Futbol-genea

Aikor aldizkaria 2012ko aza. 22a, 13:57
t: Gaizka Eguzkitza / a: Athletic Club artxiboa
Senideek gene berdinak dituzte, eta askotan zaletasunak ere transmititzen dizkiote elkarri. Etxeberriatarrak Asukoak dira, eta futbolean betidanik aritu dira. Gorkak gaztetan erretiratu behar izan zuen, baina anaiak, Koldobikak, 11 urtean jokatu zuen Athleticen, 1961etik 1972ra bitartean. Lekukoa Gorkaren bilobak, Markelek, hartu du. Hark Baskonian jokatzen du eta denboraldi-aurrea Bielsaren taldearekin egin du. Gorka (1935) anaia nagusia da, eta, futbolari dagokionez, aitzindaria izan zen, bai familian, bai Txorierrin. “Txikitan, guztiok jokatzen genuen futbolean, baina bera eskualdeko jokalari onenetariko bat zen. Gainera, Txorierriko jokalari batzuk bere eskutik joan ginen Getxo taldera”, esan digu Koldobikak, anaia gazteagoak. Gorka Erandioko Apurtu Arte taldean hasi zen jokatzen. Normalean eskuin hegalean jokatzen zuen, erasoan, eta, anaiaren arabera, “jokalari gogotsua eta azkarra” zen. “Nik ez nuen Koldobikaren kalitatea, eta eskura nituen baliabide guztiak erabili behar nituen ahalik eta ondoen aritzeko (kar, kar)”, dio Gorkak txantxetan. Apurtu Arte taldetik Getxo taldera joan zen, eta handik Athleticera. “Hamasei edo hamazazpi urte nituela hasi nintzen Hirugarren Mailan jokatzen, baina gezurra esan behar zen, adina zela-eta debekatuta zegoelako. Athleticen urte bi eman nituen, baina ezin izan nuen talde zurigorrian partida bat bera ere jokatu. Athleticek ez zuen artean Bilbao Athletic bezalako talde gazterik, eta bigarren urtean utzi ninduten Barakaldora. Han Venancio handiarekin jokatu nuen. Berak Athleticen jokatu zuen geroago, baina nik mina hartu nuen orkatilan. Lesioa oso txarto osatu nuen eta maila galdu nuen. Getxora itzuli nintzen eta 20 urte nituela utzi nion futbolean jokatzeari”. Baina 1950eko hamarkadan futbola utzi behar izatea ez zen gaur egun bezain etsigarria. Izan ere, 17 urte zituela, Bizkaiko Foru Aldundian hasi zen lanean, eta hori “etorkizun handiko beharra” zen. Futbolean erretiratu baino lehen Valladoliden jokatzeko aukera eman zioten, baina Gorkak ez zuen hara joan nahi, eta ezetz esan zion eskaintzari. Futbolean oso ibilbide laburra izan zuen arren, anaia nagusiak nahikoa denbora eduki zuen arrakastaz gozatzeko. “Gazte mailan, Espainiako txapelduna izan nintzen Bizkaiko selekzioarekin. Horrezaz gainera, Estatu espainoleko selekzioak 1953an deitu ninduen Munduko Gazte Txapelketan jokatzera. Lehia Alemanian izan zen eta irabazi egin genuen. Hura Espainiak bere historian irabazi duen lehenengo munduko futbol txapelketa izan zen. Txapelketaren lehenengo gola nik sartu nuen, Jugoslaviaren kontra”. Futbolean jokatzeko interesik ez Koldobikak (1940) Gorkak baino bost urte gutxiago ditu. Hasiera batean ez zuen futbolean jokatu nahi, baina, zorionez, anaia nagusiak animatu zuen. “Berak eraman ninduen Getxo taldera, eta nirekin batera Txorierriko beste jokalari batzuk ere etorri ziren; esate baterako, Koldo Agirre sondikoztarra. Han, Getxon, anaiarekin jokatzeko aukera izan nuen”. Getxo taldean zegoela, Athleticek fitxatu zuen. “Hasiera batean, Baskoniara utzi ninduten, baina hilabete batzuk pasatu eta gero talde zurigorrira itzuli nintzen eta urteak eman nituen bertan”. Athleticen talde zoragarri batean