuk hasiera-hasieratik daude tailerrean. Mari Angeles zamudioztarra ikasle horietako bat da, 85 urtekoa. “Erlaxatu egiten naiz eskulanak egiten. Gainera, ordu asko ematen ditut bakarrik, eta tailerrari esker harremanetan nago beste lagun batzuekin”. Gainerako ikaskideak bat datoz emakumearekin. Hasiera batean, hainbat arrazoirengatik eman zuten izena tailerrean: apaingarriak eurek egiten ikastearren, zerbait egitearen, denbora librea betetzearren... baina, azkenean, ikastaroa terapia bihurtu da gehienentzat. “Bizio”, esan du batek. Izan ere, ondo pasatzen dute elkarrekin, hainbat kontu hizpide harturik, artelan txikiak sortzen. Zalantza barik, halako egitasmo batean parte hartzeak onurak ditu, “eta hain zuzen ere aholku hori ematen diete mediku batzuek beren gaixoei”, azpimarratu du irakasleak. Askotan, tailerrak antolatu eta bertan behera uzten dira. Baina hau erabat arrakastatsua da. “Talde bakarra izatetik hiru talde izatera pasatu gara eta guztira 35 ikasle gaude gaur egun. Bat ez beste guztiak emakumezkoak gara. Urte hauetan, izan dira gizon batzuk ikastaroan, eta urteak eman dituzte berton, jarduera gustukoa izan dutelako”. Artista hauek zartagin bat sukaldeko erloju bihurtzen dute; esne-ontzi bat, aterki-ontzi; beirazko botila bat, loreontzi... “Gauza zaharrak berriro erabili edo birziklatu egiten ditugu. Koadroak ere egiten ditugu, teilak margotu, markoak egin... Era berean, egurra landu barik duten altzariak erosi eta geure erara margotzen ditugu”. Teknika zailik ez dago haientzat, eta zerbait lehenengoan ateratzen ez bada, bigarrenean aterako da. Edo hirugarrenean... “Edo beste gauza batekin hasten da, eta kito”. Ikasle bakoitzak nahi duena lan dezake ikastaroan eta, haien ustez, hori oso erakargarria da. “Guztiek gauza bera egitea erosoagoa da irakaslearentzat”, aipatu du Evak, “baina guk nahiago dugu bakoitzaren beharrizanetara eta gogora egokitu. Hala, benetan beharrezkoak diren lanak egiten ditugu eta ez dugu dirua beharrizan barik gastatzen. Hau da, zuk ispilu bat behar duzu, beharbada, neurri zehatz batzuetakoa; baina nik, aulki txiki bat”. Gainera, gustukoa den gauza egiteak badu motibazio bikoitza. “Dena dela, lan pertsonalizatuak egitea ikasle-kopuruaren araberakoa da: askoz jota 14 ikasle badaude, orduan egin daiteke; baina gehiago badira, lan monografikoak egin beharko dira”. Evak urratsez urrats azaltzen dio ikasle bakoitzari zein prozesu jarraitu behar den. Artelan txikiak dira emaitzak, parerik ez dutenak, senideak eta lagunak harritzen dituztenak. “Izan ere, ale esklusiboak lantzen ditugu, beste inork ez dituenak. Tailerretan egiten duguna ikusi eta haientzat zerbait sortzeko eskatzen digute senideek”. Lanak birritan jarri dituzte ikusgai Zamudiotorren. Bakoitza bere erritmora Eskulan munduan sartzeko, ez da gaitasun berezirik behar. “Hasten zarenean, ez duzu pentsatzen halako lanak egiteko gauza izango zarela, baina gero ikusten duzu ez dela hainbesterako. Egia esateko, bakoitza bere erritmora doa eta lan batean edo bestean denbora gehiago edo gutxiago ematen badugu, horrek ez gaitu kezkatzen. Tailerrera ez gatoz estresatzera”. Aldaketak izan dira 16 urtean, eta ondo moldatu dira haietara. Alde batetik, tramankuluak hartu eta birritan aldatu behar izan dute lekua, “baina eroso egon gara beti”; eta bestetik, euskarriak eta horiek lantzeko erak ere aldatuz joan dira. “Esaterako, tridimentsionalak, euskarri faltsuak... lantzen genituen lehen. Denborak aurrera egin ahala, zahar gelditu dira eta orain papera, estukoa... erabiltzen ditugu”. Tailerrean pozik dauden arren, talde bakoitzean ikasle gutxiago egotea gustatuko litzaieke, “hamar bat inguru”, eta astean ordu gehiago egitea. “Izan ere, bi orduko eskola egiten dugu eta ez da nahikoa. Ordu gehiago nahi ditugu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).