Roberto Moso, Zarama taldearen abeslaria: “80ko

Aikor aldizkaria 2012ko aza. 22a, 14:39
Zarama taldeak euskal rock erradikala, edo haren zati bat, ekarri zigun gogora Zamudioko jaietan. Roberto Moso taldearen abeslariarekin izan ginen solasean iraganaren eta orainaren gainean. Hiru urte pasatu dira Zarama taldea berriro batzea erabaki zenutenetik. Lasaitasunez hartu duzuen itzulera izan da. Izan ere, Zaramaren “motoa” salduta dago jadanik, eta oraingoa bonus track bat izango balitz bezala da. Proposamenak erakargarriak direnean, hainbat motatako ekitaldietan jotzen dugu. Gure adina kontuan hartuta, guretzat sinestezina da rock talde bat bizirik edukitzea. Entseguak gauez egiten ditugu, baina bakoitzak gure ogibidea dugunez, batzuetan ez da erraza ados jartzea. Hala ere, tira, dagoenean bon-bon! Elkarrekin jo barik 15 urte eman ostean, zelan joan zen berrelkartzea? Ez genuen aparteko arazorik izan entseguak egiteko tokia-eta lortzeko, baina “makina” berriro martxan jartzea beste kontu bat izan zen. Batetik, gitarra-jole bakarra dugu, aurreko gitarra-jole bietariko bat gaur egun Sevillan bizi delako; eta bestetik, 15 urte elkarrekin jo barik, urte asko dira. Beraz, “odola, izerdia eta malkoak” bota behar izan genituen. Hori bai, egundoko poza hartu genuen helburua lortu genuenean. Hunkigarria, benetan. Eta zeuen burua eszenatoki batean berriro ikustea? Niri dagokidanez, beldur nintzen. Ez nekien sasoian egongo nintzen eta emanaldia arazo barik amaitzeko gauza izango nintzen. Egia esan, nahiko pozik irten nintzen lehenengo kontzertutik. Azken batean, bizimodua askoz osasuntsuagoa dut orain eta hori nabaritu egiten da. Benetan, orain lehen baino hobeto kantatzen dut. Asko aldatu da musika mundua hainbeste urtean? Gaur egun gure garaian baino aukera gehiago daude: tresnak, entseguak egiteko lokalak, erakundeen laguntzak... Baina, benetako orduan, aurrera jarraitzeko tresnak antzekoak dira lehen eta orain: lana, komunikatzeko ahalmena, kalitatea, zerbait ezberdina eskaintzeko gaitasuna, zortea eta jarraitutasuna. Azken hau ezinbestekoa da, gainera. Euskal rock erradikalaren talderik inportanteenetariko bat izan zineten. Urte korapilatsuak izan ziren 80ko hamarkadakoak. Zelan gogoratzen dituzu? Kaleak bizi-bizirik zeuden eta gazte pilo bat ginen Francoren osteko askatasuna bizitzeko gogo bizia genuenak. Urte gogorrak izan ziren: krisia, industria-birmoldaketa, hilketak... baina oso urte interesgarriak ere izan ziren. Bazirudien ezinezkoa zela Madriletik pasatu gabe ezer egitea, baina ez zela egia erakutsi genuen Euskal Herrian. Garai hartan sortutako talde asko badira oraindik. Urte haiek isla eduki zuten zuon abestietan. Zeintzuk kantuk adierazten dute ondoen? Eskorbutoren Historia triste / Cerebros destruidos, La Polla Recordsen Salve, RIPen Enamorado de la muerte, Vulpessen Me gusta ser una zorra, Cicatrizen Aprieta el gatillo, Hertzainak-en Pakean utzi arte, Barrikadaren No hay tregua, MCDren No hay libertad de expresión eta Zaramaren Bildur naiz. Gaur egungo garaiaren adierazgarriak ere badira? Oraindik gehienak daude. Hitz edo esaldiren bat kendu beharko litzateke, beharbada, baina kanta horiek gero eta biziago azaltzen zaizkigu gaur egun. Adibidez, Zaramaren Dena ongi dabil abestia 15Mko bideo batean erabili dute orain dela gutxi. Euskara hutsezko abestiak egiten hasi ziren lehenengo taldeetariko bat ere izan zineten. Santurtzikoak izateagatik jarri omen zen zalantzan zuen sinesgarritasuna... Santurtzin, beste hainbat lekutan bezala, aspalditik dago galduta bertako euskara, eta jende pilo bat ere badago (eta bazegoen) hura berpizteko ahaleginetan. Bestalde, euskaraz egitearenak nolabaiteko zerikusi zuzena zuen punkarekin. Hori bekatutzat zuten garai hartako euskaltzale gehienek, eta rock zale anglofiloentzat are okerragoa zen... Baina denborak arrazoia eman digu eta rocka euskaraz egitea gauza arrunta da gaur egun. Pentsatu nahi dut guk ere ekarpena egin genuela euskara bazterkeriaren zulotik ateratzen laguntzeko. Zarama zuzen lana kaleratu zenuten 2009an. Proiekturik esku artean? Johny Cashen omenezko bilduma batean sartu den kanta egin dugu orain dela gutxi: Jon & Johny Kash. Musika industria zelan dagoen kontuan hartuta, nahiago dugu abestiak tantaka atera eta sarean eskegi: myspace.com/zaramataldea, facebook.com/#!/zarama.taldea, eta zaramatimes.blogspot.com.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).