jokatzeko aukera izan zuen. Zale nagusiek buruz dakite ohiko hamaikakoa: Iribar, Sáez, Etxeberria, Aranguren; Igartua, Larrauri; Argoitia, Uriarte, Arieta, Clemente eta Rojo. “Zaila da bakar bat aipatzea, haietako bakoitzak bere ezaugarriak zituelako. Onena Fidel Uriarte izan zen, beharbada, oso errematatzaile ona. Bazirudien Clemente ere jokalari zoragarria izango zela, baina ez genuen hori egiaztatzeko denborarik izan, berehala lesionatu zelako. Arerioei dagokienez, Jorge Alberto Mendonça Madrilgo Atleticoko angolarra edo Yanko Daucik Fernandoren semea aipatuko nituzke. Ez ziren oso aurrelari trebeak, baina oso indartsuak eta altuak ziren, eta zaila zen haiei markaketa egitea”. Koldobika defentsa izan zen. Oso altua ez izan arren (1,75 metro), baloia primeran jotzen omen zuen buruz. “Altu-altu egiten zuen salto”, dio anaiak, eta horrela orekatzen zuen bere altuerarik eza. Bere atzean, Athleticen historian zehar egon diren atezain onenek jokatu zuten: Carmelo Cedrún eta Jose Anjel Iribar. Koldobikak ezin du esan zein izan zen onena. “Ezberdinak izan ziren, baina biak zoragarriak: beste taldeko aurrelariren bat bakarrik joaten zenean Carmeloren aterantz, buruz buru, ia gaindiezina zen gure atezaina. Eskuak erabiltzeaz gainera, hankak ere erabiltzen zituen. Oso ona zen. Txopori dagokionez, zer esanik ere ez dago”. Koldobikak 11 denboraldi eman zituen Athleticen (1961-1972). Guztira, 341 partida jokatu eta hiru gol sartu zituen talde zurigorrian. Gainera, kapitaina zela, Kopa irabazi zuen 1969an Elx taldearen kontra. Athleticek beste Kopako final bi jokatu zituen, Koldobika taldeko jokalaria zela, baina Asukoak ezin izan zuen bietan parte hartu. “1966an, defentsa titularrak ginen hirurok ezin izan genuen jokatu mina hartuta genbiltzalako, eta Zaragozak 2-0 irabazi zigun. Hurrengo urtean, 1967an, finala jokatu nuen, baina Valentzia 1-2 nagusitu zen”. Orain gertatzen den moduan, garai hartako finaletan ere giro ederra egoten zen eta Koldobikaren hitzetan, “jendetza joaten zen partidak ikustera”. Athletic alde batera utzita, 22 urte zituela, Koldobikak aukera izan zuen Espainiako selekzioarekin Munduko Txapelketa jokatzeko. Hura 1962an egin zen Txilen. Athleticeko aldagelan jokalari ederrak bazeuden, baina Estatuko taldekoan itzelezko batzuk aritzen ziren: Luis Suárez (Urrezko baloia irabazi duen espainiar bakarra), Alfredo Di Stefano (batzuen iritziz, inoiz egon den munduko jokalaririk onena), Ferenc Puskás (FIFA erakundeak XX. mendeko goleatzailerik onena izendatu zuen 2004an. Guztira, 513 gol sartu zituen 533 partidatan) edo Paco Gento (Europako kopa gehien irabazi duen futbolaria, sei alegia). “Txapelketara joan baino lehen, Algortan egin genuen kontzentrazioa, eta bertan ia hilabete bi eman genituen. Aipatutako jokalari zoragarri horiek ez ziren gazteak; ni, ordea, bai, eta gazteekin ibiltzen nintzen. Ez nuen harreman handirik eduki haiekin. Nik partida bakarra jokatu nuen Txilen, azkena, Brasilen kontra. Markaketa Vavari egin behar izan nion, oso jokalari ona zenari, baina partida irabazi ziguna Amarildo izan zen. Lehenengo zatian 1-0 irabazi genien, baina bigarrenean buelta eman zioten markagailuari, eta 2-1 irabazi ziguten. Zorte txarra izan genuen geure multzoan Brasil eta Txekoslovakia egon zirelako, txapelketako bi finalistak”. Partidak