Txorierritarraren arraunkada

Aikor aldizkaria 2012ko aza. 22a, 14:15
Aspaldi da Karlos Martinez sondikoztarrak itsasoari, traineruari eta estropadei eskaintzen diela bere denbora gehiena. Arraunketa sakrifizio eta ardura handiak eskatzen dituen kirola da, eta gazteak ahalik eta onena ematen du arraunkada bakoitzean. Sondikan itsasorik ez dagoen arren, Karlosek harreman berezia du berarekin. Itsasoa betidanik gustatu zaio, eta orain dela hiru urte erabaki zuen hura eta kirola batzea. Horrela, Deustu arraun taldeko arraunlari bihurtu zen. “Gogoko lekuan, aldaparik ez”, dio esaera zaharrak, baina gazteak aitortu digu arraunketa dela berak praktikatu duen kirolik gogorrena. “Ordu asko egin behar dira astean; ordu asko eta egun asko. Beraz, denbora gutxi izaten dugu lagunekin edo bikotearekin egoteko”. Eta batez ere negua da gogorra. “Berdin du euria, elurra, txingorra ala alerta laranja badago, anoraka jantzi eta uretara irten behar da. Udan, noski, politagoa da arraunean aritzea”. Entrenamenduak taldearen gimnasioan zein uretan egiten dituzte. Batzuetan, Santurtzirantz abiatzen dira itsasadarretik; eta beste batzuetan, Arriaga antzokirantz. “Urtean behin, Zarautzera edo Oriora joaten gara. Asteburua entrenatzen ematen dugu han”. Sasoi betean dago hainbeste ariketaren ondorioz, eta, dieta berezirik egiten ez badu ere, elikadura zaintzen duela eta barazki asko jaten dituela esan digu. Deustu arraun taldeak oso denboraldi txarra egin du eta azkena izan da aurtengo ARC ligan. “Hori ez zaio inori gustatzen. Gainera, mailaz jaitsi gara... Jende askok utzi zuen taldea, eta gelditu garenok ez dugu maila nahikorik izan. Ez da fundamenturik izan. Taldeak jende berria eta gogoa behar ditu”. Hasi berria den ikasturteari buruz nahiago du ezer ez esan; ideiak ordenan jarri behar ditu buruan. Karlosek mekanizazioko modulua ikasi zuen eta ikasitako arloan dihardu gaur egun. Horregatik ez du profesionala izateko aukera inoiz aztertu; arraunketa zaletasuntzat eduki nahiago du. Are gehiago, pentsatzen du kirol honetan dagoen profesionaltasun gero eta handiagoak arazoak baino ez dituela ekartzen. “Beste kirol mota batzuetan gertatzen den bezala, tartean dirua dagoenean, kirolariak mertzenario bihurtzen dira azkenean. Era berean, nabariagoak dira kluben arteko ezberdintasunak. Adibidez, Kaiku eta Urdaibai moduko taldeek babesleak dituzte eta, ondorioz, dirua eta aurrera egiteko aukera gehiago; talde apalagoek, ordea, ez dute hainbeste aukerarik. Eta, noski, dirua izatea ona den heinean, kaltegarria ere bada, arazo asko sorrarazten dituelako. Dirua amaitzen denean, jendeak alde egiten du... Bizkaian ez dago harrobirik, nire ustez. Gipuzkoa aldean biziago sentitzen dituzte koloreak”. Dopina edo haren susmoa arraunketa mundura ere heldu da eta joan den urtean kluben arteko iskanbilak bizi izan genituen. “Korta entrenatzaile ona da, baina nik nahiago dut horretan ez sartu. Nik badakit zer egiten dugun geure taldean, eta ez dakit besteetan zer egiten duten. Guk ez dugu ezer hartzen”. Arraunketa kirol gogorra bezain gomendagarria da, sondikoztarraren iritziz. “Alde batetik, jende asko ezagutzen delako; eta, bestetik, arlo fisikoan zein psikologikoan oso onuragarria delako. Mugak gainditzen laguntzen dizu eta, pixkanaka-pixkanaka, bazoaz lehen pentsatu ere egiten zenituen erronkak lortzen”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).