ezin ikusi Koldobikak 32 urte zituela utzi behar izan zuen Athletic. “Ni nagusia nintzen eta gazte batzuk sendo ibiltzen ziren. Nire ordez Astrain sartu zen. Bera gaztea zen, indartsua, gorputz handikoa... Normala da”. Athleticen jokatu eta gero Barakaldora joan zen eta handik urtebetera utzi zuen futbola. Asukoak ez zuen inoiz entrenatzeko grinarik izan. “Nire garaian, Athleticeko jokalari gehienak entrenatzaile egin ziren karrera bukatu zutenean. Nik, ordea, ez nuen gogorik. Partida bukatzen zenean, kideek horren inguruan hitz egiten zuten, baina nik nahiago nuen beste edozein gauza egin. Hau esaten nion neure buruari: “Astelehenean, entrenatzaileak luze hitz egingo digu partidari buruz; beraz, beste gauza bati buruz pentsatu nahi dut orain”. Ildo horri jarraituz, gaur oso egun gutxitan joaten da San Mamesera, “urduri” jartzen delako. Batzuetan telebistan ere ez ditu ikusten Athleticen partidak. Eta Gorkari berdin gertatzen zaio. Dena dela, anaiak adi daude Athleticen ibilbideari. Guztiok moduan, ilusionatuta bizi zuten aurreko denboraldia, baina, euren ustez, zurigorriek oso esfortzu handia egin behar izan zuten eta oraindik nabaritzen dute nekea. “Leher eginda bukatu ziren, bai fisikoki, bai mentalki. Gainera, gazte-gazteak dira eta udan hainbeste istilu egoteak ere izan du eragina: Bielsaren haserrea, Javi Martinez kanpora joan da, Llorentek ez du jarraituko... Jokalari bikain gutxi ditugu eta Javi eta Fernando funtsezkoak izan dira guretzat”. Futbola oso ezberdina zen Gorka eta Koldobika jokalariak zirenean. “Alde fisikoari dagokionez, Ronnie Allen entrenatzailearen eskutik etorri zen aldaketa handia. Iraultzailea izan zen garai hartan. Hondartzan egiten genuen korrika, hanketako giharrak indartzeko”, dio Koldobikak. “Materiala eta zelaiak askoz hobeak dira gaur egun eta jokalariek maila tekniko handiagoa dute. Ondorioz, askotan motzean jokatzen da. Gure garaian, aldiz, luzean jokatzen genuen, eta beti aurrera. Orain paseka ibiltzen dira hutsunea topatu arte, atzera ere ematen dituzte paseak; guk baloia atzeratzen genuenean, txistuka hasten ziren zaleak”, gaineratu du Gorkak. Edozein kasutan, anaiek uste dute futbola gauza sinplea dela, eta argi dago eurek genetikan daroatela. Hurrengoa, Markel? Etxeberriatarrak futbolari lotuta daude. Gorkak eta Koldobikak futbolean jokatu zuten, baita euren semeek ere, eta bilobak ere badabiltza baloiaren atzean. Haietako bat, Markel, etorkizun handiko gaztea da eta Baskonian jokatzen du, Athleticen hirugarren taldean. Gainera, denboraldi-aurrea Bielsaren agindupean egin du aurten. “Argentinarrak lehenengo taldearekin entrenatzea nahi zuen, baina oraindik oso gaztea da eta batxilergoa amaitu behar du”, dio Gorkak, aititak. Familiak uste du Markelek lehenengo taldean jokatzeko aukera duela, baina oraindik oso goiz dela. “Edozer gerta daiteke. Elitera ailegatzea zaila da, loteria bezalakoa”. Profesionala izateko jarrera, behintzat, badu. “Txikitatik ikusi dut baloia besopean zeramala. Zaletasun itzela izan du beti. Txikitan, erasoan jokatzen zuen, baina gaur egun eskuin hegaleko defentsa da. Oso portaera profesionala du: oso lasaia da zelaian, eta ez du iskanbilarik sortzen ez kideekin, ez entrenatzaileekin, ezta aurkariekin ere”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).